Picos del Infierno mendiguneak Pirinioetako ertz ikusgarrienetako bat du. Are gehiago, Panticosatik abiatzen den ibilbideak mendizale orok goi-mendi batean gozatzeko elementu gehienak biltzen ditu:
Basoa, ur-jauziak, sakanak, malda handiak, larreak, lakuak, elurra, arroka, pareta, ertza … eta nola ez, sekulako mendi-giroa.
Ibilbidea Cuello del Infierno leporaino GR11 bidetik doa, beraz, bidean mendizaleak topatzea ez da zaila izango. Gainera, Picos del Infierno mendiak osatzen dituzten hiru tontorrek 3000 metrotik gora dituzte eta Casa de Piedra aterpetik nahiko gertu daude. Gertutasuna eta sarbide ona izateak aitzaki ederrak dira bertara gerturatzeko
Normalean, ur hornidura ez da arazo izaten ibilbide honetan, Ibon Azul Superior lakua hornitzen duten ubideak nahiko goian egoten baitira. Dena den, kontuan izan behar da lepotik Picos del Infierno tontorrera doan bidea ez dela laburra, hortaz, urontzian nahiko ur eraman beharko dugu gailurrera joan etorria egiteko
Gaua igarotzeko aukerak anitzak dira: Refugio de Bachimaña aterpetxean lo egin dezakegu, baita Ibones Azules delakoan prestatutako bibak-lekuan ere. Nahi izan ezkero, kanpadenda ere jartzerik badago lakuen inguruetan.
Gogoz, indartsu eta goiz jaiki ezkero, ibilbidea egun betean egiteko aukera ere izango dugu.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
LEHENENGO ALDAPAK
Casa de Piedra aterpeko eskuinean dagoen eraikinetik hasten gara. Bidexkak I norabidea hartzen du, Caldarés ibaiaren ondotik igotzen da eta GRtako ohiko marka txurigorriz oso ondo seinaleztatuta dago. Gainera, hain argiak ez diren zatietan, mugarriak aurkituko ditugu norabidea mantentzen laguntzeko.
Aldapa handiko zuhaizti batetik azkar igotzen gara, etengabe agertzen zaizkigun irtenguneetatik bihurka goazen bitartean. Ia konturatu gabe zati labur baina bizi hau gainditzen dugu Barranco de Caldarés arroilan sartzeko.
Bidea nabarmen estutzen da eta Ekialdeko harresia osatzen duten plakekin bat egiten duen lekuetan, zorua harritsuago bihurtzen da. Oinetako egokiak eramanez gero, instalatuta dauden kablezko esku-bandak erabiltzea ez da beharrezkoa izango, zorua bustita egon arren. Txingorra eta izotzaren gainetik pasatu beharrean, aldiz, heldulekuak lagungarriak dira oso. Ez dugu ahaztu behar, nahiz eta aipamen ugaritan Refugio de Bachimaña aterpeko bidea bidea publiko guztientzat egokia dela uste izan, goi mendiko ibilbide batean gaudela.
Arroila utzi ondoren, Llano de Bozuelo lauara iristen gara, harkaitzen arteko ustekabeko berdegune bitxi bat. Belardia zeharkatzen dugun bitartean, taupadak baretzen ditugu eta I norabidean mantenduz, berriro basoan sartuko gara.
Hemen, lurra erosoago bihurtzen da, eta nabarmen aurrera egiten uzten digu, bai ibilitako metroetan, bai desnibel-metaketan.
UR-JAUSIRANTZ
Bideak errekaren kotaren bila garamatza berriro, zuhaitzetatik kanpo dagoen harkaitz-lursail baten gaineko zeta mailakatu batetik metro batzuk jaitsiaraziz. Ibaiaren bideari jarraituko diogu harana irekitzen den bitartean eta jaitsiera labur baten ondoren, Cascada do Fraile ikusgarriaz gozatzeko aukera dugu.
Bertara iristeko, elur-jausi ugari jasatzen dituen mendi-mazela baten oinarria mozten duen bidezidorretik jarraituko dugu. Bide hori behar bezala seinaleztatuta dago zutoinekin eta ohartarazpen-seinaleekin. Neguan joatekotan, ordea, bide hau saihesten duen beste igoera bat dago, ibaiaren ezkerraldetik abiatzen dena, Barranco de Lavaza arroilaren gainetik, ekialderantz doana alegia.
Bideak bira egin eta I M norabidea hartzen du ur-jauziaren oinarrira iritsi aurretik, Cuesta del Fraile aldapa ospetsuaren igoera bertan hasiz. Aldapa handiko sigi-sagan gainditu beharreko 100 metroko desnibeladun mendi-hegala dugu aurrean. Ibilbidearen lehen tartea baino ahalegin gehixeago eskatuko digu zati honek.
Irteera ipar-ekialderantz doan goranzko diagonal batetik egiten da, elur-jausien arrisku-eremutik aldentzen garen bitartean. Metro gutxiren buruan, azkenik, GR11 eta Refugio de Bachimaña aterpera doan bidea banatzen dituen bidegurutzearekin egingo dugu topo.
Lakuaren hustubidea zeharkatzen duen pasabidetik igaro eta Heliportua dagoen muino txiki bat igo ondoren, aterpera iritsiko gara.
LAU LAKUAK
GR11 eta aterpeko bideak banatzen dituen bidegurutzetik desbideratu gabe, ipar-ekialderantz jarraituko dugu, IE norabidean jarraitzen dugu. Bachimaña Bajo urtegiaren ezkerretik joan behar dugu Bachimaña Alto urtegia ixten duen errepresatueren pareraino. Bideak bira egiten du eta mendebalderantz jarraitzen dugu, urtegia eta Ibon Azul lakua lotzen dituen errekaren bila, Arnaleseko E ezproiaren oina inguratzen dugun bitartean.
Ibones Azuleserako sarbide nagusia ibaiaren ezkerraldetik doa, nahiz eta eskuinetik igotzen duen beste bide bat dagoen. GR11tik jarraituko dugu, ibaia aluminiozko pasabidetik zeharkatuz edo zuzenean haren ibilgutik.
Esan beharra dago gure igoeran aluminiozko pasabidea igaroezina zela, erabat suntsituta baitzegoen. Elur pilaketak edo urtzearen emariak zerikusia izan lezake horrekin. Bestalde, ibaia zeharkatzen duten arroka-segida batez osatutako pasarte tradizionala erabat urpean zegoen. Azkenean, usadio zaharrei eutsi behar ubidea gurutzatzeko: galtzak belauneraino bilduz eta botak lepoaren inguruan lotuta.
Berriro ere GR11 mendi-bidetik ekingo diogu bideari, eta minutu gutxiren buruan, Ibon Azul Inferior lakura iristen gara. Bidearen ondoan, bibak egiteko prestatutako gune bat aurkituko dugu, haizetik babesteko bereizgarri den harri-horma eta guzti. Ibón Azul Superior lakura doan bideak, behekoa inguratzen du bere eskuinaldetik, eta bi aukera emango dizkigu. Lehenengoan, seinaleztatutako ibilbideari jarraituko dio, eta hura mugatzen duen muinoa igoko du. Bere alternatibak, muinoa lakuaren ertzetik doan bidexkatik inguratzen du, irtengune txiki batetik bestera ibilaraziz.
BI HANDIREN ARTEAN
Bidexka alternatibotik irtetzen gara IM norabidean Ibon Azul Superior lakua begien aurrean dugularik. Bideak ipar ibarretik jarraitzen du, honen eta Punta Zarrako oinarriaren artean igaroz. Lakua utzi eta M norabidean jarraitzen dugu. Hemendik aurrera, harkaitz-zorua elurraren azpian desagertzen da, lepora iritsi arte. Sasoi honetan ohikoa ez den elur-mihian gora egiten dugu, udan egiten den ohiko bidetik at.
Bidea Glaciar del Infierno glaziarraren azpian dagoen malda mozten doa, Punta Zarrarekin osatzen duen ibarbidea saihesten. Ibarbidea saihesteak balizko elur purgaren lerrotik urruntzen gaitu.
Cuello del infierno lepora iristsi ahala, lurraren malda lautuz doa. Lepoan bertan, GR11k bira egiten du I norabidera, Tebarray aldetik Respomusora jaisten den bidetik jarraitzeko. Gure ibilbidea aldiz, lepotik hasita, hegoalderantz doa.
Picos del Infierno mendietara doan bide normalak isurialde-aldaketa eragiten du, gure posiziotik HMra doan goranzko diagonal baten bidez. Behin mendebaldeko isurialdean sartuta, bidezidorra ez da hain agerikoa, eta arreta jarri beharko da okerreko bidea ez hartzeko.
ALTUERAKO HURBILKETA
Lepotik hasi eta haitz txarrezko malda aldapatsu batetik gora egiten dugu H norabidean. Igoera nabaria izan arren, berdintasun kromatikoak eta lasterbideek arretaz ibiltzea eskatzen digute bide egokiena hartzeko.
Zoruak, nahiz eta ezerosoa iruditu, urrats nahiko sendoa eta egonkorra ahalbidetzen digu. Hau dela eta, azkar aurrera egiteko arazo handirik ez dago eta altimetroan pilatutako metroak dira horren lekuko. Ia konturatu gabe, Garmo Blancoren ezproia bitan zatitzen duen sorbaldara iristen gara, azken ertzaren aurretik.
Minutu gutxitan Garmo Blancoko ertzera iristen gara, Picos del Infierno mendiaren ipar-isurialdearen izugarrizko ikuspegia begien aurrean dugularik. Ertzaren lehenengo zatian, bideak ezproiaren punturik garaienak saihesten ditu, metro batzuk beheragoko zeharbide bat hartzen dugun bitartean. Pasabidea burutu ondoren, bideak ezproiaren ertzetik eramaten gaitu inolako zailtasunik gabe.
Ertzaren irteera etzanda dagoen plaka batetik egiten dugu, haren eskuineko aldetik igotzen. Horretarako, oinaren parean dagoen arraila horizontal bat erreferentzia puntutzat hartuko dugu. Haitzak itsaspen ona du botentzat eta helduleku ugari dago eskuentzat (F+). Beraz, progresioa modu natural batean egiten da. Honek, bideari sekulako mendi-giroa ematen dio, datorrenaren hitzaurre ona izanik.
Ertzaren tartea amaituta, Garmo Blanco mendiaren tontorreraino zuzenean eramango gaituen azken muino bat baino ez da geratzen.
GAILURREN BILA
Garmoko tontorretik hegoalderantz jaisten gara harkaitz-lurretik mendebaldeko mendi-mazela aurkitu arte. Mendi-mazela tontorretik metro gutxira dago, eta beheranzko aukerarik onena da. Kontuz egin beharko dugu hori, harri deskonposatua erraz askatzen baita, eta, ondorioz, harriak Picos del Infierno mendira igotzen den ohiko bidera amildu ditzakegu.
Bide normala topatu eta badaezpada, harrien erorketa-arriskua duen eremutik azkar batean urruntzen gara. Hemendik gorako bidea argi ikusten da oraingoan. Goranzko diagonal bat egin behar dugu Marmolerako pasabidea hartu ahal izateko. Bideak, gure kotaren azpitik 600m-tara dagoen Barranco de Pondiellos arroilaren malda alderik alde urratu egiten du, beraz, emandako urrats bakoitzarekin adi ibiltzea komeni, akats asko egiteko alderik ez baitugu izanen.
Bide zorabiagarritik jarraitzen dugu Marmolerako pasabidera iritsi arte. Pasabidea zein den azkar antzematen dugu, haitza motaren aldaketa nabarmenak agerian uzten duelako. Bidearen ertza utzi ondoren Marmoleran barrena sartzen gara irteerako aldatsa bilatu nahian. Arrapala maila pare bat igo ondoren topatuko dugu.
Irteera labada txiki batera doa, eta handik isurialdea aldatuko dugu. Bideak maila batetik bestera jarraitzen du, hain agerian ez dagoen lursail batetik puntu goreneraino. Minutu gutxiren buruan, Picos del Infierno mendiaren mendebaldeko tontorrera iritsiko gara. Bertatik, argi eta garbi ikus dezakegu Picos del infierno mendiaren erdiko tontorra lotzen duen ertzaren edertasuna eta ikusgarritasuna.
PICOS DEL INFIERNO MENDIAREN ERTZA, MENDIZALETASUNAREN PARADISU
Ertzaren tartea erraz pasatzen da, zati gehienetan zoru egonkorra duelako. Orekarik egin behar ez izateko adinako zabalera du, haizerik gabeko egunetan behintzat.
Ia 300 metro dituen ibilbidea egiten dugu, isurialde biak zintzilik dituen bidetik. Ezkerraldean eta 100m beherago, ipar-horman dagoen hondatutako glaziarea; eskuinaldean berriz, Lagos de Pondiellos lakuetan bt-batean bukatzen den 300m-ko amildegia. Infierno Central mendiko tontorrera iristen gara aurpegian irribarrea marraztua dugularik, gutxiagorako ez da eta. Ertzeko ibilerak merezi baitu irribarre hori.
PICOS DEL INFIERNO MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakIbón Azul Inferior lakuan eta lepora iritsi arte badira prestaturiko gune batzuk
ATERPEA
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakHasieran: Refugio de la casa de Piedra aterpea
Ibon de Bachimaña lakuan: Refugio de Bachimaña aterpea
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakGarmo Blanco eta Marmoleraren artean harriak erortzeko arriskua
II graduko pasarteak Garmo Blancoren ertzean
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakBarranco de Caldarés sakanean eskudelak daude.