Izena ematen dion bailararen erregea dugu Midi d’Ossau, inguruko mendien artetik erabat nabarmentzen den sumendi batetik jaiotako harkaitz-puska handia izanik. Mendigunea beste gailur nagusi (Petit Pic) eta bigarren mailako hiru tontorrez osatua dago.
Bitxia bada ere, mendiguneak nolabaiteko simetria du kontrako isurialde nagusietan, bereziki Portalet ingurutik eta muga zeharkatuz, Ayous ingurutik begiratuz gero, gertuko bi eremu aipatzearren. Bertikaltasun handiko hormatzarrak, kolore iluna eta bere kokapena direla eta, urrutitik ezagutzen den mendia izateaz gain, Pirinioan aurkitu daitekeen ederrenetakoa ere dugu.
Ibilbide hau ohiko Midiko Itzuliak eskaintzen dituen ikuspegietatik at, Midi d’Ossau mendiaren alde guztiak miresteko beste zenbait gune agerian jartzeko helburuarekin aurkezten dugu. Horretarako, mendigunetik urrundu egingo gara perspektiban ikusi ahal izateko, eta bide batez, bi gau bailara desberdinetan emateko aitzakia eder bat eman ere.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
PARADISUAREN HEGOALDEAN
Portalet gainaren muga gaindituta, kilometro bat beherago dagoen aparkalekutik abiatzen gara. Pombie aterpera ematen duen bide arrunta hartzen dugu Col I’lou leporantz, errepidearen beste aldetik HMrantz doan pistatik.
Iparrerantz egiten dugu errekaren beste aldera gurutzatzeko. Gorago dagoen etxola atzean utzi dugunean, Midi d’Ossau mendirantz doan bidea utzi eta Peyreget aldera egiten dugu bidegurutzean, M norabidean.
Hego kontrahormaren azpialdera iristen garenean, beste bidegurutze bat aurkitzen dugu, Arazures eta I’lou lepoetara eramaten duten bideak hautagai nagusi izanik. Iparrerantz jo eta lepora eramaten gaituen azken aldapak igotzen ditugu.
Lepoaren beste aldetik beherako bidea hartzen dugu, betiere I norabidean HRP mendi-bidea topatzen dugun arte, Lac de Peyreget inguruan.
IM norabidean jaisten jarraitzen dugu Cabane de Peyreget etxolara iritsi arte. Bertan beste bidegurutze batekin egiten dugu topo. Agertzen diren bi bideetatik GRT18 mendi-bidera iritsiko gara, HRP mendi-bidea jarraituz edo basoko bidea hartuz. Iparrera egiten dugu baso-arteko bidea jarraituz.
Bailarara iritsi bezain laster, GRT18 mendi-bidea berriro hartu eta HM norabideari ekiten diogu, oraingoan gorantz. Ibilbideak HRP bidetik jarraitzen du Pic Castérau mendiaren oina gurutzatzen dugun heinean, norabidea mantenduz. Ur epela duen Lac Castérau lakura iristen gara lehenengo eguna bertan bukatzeko.
LAKUEN ARTETIK
HRP mendi-bidea M norabidean hartzen dugu lakua kokatzen den lautadaren irteera bilatu nahian. Pic de Bielle eta Pic Castérau mendien artetik igarotzen duen bidean gora hasten gara iprrerantz. Igoera amaitu eta Lac Bersau lakuaren ondotik igarotzen gara ia garaierarik galdu gabe, apurka, Lac de Gentau ondoan dagoen Refuge d’Ayous aterperantz doan jaitsiera burutzeko.
Lakura iritsi eta GR10 mendi-bidea hartzen dugu M norabidean, Col d’Ayous lepotik banatzen gaituzten 200mko garaiera gaindituz. Lepora iritsi eta Pic d’Ayous mendiaren mendebaldeko mazela zeharkatzen duen bidean barneratzen gara, iparrera. Bide honek Col d’Aas de Bielle lepoan uzten gaitu.
Lepo hau berriro ere Midi d’Ossau aldera jotzeko erabiltzen dugun pasabidea da, hortaz, lepoaren beste aldeko bidetik behera egiten dugu, ekialderantz. Jaitsiera luze honetan, hasieran belardietatik joaten gara eta behin errekaren beste aldean, baso artean. Bious-Artigues lakura iritsi eta ezkerreko bidea hartzen dugu hau inguratuz, presara iristeko asmoarekin. Kanpadenda beste bazterrean jartzen dugu, Pyrenea Sports aterpetik gertu.
MIDI D’OSSAU MENDIAREN HORMEN ONDOTIK BUELTAN
Ekialderantz, Col Long de Magnabaigt lepora igotzen, azken egunari hasiera ematen diogu. Isurialdez aldatu eta H norabidea hartzen dugu, Pla de Quebe lautadatik metro batzuk gorago dagoen bidetik, errekaren ezker aldean.
Aurrean daukagun zirku txikia, bukaeran malda areagotzen duen aldapa baten bidez gainditzen dugu. Zintzilikatutako bailara bat begien aurrean irekitzen zaigu behin zirkua atzean utzi dugunean. Bailara txiki hau Midi d’Ossau mendiaren HM kontrahormari lotuta dago, Suzon lepoa aurrean dugula, Doigt de Moundelhs eta Col de Magnabaigt alde bietara izanik.
Midiko Itzulian erabiltzen den ohiko bidetik Col de Suzon lepora iritsi eta berehala hasten dugu beherako bidea, HM norabidean Pombie aterperantz zuzen. Midi eta Jean Sante puntak osatzen duten hormen azpitik igarotzen gara mendi-bidea bukatzen den arte. Hain erosoa iruditu zaigun lurra bukatu eta aterpera iristeko harkaitzen artetik egin behar dugu derrigorrez.
Pombie aterpea atzean utzi eta azken begirada ematen dugu Lac de Pombie lakua eta hain erakargarria den Couloir de la Fourche korridorearen norabidean. Mendi-bidea belardien artetik Col de Soum de Pombie lepora emeki igotzen da, honen zabalerak eta erosotasun mailak berriro ere arintasun puntu bat eskainiz. Lepoaren beste aldean Portalet aldean uzten gaituen bidetik jaisten gara, hasieran hartu dugun bide berdinetik itzuliari bukaera emateko.
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz dago bibak gisa markatutako gunerik, baina gaua igarotzen den lekuetan egin daitezke
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakTxabolak eta aterpeak daude ibilbidean zehar
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakIbilbideak hainbat erreka eta iturri ditu mapan seinaleztatuta
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude