GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 41. etapa: Requesens-Villamaniscle
Ia 30 kilometrotako etapa luze honetan, heren bat gutxi gorabehera errepidetik egin behar dira eta gainontzeko bi herenetan mendiko pistak dira nagusi.
Guztira 800m baino gehiago igo behar dira eta 1100 metrotik gora jaitsi ere. Egin beharreko esfortzu mailarik handiena etaparen lehen erdian egin behar bada ere, bigarrenari aurre egiteko ez dugu ia itzalik topatzen, eta bertan metatzen dira errepidetik ibili beharrekoak. Ondorioz, beroak jotzen duenean, uraren kudeaketa on bat egitea beharrezkoa egiten da eta itzalak ongi probestea ezinbestekoa, gorputzaren tenperaturak gora egin ez dezan.
Modu berean, oin zolak eta behatzak bereziki zaindu beharko dira etapan zehar, gehiegi berotzeak ekarri ditzakeen babak eta urratuak ekiditeko.
Guzti honen gainetik bada ezer onik, batez ere zeharkaldia hasi eta bukatu arte jarraian egiten dutenen lagunentzat. Goialdeko eremuetatik itsasoa uste baino gertuago ikusten da epe batean eta nahiz eta huskeria iruditu, sekulako bultzada ematen dio motibazioari.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
CASTELL DE REQUESENS INGURUAN
Requesens-Villamaniscle txangoa el Pentinador moduan ezagutzen den eraikinaren hondakinen ondoan hasten dugu, santutegira iristen den pistatik ipar aldera 300 bat metro eginez.
Ubidea eskuin aldean dugula, HE norabidean ematen ditugu lehenengo urratsak eta berehala pistak EIE aldera bira egin eta jarraian dauden pare bat bidegurutzerekin egiten dugu topo. Norabiderik aldatu gabe, Teuleriako aparkalekuaren ondotik igaro eta iparrera arku bat eginez, kanalaren sakonera iristen gara.
Ubidearen beste aldetik, pistak hegoalderantz egin eta Resclosa de Requesensera gerturatzen da. Urtegi hau, parez pare dauden bi kanal banatzen dituen gandorraren oinean kokatzen da eta hauen urak jasotzen ditu. Ubidearen parean urtegira gerturatzeko bira egin eta berehala bidebanatze batekin egiten dugu topo. Eskuin aldeko bidean behera jarraitu eta gandorraren oinera iristen gara. Bertan dagoen bidegurutzean ezker aldera egin eta hurrengo kanalean sartzen gara.
Aurrekoan bezala, pistak sakonuneraino iritsi eta ubidearen parean bira egiten dugu aurkako gandorrera iristeko. Oraingoan, bideak hegalean gora egiten du Roc Colom mendia eta Castell de Requesens gaztelua kokatzen den gainaren artean dagoen leporaino. Lepoan ekialderantz jotzen dugu, harresia eskuin aldean dugula eta berehala ikusten dugu ezker aldean dagoen Refugi del Forn del Calç, bidetik 30 bat metrotara.
COLL DE LA LLOSARDA BIDEAN
Aterpera doan bidegurutzetik 100 bat metro burutu eta bidebanatzean ezker aldetik EHE norabidea jarraituz, Puigcal gainara iristen gara. Gainan, pistak erabateko bira egiten du iparrerantz, Roc Colom mendiaren hego-mazela alde batetik bestera zeharkatzeko. Zeharkaldia osatzeko ia bi kilometro behar ditu bideak maila berean, aurkako gandorrean azpialdetik datorren pistarekin bat egiten duen arte.
Isurialdea aldatu eta ekialdeko hegalean sartzen gara. Pista, landarediak ia guztiz estali duen Mas de Mirapols eraikinen hondakinen ondoan bukatzen da.
Hemendik aurrera mendi bidea dugu IE norabidean baso itxian sartzen gaituena. Ribera de Mirapols ubidea eskuin aldean dugula, bailararen sakoneraino jarraitzen diogu bideari. Behin ubidea igarota, mendi-bideak hegoalderantz bira egin eta Puig Grosser mendiaren mendebaldeko mazelan gora egiten du.
Basotik irteten gara gailurraren hego-mendebaldean eta soilgunean aurrera egiten dugu gandorretik gertu Coll de la Llosarda lepora iritsi arte.
BEGIAK MEDITERRANEO ITSASOAN JARRITA
HM norabidean aurrera egiten dugu mendebaldeko ikuspegia agerian dugula. Aurreko egiuneko bidearen zati bat ikusteaz gain, Bastiments eta Canigou antzeman ditzakegu urrutira, besteren artean. Igoera txiki bat burutu eta Puig del Mig mendiaren gailurra mendebaldetik inguratzen dugu. Jarraian, metalezko ate bat igaro eta isurialdea aldatzen dugu hegoaldetik jaitsierari hasiera emanez.
Bideak HM norabiderantz arku bat burutu eta basoan sartzen gaitu berriro, Puig de la Roureda mendiaren tontorraren azpialdetik doan pistarekin bat egin aurretik. Pistan, mendebalderantz jo eta HE norabiderantz behera egiten duen diagonal baten ondoren, basotik irteten gara. Bertatik el Castellar osatzen duten bi gailurrak argi ikusten dira eta baita hauen azpitik doan eta jarraitu behar dugun pistaren aztarna ere.
Puig de la Roureda eta Puig dels Castellers arteko hegalaren sakonunera iristen gara HM norabidean mazela moztu ondoren eta jarraian berriro HE norabideari eusten diogu jaitsieran. Pasartearen inflexio puntua bidegurutze batek ematen digu, norabiderik aldatu gabe bertan hasten baita berriro goranzko bidea, emeki bada ere. Castellar Petit mendiaren oinera iristen gara eta bertan dagoen bidegurutzean ekialderantz jotzen dugu.
Mapetan ageri den iturri baten ondotik igarotzen gara berehala, nahiz eta grabaketaren egunean guk ez ikusi. Jarraian, maila berean aurrera egiten dugu gandorrera iritsi arte. Bertan kokatzen da Coll de l’Esparraguera lepoa.
ELS VILARS ALDERA JAISTEN
Isurialdea aldatu eta hegoalderantz bira egiten dugu El Castellar mendiaren ekialdeko bizkarrera iristeko asmoarekin. Bizkarrean dagoen bidegurutzean, gailurraren inguraketa utzi eta ekialderantz bideratzen ditugu urratsak. Pistak HE norabidea jarraituz, bizkarraren hego-gandorrean behera egiten du. Laster batean eskuineko bidean ate metaliko bat duen bidegurutze batera iristen gara.
Atearen atzean Roses badiaren ingurunea argi ikusten da, gure kokalekutik HE norabideari begira Sant Salvador Saverdera eta ondoan duen Puig de Queralbs mendiak erreferentzia gisa hartuta. Hauen atzean, Queralbs menditik jaisten den gandorretik haratago, Roses herriaren gainean dagoen Puig Rom dugu ikusgai. Eskuinera, Mediterraneo Itsasoa.
Burua EIE aldera okertu eta Puig de la Calma mendia hartzen dugu erreferentzia gisa, albotik igaro behar gara eta gaurkoan Sant Quirzera iristeko.
Berriro bidean, bidegurutzean eskuin aldera jo eta hegoalderantz arku bat burutu ostean, els Vilars herriaren atarian dagoen seinaleztatutako bidegurutzera iristen gara. Herrian bada iturri bat eta bertara iristeko pistari jarraitu behar zaio 100 bat metrotan, herriaren beste aldeko atarian dagoen ezker aldera doan bihurgunera iritsi arte. Bertan ubidea dugu eta ondoan iturria.
ERREPIDEAN LUZE
Bidegurutzean, seinale tantaiari jarraituz, ezker aldeko mendi-bidean sartu eta ekialderantz jarraitzen dugu Còrrec dels Vilars errekaren ubidearen ondotik, landarediaren artean.
Zolatutako pista edo errepide estu batean ematen du bukaera mendi-bideak, Font de Cadecas iturriaren ondoan. Ezker aldera bira egin eta gutxira asfaltoari ere agur esaten diogu, hurrengo bidebanatzera iritsi aurretik. Eskuin aldeko bideari ekiten diogu, olibondo lursaila mugatzen duen harresia eskuin aldean dugula, errepide nagusira iritsi arte.
Asfaltoan gaudela, errepidean gora jarraitzen dugu Mas Els Pils (Mas Pils ere izendatuta zenbait mapetan) aurreko bidegurutzera iritsi arte, bost bat kilometrotara. Errepidetik irten eta HHE norabidean ubiderantz jaisten den pistan sartzen gara. Ubidera iritsi eta eskuin aldera bira egiten dugu uraren bideari jarraituz, bi zuhaitz handien artean kokatzen den metalezko ate batera iritsi arte.
COLL DE LA PLAJA LEPORA BIDEA
EHE aldera bira egin eta eskuin aldean dugun Puig del Migdia eta ezkerrean dagoen Puig de la Calma mendien arteko bailara txikiaren arrotik gora ibiltzen hasten gara.
Pista, Puig del Migdiatik gertuen dagoen kanaletik sartu eta bailara ixten duen hegalaren oinera arte zuzen doa. Mazela aurrean duenean, ekialderantz hasten du goialdera iristeko burutzen duen lazoaren lehenengo aldapa. Guk hartutako bidea aldiz, bihurgunetik hegoalderantz zuzen abiatzen den mendi-bidetik egiten dugu, hegala zuzenean igo eta bertan dagoen iturria baliatuz urez hornitzeko asmoarekin.
Bidea estua da, malda handikoa eta bertako landaredi itxikoa. Esan beharra dago ingurune honetako landareak gogorrak direla, eta ziztatzen ez duen horrek zuzenean azala urratzen duela. Ondorioz, hamaika harramazka eta zauri egin ditugu goialdeko pistara maldizioka irten aurretik. Berriro pistan, mendebalderantz jo eta hegoaldera bira labur bat egin ostean, Coll de la Plaja lepora iristen gara.
SANT QUIRZERA JAISTEN
Aurkako isurialdean norabiderik aldatu gabe beherako bidea hasten dugu. Gandorretik behera doan bidean 500 bat metro burutu eta ezker aldean kokatzen den seinale tantaia baxu batek pista utzi behar dugula adierazten digu.
HE norabidean jaisten den mendi-bide estuan sartu eta berriro ere landarediaren borrokan aritzen gara, beherago berriro ere pistarekin bat egin arte. Aurkako isurialdeko mendi-bidean bezala, zauri gehiago bildumari gehitzeko. Lasterbide bat gehiago eta bailararen sakonunera iristen gara.
Sakonunean, norabiderik aldatu gabe elizaren aurrean dagoen bidegurutzera iristen gara. Eskuin aldera jo eta eliz gunea inguratzen dugu hegoaldetik, bidegurutze nagusira iritsiz.
EREPIDETIK, GALTZEKO ARRISKURIK GABE
Lepoaren aurreko iturrian urez hornituta gaudenez, ez dugu santutegiaren ondoko iturriko uraren beharrik, hortaz, gunea atzean utzi eta bideari jarraitzen diogu bidegurutzean HM aldera bira eginez.
Trinkotutako lurra duen pistak hegoalderantz egiten du eta jarraian dagoen kanadiar pasabide baten ondoren errepide bihurtzen da. Bertatik 3 bat kilometro ematen ditugu Rabós herritik datorren errepidearekin topo egin arte. Bidegurutzean ezker aldera bira egin eta HHE norabidean aurrera egiten dugu emeki gorako bidean, inguruko olibadi eta mahastiei begira.
Bidegurutzetik kilometro eta erdi bete ditugunean, Villamaniscle herriko atarira iristen gara. Kamera itzali eta bertan bukatutzat ematen dugu gaurko txangoa.
REQUESENS-VILLAMANISCLE 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak eta iturriak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
Etapa hasieran burdin-ura duen iturria eta Sant Quirzen ura hartzeko aukera
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude