GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 43. etapa: El Port de la Selva-Cap de Creus
Luzera ertain eta malda gutxi duen etapa honetan mendiko pistak eta bideak dira nagusi. Gaurkoan aspertu ezinik egongo gara, izan ere, bideak hamaika igoera eta jaitsiera izanik, bidegurutzetik bidegurutzera alde batetik bestera ibiliko gara etenik gabe.
Orain arte, etapek isurialde batetik igo eta aurkakotik jaistera eraman gaituzte lepo bat edo bat baino gehiago kateatuz, bailara batetik bestera igarotzeko. Oro har. Eredu horretan, ibilbidean zehar erreferentzia argi bat edo bat baino gehiago aldi berean ikusi daitezke, nabigazioa nolabait erraztuz. Gaurkoak aldiz, patroia erabat hausten du. Erreferentzia puntu gutxi eta aldakorrak ematen dira ibilbidearen pasarte bakoitzean.
Hala ere, bidea ondo seinaleztatuta dago eta jakinik bidearen joera hego-ekialdetik ekialdera doala, eguraldi txarra ez bada behintzat, norabide zuzena jarraitzeko arazo handirik ez luke egon behar.
Badira etapa luzeagoak, gogorragoak eta ikuspegiaren aldetik ederragoak direnak ere, baina zaporerik goxoena duena hau dugu. Honek ematen dio bukaera itsasotik itsasora Pirinioak zeharkatzen dituen ibilaldi epikoari, eta hori ez da gutxi esatea. Izan ere, hona iristeko menditik 800km baino gehiago ibili behar dira eta 40.000 metroko desnibel positiboa gainditu ere.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
KOSTALDETIK ABIATUZ
GR11 ibilbideari bukaera ematen dion etapa honi, El Port de la Selva herriaren hondartzako aparkalekuaren atarian hasiera ematen diogu. Errepidearen albo batetik doan lurrezko bidean aurrera egiten dugu herrirantz, Riera de Romanyac ubidearen gainetik doan zubia igaro eta espaloian sartzen garen arte.
Kostaldeko bideari jarraituz, hondartza eta kaia atzean uzten ditugu, herriaren irteera bilatu nahian La Carbonera mendiaren mendebaldeko magalaren ondotik. Kalean gora hasi bezain laster bidegurutze batekin egiten dugu topo. Ipar alderantz doazen bi kaleetatik, eskuin aldekoan sartzen gara, ezker aldean isolatutako eraikin bat eta eskuin aldean eskilara bat alboan duen beste baten artetik.
Kaleak La Carbonera mendiaren itzulia egiten du kostaldetik, gorantz emeki egiten duen heinean. Ipar isurialdean topatzen dugun bidebanatzean, eskuin aldetik gora egiten jarraitzen dugu. Malda areagotu egiten da hemendik aurrera. HE norabidean jarraitu eta goialdean, tontorraren hegoaldean kokatzen den auzora iristen gara.
Hegoalderantz jo eta kalearen bukaeran dagoen bidegurutzean, asfaltoa utzi eta burdinazko atea duen pistan sartzen gara. Bideak Puig Traic mendia ekialdetik inguratu ondoren, HE norabideari eusten diogu basora gerturatzeko. Goialdean, Mas Puignau-ren hondarrak atzean utzi eta Sant Baldiri de Tavellera aldera jaitsierari hasiera ematen dioten hasierako hiru bidegurutzeetatik, lehenengora iristen gara.
SANT BALDIRI DE TAVALLERA ALDERA JAISTEN
Lehenengo bidegurutzean, eskuin aldera jotzen dugu orain arteko norabideari eusteko eta kanadiar pasabide bat igaro ostean, bigarrena kokatzen da. Eskuin aldera bide nagusitik jarraitu eta berehala hirugarren bidegurutzea dator. Oraingoan bide nagusia utzi eta ezker aldeko bidea hautatzen dugu HE norabidean mantentzeko.
Bihurgune itxi baten parean dagoen eta seinale tantaia eskuin aldean duen bidegurutze batera iritsi eta tangentetik doan bidean sartzen gara ageriko bidetik. Bide berrian 200 bat metro burutu ditugunean, perpendikularrean datorren pista batekin egiten dugu topo. Hau ekialdetik gurutzatu eta bidea berriro HE norabidera bueltatzen da, zuzenean dorre eta baselizara eramanez.
BIDEGURUTZE BITXI BAT
Baseliza ezker aldean utzi eta hurrengo bidegurutzera jaisten gara. Aurrean dugun hegalari aurre egiteko, hartu behar dugun bideak zeta bat burutzen du, bidegurutzearen eskuin aldean dugun seinale tantaitik hegoalderantz abiatuta.
Goialdetik gertu, bideak basotik irten eta HE norabidea berreskuratzen du. Aurkako aldean, Rec de Calabre errekaren ubideraino jaitsi eta jarraian IE aldera igotzen hasten gara, pisten bidegurutze batera.
Bidegurutzera irten eta HE norabidean gora egiten duen pistari jarraitzen diogu, aldapa igo eta Col de Maó lepoaren ondoko lauan dagoen Mas Vell-en hondakinen parera iristen gara. Eraikina ezker aldean utzi eta aurreko norabideari eutsiz, aurreko bailara txikiaren sakonunera jaisten gara.
Bideak bat batean IE aldera jo eta gutxinaka hurrengo bidegurutzera jaisten gaitu. Ageriko bidetik, ipar aldera jaisten den bira bat burutzen dugu eta jarraian HE norabidea hartuz, Rec d’en Fitó errekaren arrora iristen gara.
Ubidea atzean utzi dugunean, Puig de n’Amat mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen lau txiki batera igotzen gara. Mendi-bidean ekialderantz jarraitzen dugu, bidearen alde bietara dauden harrizko aterpe batzuen ondotik. Basoko pasartea ageriko bidetik egiten dugu eta zuhaiztitik at, GR11 bideko seinale tantairik bitxienarekin egiten dugu topo bidegurutzean.
BUKAERA GERTU
Pista hartu eta IE norabidean Fangar de s’Arenassa aldera goaz. Ubidearen beste aldean, pistak ekialdera jo eta Puig Melús mendiaren hegoaldera bideratzen gaitu. Pista ixten duen ate metalikoaren beste aldera igaro eta HE alderako joera mantentzen dugu.
Pistak Puig Alt Gran mendiaren oinaren iparrean bira egiten hasi eta gaina ekialdetik inguratzen du. Mas de Rabassers de Dalt ondoan dugula, bideak IE aldera bira egiten du ezker aldean dugun muinoa inguratuz eta jarraian, ubideari jarraitzen dio ekialderantz, Mas del Rabassers de Baix ondoan biak bat egiten duten arte.
KRESAL USAINA
Eraikinen ondoan dagoen bidegurutzean, pista utzi eta ekialderantz doan mendi-bidean sartzen gara. Bideak Cap de Creus aldera doan errepideari jarraitzen dio gertutik, 50m-ko distantziara gutxi gorabehera.
IE norabidean, pista bat eta errepidetik datorren mendi-bide bat gurutzatzen ditugu eta jarraian HE aldera bira egin eta aurrean dugun muinoa igo ondoren, berriro bira eta errepidera gerturatzen gara. Errepidea hegoalderantz zeharkatzen dugu Puig de sa Rovellada azpian eta IE norabidea berreskuratzen dugu zuzenean Puig de ses Portes mendiaren oinerantz.
Oinaren aurrean dagoen bidegurutzean, eskuin aldera bideratzen ditugu gure urratsak, gailurraren albo batean dagoen lepo harritsurantz. Lepotik begiak ekialdera joaten zaizkigu oharkabean, izan ere bertatik Cap de Creus itsasargiaren ondoko eraikinak ikusgai daude eta.
Errepidera jaitsi eta mendi-bideak HE aldera arku bat burutzen du, landarediaren artean alde batera eta bestera eginez eta asfaltotik urrunduz. Rec de la Cala Bona ubidea gurutzatzen dugu Puig de ses Formigues azpian eta berehala ageriko bidea berriro zolen azpian sumatzen dugu.
IE norabidera doan bira batek berriro errepidearen ondoan kokatzen gaitu, albo batean dagoen seinale panela duen bidegurutzean. Errepideak egiten duen bihurgunea mozten duen eskuin aldeko mendi-bideak hurrengo bihurgunera ateratzen gaitu.
Errepidearen bihurgunea burutu eta eskuin aldeko senadira doan bideari jarraitzen diogu, honen aurrean dagoen bidegurutzera iristen garen arte. Bidegurutzean, ezker aldera eskilaretatik igo eta elektrizitate zurtoinaren albotik doan mendi-bidean sartzen gara. Jarraian, IIE norabidean bira bat burutu ostean, errepidearen oinera gerturatzen gara. Ekialdeko muinoa igo eta errepidera irteten gara.
AZKEN METROAK
Ezker aldera doan bihurgunea bukatu baino lehen, eskuin aldetik urruntzen den zolatutako arrapala hartu eta goialdera igotzen gara. Tabernako terrazara sarbidea ematen dion ataritik sartu eta itsasargia ezkerrean dugula, begiratokira iristen gara.
Lerro zuzen bat eginez, Cap de Creusera iristeko kilometro erdi baino gutxiago geratzen zaigula jakitun, ekialderantz doan mendi bideetako bat hartzen dugu, ezker aldean dagoen eta gris koloreko harri-zerrenda diagonal bat duen formazio harritsu bat erreferentzia gisa hartuta.
Haren oinera gerturatu eta ekialderantz jaisten jarraitzen dugu, ageriko bi bide dituen eta atzean irlatxo bat duen lurmuturreko haitza ikusi arte. Bertara gerturatu eta beheko bidea gisa erabiltzen den azpiko zerrenda baliatuz, haitza inguratzen dugu.
Azken argazkia GR11 bidearen amaiera adierazten duen gunean atera eta berriro ere haitza inguratzen dugu bueltako bidean. Oraindik bada egiteko bat oinaren ondoko senadian: Mediterraneo Itsasoko uretan eskuak sartu, gure buruari esateko itsasotik itsasora modu literal batean zeharkaldia burutu dugula.
EL PORT DE LA SELVA-CAP DE CREUS 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
Hasieran zein bukaeran ura hartzeko aukera
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude