“Les gaves de Cauterets” eta bere ingurumariak elkarrekin lotzeko asmoz, Lutour eta Gaube bailaretan zehar egindako zeharkaldiarekin burutzen ditugu bertatik egin beharreko ibilaldiak, Pont d’Espagneko aparkalekuan hasi eta Cauterets herrian bukatuko duen 4 egunetarako proposamen honekin.
Nahi izanez gero, ibilbide hau aurreko zeharkaldiarekin (les gaves de Cauterets (1)) lotu eta bakar batean egiteko aukerarik bada. Aurreko zeharkaldiaren azken eguneko jaitsiera Marcadau bailaratik behera egiten duenez, Refuge du Clot aterpetik gertu lotura burutu daiteke, hori bai, aurreko zeharkaldiari gau bat gehiago erantsi beharko litzaioke, Waloon aterpearen inguruan, esaterako.
Zeharkaldi honetan 3000mko garaira gaindituko dugu, Petit Pic de Vignemale tontorrera igoko baikara eta inguruan hain ospetsuak ez diren beste gailur batzuk ezagutzeaz gain, Pirinioetako bailararik ikusgarrienetako batetan zehar ibiltzeko aukera izango dugu.
Jakin ere badakigu Pirinioetako zenbait lekuetan jende ugari ibiltzen dela, bai leku ederrak izateagatik edota sarbideak iragatea errazten duelako. Gainera oporraldi garaia denean, aurrekoa gehituz gero, pasarte batzuetatik ibiltzea itogarria suertatu daiteke.
Horien artean sailkatu daitekeen gunea dugu honakoa.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
JENDEZ GAINEZKA HASI
Aparkalekuaren ondoko eraikuntza nagusitik HM norabidean hasten dugu ibilaldia, Lac de Gaube lakurantz. Bertara iristeko bi aukera ditugu: lehenengoan, basoko bidean gora (GR10)edo bestela teleaulkiaren ondotik doan bidea hartuz.
Basoan zehar doan bidea erosoa eta zuzen igotzen da lakura, baina jarraikako maila asko dituen bide estua izanik, jendearen artean zamarekin ibiltzeko ez da oso egokia. Bestalde, teleaulkiaren ondotik doana mailarik gabeko bide oso zabala dugu, bertan erritmoari eusteko aukera handiagoak eskaintzen ditu, behintzat teleaulkitik lakura doan bidearekin elkartu arte. Zalantza izpirik ez dago aukeraketa egiterakoan.
Errepidetik mendebalderantz egiten dugu GR10 bidean barrena, Gave de Marcadau iparrerantz zeharkatu arte. Basoan sartzen den GR10 bideari bidegurutzean uko egin eta HMrantz jarraitzen dugu, Gave de Gaube eta Marcadaukoak elkartzen diren eremutik gertu. Eraikina I norabidean inguratu eta HMrantz jarraitzen dugu lakura eramaten duen teleaulkiaren bila.
Teleaulkiaren ondotik, honen eta errekaren artean H norabidean gora abiatzen den pista zabala hartzen dugu. Ia 200mko garaiera igo dugunean, pistak bat batean IIMrantz bira egin eta teleaulkiaren “geltokira” eramaten gaitu. Behin geltokian, hegoalderantz doan mendi-bide zabaletik, km baten buruan Lac de Gaube lakura iristen gara jende artean.
GAUBE BAILARA LILURAGARRIA
Lakua bere ezkerraldetik inguratzen dugu, bide nagusia jarraituz. Inguraketa bukatu eta pasarte harritsu bat igarotzen dugu berriro ere goranzko mendi bidea hartzeko. Bide honetatik gora ez dago horrenbeste jenderik eta aurretik aipatutako itotze sentsazio hori gabe aurrera egiten dugu.
M norabidean jarraituz, gavea gurutzatzen duen zaldain eroso batetik igaro eta bailaran gora jarraitzen dugu, aldapa handirik gabe Esplumouse ur-jauzia aurrean izan arte. Turrustaren garaiera gainditu eta bailararen goi-belardietara iristen gara.
Erreka gurutzatzen duen azkeneko zaldaina zeharkatu eta bide erosoan norabidea mantenduz, Darré ur-jauzira gerturatzen gara. Les Oulettes de Gaubera iristeko soilik azkeneko aldatsa igo behar dugu, eskuinaldetik.
Lautadada honetan aterpeaz gain, gaua emateko kanpadenda jarri edota bibaka egiteko eremua aurkituko dugu, aurrean Pirinioan aurkitu daitekeen ikuspegirik ikusgarrienetakoa dugularik: Vignemale mendiaren Ipar isurialdea.
Bailara hau ezagutu genuen unea burura datorkigu, glaziarren egoera ikusi eta zenbateraino atzera egin duten ikusten dugunean.
3000 METROTATIK GORA
Aterpearen ondotik HE norabidean igarotzen den bidean gora hasten dugu eguna “Hourquette d’Ossue” leporantz. HRP (Haute Route Pyrenees) izenez ezagutzen dugun mendi-bide honek, erosotasunez ibiltzeko moduko jarraikako zenbait begizten bidez, zirkua ixten duen horma ekialdetik gainditzen du.
Lehenengo mazelan E norabidean gora sigi-saga ibili eta Col D’Arraile lepora eramaten duen bidegurutzea topatzen dugu; gure ibilbidea eskuin aldetik jarraitzen du H norabidean.
Lacs D’Arraile lakuak kokatzen diren lautada txikiak ematen duen lasaituaren ondoren, ibilbidearen maldak hazkunde mailakatua aurkezten du, HE norabidea hartu eta lepora gerturatzen den heinean.
Aipatzekoa da, lepora iritsi baino lehen igo behar den azken aldaparen aurretik, orain arte zegoen elur plaka erabat desagertu dela.
Lepora iritsi eta hegoalderantz jotzen dugu, Petit Vignemale mendira doan bidea hartzeko. Galtzeko arriskurik ez dago, bertara igotzen diren hainbat bidexka baitaude, are gehiago, ertzetik gora edo barnealdetik igotzeko aukera daukagu.
Inolako eragozpenik gabe gailurrera iristen gara. Tontorraren ikuspegia apartekoa da, mendikatearen ardatza eta urrunago agertzen diren Midi d’Ossautik Muniara arte. Ardatzetik kanpo, ipar aldera, Midi de Bigorre eta Neouvielleko mendigunea, besteren artean.
BAYSELLANCE INGURUAN
Igo garen leku berdinetik lepora bueltatzen gara bigarren gailurrera joateko: Pic de la Séde.
24 metro falta zaizkio hiru mila metrotara iristeko. Gutxi iruditu arren, nahiko dira bere hegaletan gora dabiltzan mendizaleen kopurua murrizteko, are gehiago, bidea bakardade hutsean egin dugu. Ibilbide dotorea oso, belardien arteko mendi-bideak eta zailtasun gutxiko, baina pasarte interesgarriren bat duen ertza barne. Honek, igoeraren esperientzia atsegin eta entretenigarri bihurtzen dituen konbinazioa da.
Lepotik, garaierarik galdu gabe IE norabidea hartzen dugu, gustukoen iruditu zaigun kanal belartsuaren azpira iritsi arte. Kanaletik gora egin eta ertzean sartzen gara, goialdetik gailurrerainoko bidea eginez. Lutour bailararen ikuspegi ederra daukagu begien aurrean.
Igotako bide berdina jarraitzen dugu lepora bueltatu eta motxilak berriro ere lepoan hartzeko. Beherago kokatzen den Baysellance aterperantz jotzen dugu oraingoan, IE norabidean. Aterpearen inguruan dagoen kanpadenda jartzeko gunea jendez gainezka egoten da sarritan. Iritsi orduko, usteak egi bihurtu eta beherago jaistea erabakitzen dugu norabidea mantenduz. 2400mko garaieran, gutxi gorabehera, HRP mendi-bidea Barrancoue D’Ossue sakanean sartu aurretiko bidegurutzearen ondoan, belardi txiki bat aurkitzen dugu erreka parean. Gaua emateko leku ezin-hobea.
BIGARREN MAILAKO GAILURRAK
Erreka ekialderantz gurutzatuz hasten dugu eguna, Gentianes lepora eramaten duen aldapa gogorrerantz zuzen. Pasarte honetan adi ibili behar dugu gertuago dagoen Estom de Soubiran lepora ez joateko, hortaz, EHE norabidea mantendu behar dugu, tarteka, gure atzetik dagoen Vignemaleko glaziarra begiratu ahal izateko geldialdiren bat eginez.
Gentianes lakua inguratzen dugu gure ezkerretara utziz, gertuago sumatzen dugun lepora eramaten duen azken aldapa igotzen hasteko.
Zama lurrean utzi eta H norabidean abiatzen gara, Brecha de Pouey Mourou arrailera igotzeko asmoz. Bertara iritsi eta aurkako isurialdera jotzen dugu, Pouey Morou mendiaren tontorrean bukatzen den ertzerako bidea hartu ahal izateko. Zailtasun gutxiko ertza da, soilik II. graduko pasarte labur bat aurkitzen dugu gailurrera iritsi aurretik. Gailurrean, orain arte ibilitakoaz gain, ezagutzeke ditugun mendi eta bailarak behar bezala ikusteko beharrezkoa den denbora emateak merezi du.
LAKUEN IBILBIDEA
Bueltako bideari ekin eta berriro ere motxilak janzten ditugu, bidean behera IE norabidean jarraitzeko. Petit lac du Col lakua gure eskuinean utzi eta mugarriak jarraituz, harkaitz blokez osaturiko labirintoa zeharkatzen dugu, Lac Glacé lakura iritsi arte. Lakuaren irteera bokalean bertan aurkitzen dugu. Bertan, pasarte estu eta labur baten ondoren, I norabidean zabaltzen den bailara zabal batetik beheranzko bidean lakuz laku jaisten joango gara.
Lac de Couy lakura iristen gara, aurretik dagoen bidegurutzean IM norabidean bira egin ondoren. Norabidea galdu gabe, Turon de Couy mendian atzean dugunean, kolore urdin anitz eta aldakorrak dituen Oulettes de Estom de Soubiran lakuaren ondotik igarotzen gara. Azkenik, bideari jarraituz, Lac de Labas lakuaren ondotik igarotzen gara, izen berdina duen menditzarraren oina zeharkatuz.
Beherago, Lac D’Estom lakurantz jaisten diren bi bide aurkitzen ditugu. IM norabidean jarraitzen dugu, zirkua ixten duen kontrahorma zeharka gurutzatu eta Col D’Arrailetik datorren bidera eramaten duen mendi-bidetik. Bidegurutzean utzitako zidor maldatsuarekin konparatuta, hautatu dugun jaitsiera askoz erosoagoa da zama gainean eramateko. Lakura iritsi eta bertan ematen dugu gaua, aterpearen inguruan kanpadenda jartzeko egokitutako gunean.
CAUTERETS ALDERA BUELTAN
Azkeneko egun honetan Lutour bailaran zehar ibiliko gara Cuterets herrira bueltatzeko. I norabidean jaisten hasten gara basoa zeharkatuz. Tarte hau burutzeko goiz jaikitzea komeni da, lagun artean eta familian egiten den ibilbidea izanik, jende anitz topatzea ohikoa da eta.
Mont Dét Liou mendiaren ekialdeko hegalaren azpian, Russel aterpe irekira eramaten duen bidegurutzera iristen gara. Gave de Lutourren eskuin aldean kokatzen diren belazetatik I norabidean behera jarraitzen dugu Fruitiérera iritsi arte.
Goiz jaikiz gero eta jende gutxi inguruan badago, zorte pixka batekin ibaiaren beste aldean izartiren bat ikusteko aukera izango dugu.
Fruitiéreko aparkalekura eta ondoan dagoen Hoteleriera iristen gara. Kantinplorak urez bete eta erreka gurutzatu gabe “chemin de Péres” bidea jarraitzen dugu I norabidean. Basoan barneratu baino lehen, atzera begiratu eta Lutour bailara bere inguruko mendiekin batera, azkeneko aldiz ikusten ditugu.
Basoko bidean garaiera nahiko lasaian galtzen joaten gara hasiera batean, Railérera eramaten duen bidegurutzearen inguruko malda handiko sigi-saga ezik. Gure bidean jarraitu eta zuzen Cauterets herriraino jaisten gara zeharkaldia bukatutzat emateko.
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakSeinaleztatutako bibakak: Oulettes de Gaube, Hourquette D’Ossue eta Grottes de Bellevue guneetan
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakOulettes de Gaube, Refuge Bayssellance, Refuge d’Estom, Hotellerie la Fruitière
eta etxola batzuk bidean zehar
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakIbilbideak hainbat erreka, laku eta mapan seinaleztatutako bi iturri ditu
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakII graduko pasartea Pouey Mourou mendiaren ertzean
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude