GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 40. etapa: La Vajol-Requesens
Etapa luze honetan, trinkotutako lurrezko pistak nagusi dira, herrien arteko errepide zatiekin alderatuta.
Ibili beharreko ia 26 kilometro luzeetan, artelatz baso eder eta zabalen artean mugitzeko aukera izanen dugu, gehien bat La Jonquera herrira iritsi arte. Bestalde, la Barbota gailurra eta Coll de l’Auleda lepoak lotzen dituen gandorreko bidearekin gozatu ederra hartuko dugu, basotik at ikuspegi zabala dugula. Osotara ia mila metro igo beharko ditugu gaurkoan eta beste horrenbeste jaitsi. Igo beharrekoen gehiena la Barbota mendiaren igoeran metatzen dira.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
PISTA ETA ERREPIDE ARTEAN
La Vajol herriaren ekialdean kokatzen den aparkalekuan hasten dugu gaurko ibilaldia, errepidean behera ipar norabidean. Ekialderantz bira egin eta asfaltoaren gainean burutzen ditugu hurrengo 2 kilometro pasatxo, ageriko bi lasterbideei jaramonik egin gabe. Lasterbide gisa egiten duten bi bideak GRM26 mendi-bidea eta mapa batzuen arabera, aurretiko GR11 bideak dira.
Can Bec de Baix eraikinera iritsi aurretik, ezker aldera zabaltzen den pista hartu eta erabateko bira burutzen dugu IIM norabidera begira jarri arte. Bertatik lehenengo kilometroa burutu aurretik, ezker aldean aitzineko GR11 bidearekin egiten dugu topo. Norabideari eutsi eta Can Bell alboan pistak IE norabiderantz bira egiten duen gunean, GRM26 bideak pistarekin bat egiten du, bihurgunearen aurretik.
Bidean jarraitu eta berriro ere asfaltoa dugu oinen azpian, Can Carreres inguruan hasi eta Riera del Gou erreka igaro arte, Santa Eugenia baselizaren bidean.
Baselizara iritsi aurretik dagoen bidegurutzean, zuzen jarraitu eta ekialderantz arku bat burutzen dugu, tenpluaren hegoaldean kokatuz. Ekialdetik itzulingurua egin eta baselizaren eskuin aldean dagoen bidegurutze bikoitzera iristen gara.
BIDEGURUTZE ANIZTUN GUNEA
Eskuin aldera doazen hiru bideetatik, bik ekialderantz jo eta urrutikoenak IE aldera egiten du. Bigarren pistan sartu eta artelatzen artean ipar aldera bira egiten dugu, mendiaren orografiari jarraituz. Jarraian, bideak EHE norabidera bira egin eta bizkar txiki baten gainera bideratzen gaitu.
Bertan dagoen bidegurutzean, bideak joera aldatu eta iparrera egiten du. Hegalaren lehenengo kanalaren hondora iritsi aurretik, iturri bat ondoan duen artelatz-monumentu baten ondotik igarotzen gara. Aukako gandorrean, pista nagusian mantentzen gara, eskuin aldetik jaisten den bideari jaramonik egin gabe eta maila bera mantenduz, IM norabidea jarraitzen dugu hurrengo ubidera iritsi arte.
Ubidearen beste aldean, pistak hegalaren sakonunetik gora egiten du ipar norabidean eta jarraian HE aldera hegala mozten du gandorrera iristeko. Gandorrean, IIM norabideari eusten diogu goialdera iritsi eta bertako lauan dagoen bidegurutzearen aurrean egon arte.
Eskuin aldeko bidea hartu eta berehala bigarren bidegurutze batekin egiten dugu topo. Oraingoan ezker aldera jo eta ipar norabidean aurrera egiten dugu ezker aldera doan bideari jaramonik egin gabe. Bidegurutze batera iritsi eta bideak IE aldera egiten du isurialdea aldatzeko.
LA JONQUERA BIDEAN
Maila berean hegala mozten dugu ipar norabiderantz arku bat eginez, ubidera iritsi arte. Jarraian, beherazko bidea hasten dugu IE aldera. Can Pereri sarbidea ematen dion pistarekin bat egin eta ezker aldera jotzen dugu jaitsierarekin jarraitzeko asmoz. Pista nagusian mantentzen gara, alde batera zein bestera agertzen diren pista eta bideei jaramonik egin gabe, azpialdeko pistara iritsi arte. Bide berrian sartu eta hegoalderantz bira egiten dugu. Pistaren joera nagusia HE norabidean mantentzen da hurrengo ia 2 Km-etan, basotik irten eta La Jonquera aldera doan bidearekin bat egiten duen arte.
Bidean sartu eta HE norabidean 300 bat metro burutu ditugunean, bidegurutzean EIE aldera bira egiten dugu. Trenbidearen azpitik igaro eta hurrengo bidegurutzera arte jaisten gara. Bertan, eskuin aldera doazen bi bideetatik urrutien duguna hautatzen dugu. Torrent de Querols erreka zubitik igaro ostean, ate metaliko bat atzean duen bidegurutze baten aurrean kokatzen gara. EIE aldera bira egin eta lursaila inguratzen dugu hesia eskuin aldean dugula.
Pistak autobidearen albo batera bideratzen gaitu eta azpitik igarotzen den garaiera txikiko tunelean sartzen gara hirigunera iristeko. Tunela igaro eta ahoaren ondoko aparkalekuan ezker aldera egiten dugu, bi eraikinen arteko Mateu Pla kalean barneratuz. Kalean aurrera egiten dugu zubia igaro eta kale nagusira iritsi arte. Kalean eskuin aldera egin eta bertan jarraitzen dugu biribilgune txiki baten ondoren dagoen Santa Marina elizara arte.
LA JONQUERATIK IRTETZEN
Kale nagusian jarraitzen dugu udaletxeko enparantzara iritsi arte. Bertan, ezker aldeko arkua duen kale estuan sartu eta atzeko kalean irteten gara. Eskuinera egin eta Carrer Vell kalean aurrera egiten dugu hurrengo bidegurutzera arte. Ezker aldera jo eta Carrer de Midgian gora eginez, Carrer de Cantallops kalearekin bat egiten dugu. Bidegurutzean, ekialderantz jarraitzen dugu eta ezkerretara doan goranzko lehenengo pistan sartzen gara, hirigunetik aldenduz.
LA BARBOTA MENDIAREN IGOERA
Pistak HE aldera arku bat burutu ostean, IE norabidean gora egiten duen hegalean sigi-saga hasten da. Bihurgune nagusien artean dauden lasterbideak hartu eta ekialderantz bira bat burutu ostean, bideak bihurgune itxi bat egiten du iparrera. Bihurgunearen tangenetik abiatuz, IE norabidea mantentzen duen mendi-bidea hartzen dugu lasterbide gisa eta goialdeko lauan dagoen bidegurutzera iristen gara.
Goialdeko bidegurutzean, IE norabidean aldentzen den pista hartu eta hurrengo bidegurutzera arte bertatik jarraitzen dugu. Norabideari eutsiz, pistaren hurrengo mailara arte lasterbidea osatzen duen mendi-bidean sartzen gara. Pare bat bihurguneren ostean, beste bidegurutze batekin egiten dugu topo. Bertatik Sant Miquel de Solans baseliza ( Santa Llúcia baseliza) IE norabidean ikusgai dugu. Pista utzi eta ezker aldeko mendi-bideari jarraitzen diogu, itzaletan dagoen lau txiki batera iritsi arte. Bertan dagoen iturria eta mahaiak probesten ditugu atsedenaldi bat egiteko berriro bideari ekin aurretik.
Atseden hartu eta berriro bidean gora gara, gutxira baselizara doan goiko pistarekin bat eginez. Pistan eskuin aldera eginez, nahi duenarentzat tenplua bisitatzeko aukera zabaltzen da. GR11 bideak aldiz, horri uko egin eta ezker aldera jotzen du.
Bideak IM norabidean hasi eta IE aldera begira bukatzen duen arku handi bat burutzen du, Serra de la Bastida mendilerroa eta la Barbota mendiaren HM kontrahormaren arteko kanalean sartuz. Landarediaren artean gora egiten dugu kanalaren goialdera iritsi arte eta iparrera biratuz beste aldera zeharkatzen dugu. Jarraian, bideak ekialderantz bira egiten du la Barbota mendiaren bizkarra bilatuz. Bizkarrean, iparraldera bira egiten dugu gandorrean gora jarraitzeko.
GANDORREKO BIDEAN
La Barbota mendiaren gailurra ezkerretara utzi eta goialdeko mazela jaitsi ondorengo bidegurutzean, zuzen jarraitzen dugu norabideari eutsiz. Puig dels Falguers tontorra igarotzen dugu oharkabean eta Coll de Canals lepora jaisten gara landarediaren artean. Lepoan, ageriko bidea IM norabidean gandorretik urruntzen da eta GR11 bideak aldiz, zuzen jarraitzen du IE norabideari eutsiz.
Arrapala txiki bat igo eta Coll de l’Auleda lepoan dagoen pistara iristen gara.
REQUESENS BIDEAN
Lepoan, EHE norabidea jarraituz jaisten hasten gara pistatik. Iparrera lehenengo bira burutu eta 1986. Urtean bertan gertatutako Douglas DC6 hegazkinaren istripua gogora ekartzen duen plakaren ondotik igarotzen gara. Hegazkinaren hondakinak ere oso gertu ditugu baina bidetik ezin ikusi, pistaren posiziotik gorago daude eta.
Bideak hegalaren orografiari jarraitzen dio Roc de les Cols mendiaren hego isurialdeko zirkuan barrena eta HE gandorrari ere jarraitzen dio beherako bidean. Gandorra bitan banatzen da eta hegoaldeko kontrahorman pistarekin egiten du topo, pasabide kanadiar baten ondoan. Isurialdea aldatu eta hegala mozten dugu ekialdeko kontrahormara iristeko. Jarraian, bertako gandorretik jaisten gara, Còrrec de la Verneda ubidearen kanalera doan bidegurutzera iritsi arte.
Pista nagusian jarraitzen dugu IIM norabidean eta ubide txiki bat igaro ostean, kanalaren sakonunera iristen gara. Aurkako gandorrera EHE norabidean iritsi eta iparrera bira egiten dugu Santuari de la Mare de Déu de Requesens inguruan.
Ekialderantz egin eta tenplua iparretik inguratu ostean, pistak HHE aldera jotzen du santutegiaren ondoko eraikinen aurrean kokatu arte.
Etapa bertan bukatzeko aukera bada, hala ere, pistatik ipar norabidean 300 bat metro egin eta gaua emateko leku lasai bat topatu dugu, el Pentinador eraikinaren hondakinen ondoan. Gaua igarotzeko leku laua, harrizko mahaia eta burdin-ura duen iturri bat gune berean. Ezin gehiago eskatu.
LA VAJOL-REQUESENS 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak eta iturriak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
La Jonqueran hornitzeko aukerak daude
Etapa amaieran burdin-ura duen iturria
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude