Inork pentsatu dezake Petit Vignemale mendia bere anai handia den Vignemaleren itzalpean egon daitekeela nonbait, baina ez da horrela.
Egia da bai, teknikaren ikuspuntutik begiratuta askoz errazagoa den mendi bat dela, eta honen bide arruntak ez duela zertan glaziarraren elurrik zapaldu behar. Eskuen beharrik ere ez dugu izango segurtasunez gailurrera iristeko.
Igo beharreko desnibela ere txikiagoa dugu kasu honetan, bien arteko desberdintasuna 300mtakoa baita. Gainera Vignemale edo Pic Long mendia Gaubetik egin nahi izan ezkero, glaziarraren bidea hartzeko asko jaitsi beharko litzateke, metatutako desnibela areagotuz. Bestalde, Ossoue bailaratik igoz gero, arruntena Baysellance aterpean edo inguruetan gaua ematea litzateke, aurreko ondorio berdinarekin.
Sarbideak ere mesede egiten dio Petit Vignemale mendiari, oso gune estrategikoan kokaturik baitago. Hourquette D’Ossoue lepoa Gaube eta Ossoue bailarak elkartzen dituen pasabidea baita, eta gailurrera joaten diren bi bide arruntenak bertan elkartzen dira. Bestalde, Beyssellance aterpetik oso gertu dagoen mendia da, hortaz, bertara gerturatzea ia derrigorrezkoa da gaua aterpean ematen dutenentzat.
Gainera 3000m baino gehiagoko gailurra dugu honakoa, gutxigatik bada ere. Horrek ere mendizale asko erakartzen duen aitzakia dugu, ikus bestela lepoaren beste aldean dagoen Pic de la Sede mendira gerturatzen diren mendizale kopurua. Ia bakardadean egin daitekeen mendia da, hiru mila metrotara iristeko soilik 24m faltan dituelako. Hor datua.
Laburbilduz, 3000mko garaiera gainditzen duen mendi erraz bat aurkituko dugu txango honetan, Pirinioetan egon daitekeen bailararik ederrenetakoan zehar ibiltzeko aukera ematen duena eta gutxi balitz, Vignemale mendiaren ipar isurialdearen 900mko hormak aurrez aurre izanik ahaztezina den gau bat emateko aukera ezin hobea dugu bertan.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
GAUBE HARANETIK OINEZ
Pont D’Espagneko aparkalekua utzi eta eraikuntza nagusia igaro ondoren, HM norabidean barneratzen den errepidetik hasten dugu txangoa.
Hasi eta 150mtara bideak bihurgune bat egin eta Gave du Marcadautik urruntzen gaitu, Gabe de Gaubera gutxika gerturatzeko, Pic de Labasse eta Cot D’Omi mendien artera hain zuzen ere. Eskuin aldera jotzen duen bihurgune baten ondoren, basoan H norabidean barneratzen gaituen GR10 bidera ematen duen bidegurutzea topatzen dugu gure ezkerretara.
Bidea ohiko mendi-bideak baino zabalagoa da eta ondo seinaleztaturik dago. Bertan topatzen ditugun maila desberdinen artean aurrera egiteko arazorik ez dugu aurkitzen, mailak eusteko erabilitako harriak lurrari tinko josita baitaude.
Hasierako sigi-saga laburraren ondoren, bidea erabat zuzentzen da eta hegoalderantz egiten du balizko lerro zuzen bati jarraituz. Metro batzuk ibili ondoren, Lac des Huats lakuaren ingurura iristen gara. Gure kokalekutik ia ezin dugu antzeman, baina argigune baten erdian harrizko plaka handi baten gainetik igaro beharreko gune bakarra izanik, non gauden igortzea ez zaigu batere zaila egiten, nahiz eta basoaren erdian egon. Eremu honetan, bideak eskuin aldeko iskinera egiten du, iturria ezkerretara utziz.
Gutxira, goragune bat osatzen duten bi harkaitzen artean kokatzen den pasabidea topatzen dugu. Pasarte hau, aldapa baten bukaeran dagoen estugune bat besterik ez da, baina jende ugari dagoenean ilarak topatzea ohikoa izaten da. Kontuan hartu behar dugu pasabide horren malda eta estuguneaz gain, lurrak irregulartasun asko dituela eta bada jende asko horrelakoetan trebetasun handirik ez duena. Mendi bide bat izateaz gain, leku turistiko batetara iristeko bide bat dela gogoan izan behar dugu.
Pasabidearen ondoren, bideak berriro ere bere hasierako ezaugarriak berreskuratzen ditu eta minutu gutxiren buruan Lac de Gaube lakura iristen gara.
LAC DE GAUBE ETA BERE INGURUNEA
Lakua eusten duen horma IM norabidean zeharkatzen dugu, GR bidean jarraitzeko asmoarekin. Beste aldean, bideak teleaulkiaren eremutik datorren pistarekin bat egiten du eta berriro ere hegoalderantz egiten dugu lakuaren beste aldera iristeko.
Orain arte bezala, bidea nahiko zabala da eta lakuaren bazterretik paraleloan jarraitzen dugu garaierarik hartu gabe. Inguratzea bukatu aurretik, pare bat hartxingadi dituen eremu bat igarotzen dugu, orain bai, lakuaren hasieran urak hartu dezakeen gunetik aldapan gora urrunduz. Nahiz eta harrien gainetik ibili, lurra nahiko laua da eta aurrera egiteko arazorik ez dago.
Berriro ere mendi-bideak hegoalderantz egiten du eta zuhaitzen artean dagoen zubia medio, errekaren bestaldera gurutzatu eta aurkako aldetik gora egiten jarraitzen dugu.
Esplumouse ur-jauzia gertu izan arte goranzko bideari ekiten diogu modu lasai batean. Ur-jauzia gerturatu ahala, maldak gora egiten du honek duen desnibela gainditu eta goialdeko lautadetara iritsi arte.
LUXUZKO HURBILKETA
Oraingo honetan, lurrezko eta harrizko bideetatik jarraitzen dugu, berriro ere zubi baten bidez erreka gurutzatu arte. Larrean zehar aurrera egiten dugu Darré ur-jauzira gerturatzen garen heinean. Bidea nahiz eta belaze batetik iragan, harrizko harkaitz lauez osatutako plataforma baten gainetik doa, oso egokia eremu honen higadura ekidin eta bide batez ibiltaria lokatzetatik urruntzeko.
Errekaren ibilgu nagusiaren ondotik igarotzen den kanal batetik, ur-jauziak duen garaiera gainditzen dugu. Jarraian, pilatutako harri multzo handi baten ondotik igarotzen gara, goi aldeko belazera iritsi garen seinale. Igaro behar ez dugun zubi bat alde batera utzi eta errekaren ondotiko bidetik jarraitzen dugu, Vignemale eta Petit Vignemale mendien ipar hormetatik bista kendu ezinik.
Gutxika malda areagotu egiten da, zirkua estutzen joaten den heinean eta Oulettes de Gaubera iristeko gainditu behar dugun mazela igotzen hasten gara, M norabidean gora egiten duen sigi-saga labur batetik. Goialdera iritsi bezain laster, metro batzuk galtzen ditugu zirkuan behera datozen erreka guztiak eta euren adarrak batu eta ubide bakar batean isurtzen diren tokira jaisteko.
Errekaren beste aldera gurutzatu eta Oulettes de Gaube aterpera joateko zubia igaro aurretik, eskubirantz, Vignemale mendiaren ipar hormarantz eramaten duen mendi-bide bat dago. Bertatik bibaka egiteko gunea aurkitzen dugu. Gaua emateko belardi handi eta lau bat da, kanpadenda anitz arazorik gabe jartzeko modukoa. Gainera zenbait tokitan harriz egindako babeserako horma txikiak aurkitu ditzakegu. Kanpadendaren ateak Vignemale mendira begira jarriz gero, iluntze eta gau paregabeaz gozatzea ziurtaturik dago baldin eta eguraldia aldekoa dugun. Urez hornitzeko iturria, aterpearen kanpoaldeko ekialdeko horman dago.
IPAR HORMA AURREZ AURRE
Oulettes de Gaube aterpetik HErantz igotzen den bidea hartzen dugu, Pic de Arraillé mendiaren mendebaldeko kontrahorma alde batetik bestera gurutzatu eta ondoren gauza bera eginez Pic de la Sede mendiaren mendebaldeko mazelarekin.
Hasi bezain laster, mendi bidea osatzen zuen lurra desagertu eta harrien artean gora hasten gara. Bidea oso erosoa da, malda handirik gabekoa eta emandako urrats bakoitzak ez du egonkortasunik galtzen, hortaz, eragozpen gutxi goranzkoan. Hegal honetan, egunaren lehengo orduak itzaletan ematen dira, aurreko gaua aterpean edo bibak gunean ematearen abantailarik nagusiena udako egun beroetan. Urtaro hotzetan berriz ez dago gauza bera esaterik.
Mazelaren herena egin dugunean, GR10 – HRP bideak bihurgune itxi bat egin eta iparrerantz jotzen du Lac D’Arraillé lakuen azpialdera iritsi arte. Hurrengo 150mko desnibela aldapa handiko sigi-saga labur baten bidez gainditzen ditugu, E norabidean. Nahiz eta malda areagotu, gogorra denaren susmoa ez da horrenbeste antzematen, bidearen erosotasuna dela eta.
Arrailé leporantz ematen duen bidegurutzera iristen gara eta hau alde batera utzita, bide nagusian jarraitzen dugu, lakuak kokatzen diren eremuan berriro ere M norabidera bueltatuz.
Maldak zein bideak Pic de la Sedeko ertzaren azpitik hedatzen den belardian baretzen dira. Ertzaren kontrahormara gerturatu ahala, belarra desagertu eta harria nagusitzen da berriro ere. Lepotik zenbat eta gertuago, orduan eta malda handiagoa tarte honetan.
Kontrahorma inguratu dugunean lurzorua gordinik aurkitzen dugu, harririk gabeko gogortutako lurra tarteka topatuz, ondorioz, ematen dugun pausu bakoitzaren indarra ondo neurtu behar dugu. Igotzean gehiegizko trakzio indarra eginez gero edo jaitsierari begira, abiadura ondo ez bada kontrolatzen, irristaketa nahiko erraz suertatu daiteke.
AZKENEKO METROAK
Lepoan gaudela, M norabidean gora egiten duen Petit Vignemale mendiaren IE gandorrean sartzen gara gailurrerako azken aldapei begira. Goialdera iristeko ez da bide bakarrik, hortaz, gustuko dugunaren arabera, ipar hormaren ebakitik gertu edota barnealdetik igo gaitezke. Aukeratzen duguna aukeratuta, aldapa gogorrak dira eta nahiko harri aske dago maldan zehar.
Aukeratu dugun bidea agerikoena da, mugarriak jarraituz, hasieran ia zuzen igo eta gutxira gandorraren barnealderantz jotzen duena alegia.
Erdi bidean, bide nagusiak HM norabidea hartzen du eta berriro ere malda areagotu egiten da goialdera iritsi arte.
Mendiaren gailurraurrera iritsi baino lehen, ertzera gerturatzen gaituen bidexka bat hartzen dugu. Bertatik mendiaren oinera arte dagoen ia 800mko eroria erabat antzeman daiteke, Vignemale eta Petit Vignemale mendien ipar hormekin batera.
Gailurraurrea tontorretik oso gertu dagoen gune lau txiki bat da, gandorraren goialdean kokatzen dena. Gailurra bera baino erosoagoa da mortxilak kendu eta bertan hamaiketakoa egiteko. Azkeneko metroak gailurraurrea eta tontorraren artean dagoen pasabide laburretik ematen ditugu, punturik altuena adierazten duen harri multzoa topatu arte.
Petit Vignemale mendiak, Vignemaleko glaziarraren eta ipar hormaren ikuspegi aparta eskaintzen du, Gaube eta Ossoue bailarekin batera. Urrutira Midi d’Ossautik La Muniara arte, Midi de Bigorre, Neouvielle, Taillonetik Marboré mendira arte, Monte Perdido ahaztu gabe, besteren artean. Bertara gerturatzeko aitzakia eder bat.
PETIT VIGNEMALE MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakBibaka egiteko aukera: Oulettes de Gaube y Hourquette D’Ossoue
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakOulettes de Gaube 87 lagunentzako tokiarekin
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakIbilbidean zehar errekak daude eta mapan seinaleztatutako zenbait iturri ere
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude