GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 42. etapa: Villamaniscle-El Port de la Selva
Luzera ertaina duen etapa dugu gaurkoa eta metatutako desnibelari begiratuta ere, gorako bidean zein beherakoan ez dira mila metroak gainditzen. Gaurkoan zapaldu beharreko bideen artean mendiko pista nagusitzen da , mendi bide eta zolatutako bideen gainetik.
Zalantza izpirik gabe, gaurkoan bukaerak ematen dio etapari benetako xarma. Nahiz eta etxetik urrutien kokatzen den lurmuturrera bihar iritsi, itsasotik itsasora, Pirinioak oinez zeharkatzearen helburua gaurkoan ematen da. Ondorioz, biharkoa ibiltzeke dagoen egun honetan, lana burutua dagoenaren sentsazioa sumatzen da. Eta ez da gutxi esatea!
Gutxi balitz, txango eder honetan interes handiko gune batzuen ondotik igarotzen gara, esaterako, Sant Pere de Rodes monasterioa eta gertu duen Santa Creu de Rodes erdi aroko herrixka. Nola ez, transpirenaika bukatu eta bertara gerturatzeko aitzakia gutxi behar dira.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
COLL DE LA SERRA IGOTZEN
Villamaniscle–El Port de la Selva ibilbidea atzo etapa bukatu genuen leku berean hasten dugu, Rabós herritik datorren errepideak, herriaren atarian duen bidegurutzean, hain zuzen.
Iturriaren ondoko seinale tantaitik ezker aldera egin eta kalean gora hasten ditugu lehenengo metroak, Villamaniscleko gaztelua ezker aldean dugun arte. Eskuin aldera doan kalean sartu eta bukaerara arte jarraitzen dugu. Bertan, ezker aldera jo eta herritik ateratzen gaituen kalean sartzen gara.
Gora egiten hasi eta herriko azken etxeak atzean utzi baino lehen, ezker aldean iturri bat dagoela ikusten dugu. Kalea bukatzen den lekuan, mendiko pista hasi eta gutxira Coll de Closa lepoan kokatzen den bidegurutzera iristen gara. Zuzen jarraitu eta eskuin aldean dugun muinoa inguratzen dugu pista nagusiari jarraituz, hurrengo lepoko bidegurutzera arte (Coll de Quirc). Bertan ere zuzen jarraitzen dugu, ekialdera doan joerari eutsiz.
HE aldera arku bat burutu eta Coll de la Serra lepora iristen gara. Bertan dagoen bidegurutzean, erabateko bira egin eta IIE norabidean jaisten den pistari jarraitzen diogu.
SANT SILVESTRE DE VALLETARA JAISTEN
Hartu berri dugun pistak Serra de la Baga d’en Ferran mendilerroa eta Riera de Valleta errekaren arteko hegalean emeki jaisten da ubidearen mailara arte. Hegalaren erdialdean kokatu eta lepoaren aurreko norabidea berreskuratu dugunetik bi kilometrotara, gutxi gorabehera, GR11 bideak pista utzi eta ezker aldera jaisten den mendi-bide bat hartzen du, errekaren beste aldeko Puig del Llop eta Puig Tifell mendien artean dagoen muinoaren oinaren parera iritsi garenean.
Irteera ez dago behar bezala seinaleztatuta (2020. Urtea), baina pistak HHM norabiderantz jotzen duen bihurgunearen tangentean kokatzen da. Eskuin aldean dagoen margotutako gurutze batek, atzera pare bat metro egin behar ditugunaren adierazle dugu. Hala ere, aurrera egitea ere bada pistatik, izan ere, errekaren parera iritsi eta bertako bidegurutzeak medio, IM norabidean pistarekin bat egin eta GR11 bidera erraz bueltatu daiteke.
Pistatik irten eta landarediaren artean dagoen gandorreko mendi-bidetik behera egiten dugu, ubidearen parean eta Sant Silvestre de Valleta ondoko bidegurutzera iritsi arte.
COLL DE LES PORTES LEPORANTZ GORA EGINEZ
Seinale tantaiari jaramon eginez, eskuin aldera jo eta ubidearen ondotik jarraitzen dugu bidegurutze batera iritsi arte. Erabateko bira egin eta IM norabidean gora doan pista hartzen dugu, Puig Tifell mendira gerturatzen gaituen bailaran sartuz. Pistak, IE norabide aldera arku bat burutzen du eskuin aldean dugun muinoa inguratzen duen heinean.
Bailara ixten duen hegalera iritsi eta bertako bidegurutzean, EIE norabidea hartzen dugu Puig Tifell mendiaren HM isurialdera gerturatzeko asmoarekin. Mazela alderik alde zeharkatzen dugu, hasieran maila berean eta azken zatian gora eginez, Coll de les Portes lepora iristeko.
LLANÇÀ HERRIRANTZ
Lepoan dagoen kanadiar pasabidetik igaro eta Puig Tifell mendiaren hego-isurialdea ekialderantz zeharkatzen hasten gara. HE norabidean urrutira begira, pasarte honetako erreferentzia puntua dugu: Sant Salvador Saverdera mendia. Norabide horretan dauden mendien artean nagusitzen den punta dugu eta bertaraino gerturatu behar gara etapa bukatu aurretik.
Isurialdeko aurkako gandorrera iritsi eta bidegurutzean, pistak IE norabidea hartzen du ekialdeko isurialdean sartuz. Hegalaren erdialdean dagoen kanalera iritsi gabe, bideak ekialdeko kontrahormaren gandorrean behera egiten du. Puig de la forlguera mendiaren aurrean bukatzen den zementuzko lurra duen pasarte txiki bat igaro ostean, pistak gandorra utzi eta HE norabiderantz jaisten hasten da nabarmenki.
Bidegurutze guztietan zuzen jarraituz, trenbidearen aurrera iristen gara. Azpitik doan tunela igaro eta zuzen jarraitzen dugu industria-gunerantz. Bidegurutzean IE aldera jo eta hartxintxarra duen bidetik jarraitzen dugu, eskuin aldeko arrapala batek errepide nagusira sarbidea ematen digun arte.
Errepidea zeharkatu eta turismo bulegoaren ondotik doan kalean sartzen gara, HE norabideari jarraituz. Kaleko biribilgunera iritsi eta lehenengo irteera hartzen dugu, eskuin aldean umeentzako jolastokia utziz. Jarraian, Llançà herriaren mendebaldeko aparkalekua dugu eta aurrean bertara oinez iristeko zebra-bidea.
COLL DE PERER LEPORA IRISTEKO BIDEA
Zebra-bidea atzean utzi eta HHE norabidean aldentzen den kalean gora egin (etxebizitzak dituen azkeneko kalea) eta biribilgunera iritsi arte bertatik jarraitzen dugu. Biribilgunearen eskuin aldetik sartuz gero, badira bi bide mendian gora asfaltotik at egiten dutenak HHE aldera. Batek zuzenean aurrean dugun hegalari ekiten dio eta besteak arrotik egiten du sarbidea mendi aldera.
Arroko bidea hartu eta ubidea eskuin aldean dugula, gorantz egiten dugu emeki. Ubidearen beste aldera egin eta bideak hegoalderantz bira egiten duen gunera iritsi arte jarraitzen diogu. Gune horretan, hegaletik jaisten diren bi kanalak banatzen dituen gandorraren oina kokatzen da. Eskuin aldean Rec de Venturet errekako kanala eta ezker aldean Rivera d’en Prim hartzen duena.
Ubidearen beste aldera ezkerretik jo eta alde bietara harresia duen gandorreko bide harritsuan gora egiten hasten gara. Bidea estutzen doa garaiera hartzen dugun ahala eta ibiltzeko erosotasuna irabazi ere. Goialdera iritsi aurretik, bideak gandorra ezker aldean utzi eta hegalaren kanalera gerturatzen da, haren arrotik Coll de Perer lepora iristeko.
RODES BIDEAN
Lepoan dagoen bidegurutzean, HM norabidea hartu eta Serra del Coll mendilerroaren goialdera eramaten gaituen hegal gogorra gainditzen dugu. Zedarri handi batek goialdera iritsi garela adierazten digu eta bidean aurrera eginez, Rodes aldera doan pistara iristen gara. Pistan hegoalderantz jarraituz, Puig de la Granja mendia mendebaldetik inguratzen dugu eta jarraian dagoen muinoa ere inguratu ondoren, bideak ekialdetik hegoalderantz arku bat marrazten du goialdeko errepidera iristeko.
Aparcament de la Pallera aparkalekuaren ondotik igaro eta santutegira doan errepidetik jarraitzen dugu HE norabidean. Zuhaiztia atzean uzten dugunean, Llançà herritik hasi eta ia Roses aldera arte luzatzen den kostaldeko lerroarekin gozatuz goaz.
Eskuin aldetik eta gure mailatik gorago, Santa Creu de Rodes erdi aroko herrixka atzean utzi dugunean, monasteriotik gertuen dagoen aparkaleku publikora iristen gara. Hemendik aurrera baimendutako ibilgailuak soilik ibili daitezke.
Gutxira, Sant Pere de Rodes monasterioaren atariaren aurrera iristen gara. Bertako lau txikian, ezker aldera jaisten diren eskilara batzuk baliatzen ditugu tenplua iparretik inguratzen duen bidea hartu eta aurrera jarraitu ahal izateko.
LA SELVA DE MAR HERRIRA ZUZEN
Bidean aurrera, iparrera bira bat burutu ondoren Aparcament de Levant aparkalekura iristen gara, zenobioaren ekialdean. Aparkalekua, Sant Salvador Verdera mendiaren IE kontrahormaren oinean dagoen bizkarreko gandorraren lau txiki batean eraikia dago, tontorrean dagoen gazteluaren bertikalaren azpian.
La Selva de Mar herrira doan mendi-bidea, aparkalekura iritsi eta eskuin aldeko lehenengo aparkalekuaren ondotik abiatuz, zuzenean behera amiltzen da.
Ekialderantz joera mantenduz, hegalean behera sigi-saga hasten gara lurrezko mendi-bide harritsutik. Azpialdera iristean, bideak hegalaren arrotik jarraitzen du eta pista batera zuzen eramaten gaitu. Pista zeharkatu eta ubidearen beste aldera jotzen dugu, arrotik urrunduz EHE norabiderantz bira eginez. Malda ere gutxitzen doa pasarte honetatik aurrera.
Esglesia de Sant Sebastià santutegira iristen gara eta eskuin aldetik inguratzen dugu aurkako aldean kokatzen garen arte. Bertan La Selva de Mar herriraino doan eta alde bietara harresi bat duen bide zabal bat zain dugu.
Herrian sartzen gara ikusten ditugun lehenengo etxebizitzak hegoaldetik inguratu eta ubidearen ondotik jaisten den kalean sartuz. Rec dels Gorgs erreka eskuin aldean dugula, erdi bidean iturria duen kalean behera egiten dugu zubira iritsi arte. Zubitik igaro eta iparrera norabidea mantentzen dugu Carrer del Boix kaleari jarraituz.
Guztira, santutegiko aparkalekua utzi eta mendi-bidean sartu garenetik, 400m garaieran galdu ditugu 2 kilometroren buruan.
KOSTALDERA BEGIRA
Kaleak ekialderantz bira egiten du eta ezker aldetik erreka aldera doan kale estu batetik sartzen gara herritik aldentzeko. Ubidearen ondotik jarraitzen dugu atzeko kalea bukatzen den arte. Bertan, IE norabidean olibondo eta indipikondoen artean doan mendi-bidea hartzen dugu.
Zuhaizti txiki bat igaro eta harriz zolatutako bidean gora egiten dugu laborantza-lurren artean, jaitsieran topo egin dugun pista berarekin bat egiten dugun arte.
Pistan EIE norabidera bira egin eta errepideko bidegurutzera arte aurrera jarraitzen dugu. Errepidean sartu gabe, bihurgunea eskuin aldera inguratuz, HE norabidean jaisten den bidea hartzen dugu.
Bideak, kirol-gunea inguratu eta inguruko eskortetara sarbidea ematen duen pista batera eramaten gaitu. Pistan ezker aldera jo eta ubidearen beste aldetik jarraitzen dugu, jaitsierako norabidea berreskuratu eta kirol-guneko futbol zelaia eskuin aldean utzita, errepide nagusira iritsiz.
Behin errepidearen aurrean, paraleloan doan oinezkoen bideari jarraitzen diogu IE norabidean, kostaldera iritsi arte. Bidegurutzean eskuin aldera jo eta El Port de la Selva herriaren hondartzan dagoen aparkalekuan bukatzen dugu txangoa, itsasoa ezkerretara dugula.
VILLAMANISCLE-EL PORT DE LA SELVA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak eta iturriak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
Herrietan ura hartzeko aukera
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude