GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 39. etapa: Albanyà-La Vajol
Albanyà eta La Vajol herrien artean dauden baso amaiezinak zeharkatzen dituen etapa luzea dugu gaurkoa, gehienbat mendiko pista eta bide desberdinak baliatuz.
Ibili beharreko 26 kilometroen buruan, 1000m baino gehiago igo beharko ditugu eta 800 metro baino gehiago jaitsi ere. Hauetako gehienak, etaparen hasierako eta amaierako zatietan metatzen dira.
Txangoan, historikoki hainbat interes-guneren ondotik igaroko gara, egun hondakin bihurtuta. Hala ere modu berezian arreta eman digun eremua basoan dugu, etaparen bukaeratik gertu dauden artelatz-baso eder zein harrigarrietan alegia.
Izan ere, grabaketa burutu genuen egunera arte ez genuen mota honetako zuhaitzik ikusi, batik bat gune geografiko honetan txangorik ez genuen egin eta. Are gehiago, bertan topatzen dugun landaredi gehiena arrotz dugu eta ezagutzen dugun gutxieneko hori liburuetan besterik ez dugu ikusi, ondorioz, arreta nahi gabe uneoro bertara joaten zaigu.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
FERRERÓS IGOTZEN
Albanyà herriaren iparraldean kokatzen den eta ekialderantz, Puig de Sant Pere mendiaren oinaren hegoaldetik doan Camí de Maçanet bidea hasten den lekuan ematen diogu hasiera ibilaldiari. Azken etxeak atzean utzi bezain laster, bideak Carrer de Figueres kalearekin bat egin aurretik eta Clot de Canova erreka zeharkatzen duen zubia baino lehen, bidetik irten eta basorantz ipar aldera doan pistan sartzen gara.
Basoko bailara txikiaren amaierara iristean pistak ekialderantz jotzen du. Gure bideak aldiz, norabidea aldatu gabe, bihurgunean pistatik irten eta hegalean gora egiten du. Mendi-bidean jarraitzen dugu, harkaitz formazio adierazgarri baten ondotik pisten bidegurutze batera iristen garen arte. IE norabidean aldentzen den pista hartu eta hasierako bi lasterbideez gaiz, bide honi eusten diogu bertatik irten gabe, ipar.
Goialdean dagoen bidegurutzean, aurkako isurialdean IIE aldera murgiltzen den pista hartu eta bertatik jarraitzen dugu Coll de Ferrerós lepoaren atarian, bidea ixten duen katera iritsi arte. Katearen beste aldetik aurrera egin eta lepoan dagoen bidegurutzean, eskuin aldeko seinale tantaiak adierazita, iparreko bidea hartu eta ezker aldean dugun muinoa inguratzen duen jaitsiera burutzen dugu. Pistak mendikatearen orografiari jarraitzen dio, ahalik eta eremu garaienak zeharkatuz eta laster batean, Puig de Sant Feliú mendiaren ekialdean kokatzen den aurre-gailurreko oinaren hegoaldera iristen gara. Zenbait mapek, aurre-gailur hau El Grau moduan izendatu dute.
MENDILERROKO BIDEA
IE alderantz arku bat eginez, ekialdeko mazela mozten dugu eta gandorrera iristerakoan bira egiten dugu iparreko isurialdean sartuz. Jarraian mendebaldera jo eta aurre-gailurra eta ipar-bizkarreko muinoaren artean dagoen lepotxoaren ondora iristen gara. Lepoan, bidetik ikusten ez dugun Sant Feliú de Carbonillsen baseliza kokatzen da.
Zuhaitzen artean aurrera egiten duen pistatik jarraitzen dugu Puig de Sant Feliú mendiaren ekialdeko hegalera bidean. Bideak gailurra iparretik inguratzen du, mendiaren tontorra ezker aldean utziz. Aurrerago, bidea ixten duen metalezko ate bat zeharkatu eta gora eta behera eginez, Coll de Can Roquil lepoaren atarira iristen gara. Lepora iritsi aurretiko bidegurutzean, eskuin aldera jarraitzen dugu bide nagusitik eta iparrera ibiliz lepoko soilgunera iristen gara. Lepoan dagoen bidebanatzean, Puig de la Trilla ekialdetik inguratzen duen IE aldeko bidea hartzen dugu. Beste bidea Refugi de la Trilla aterpera doa.
Tontorraren inguratzea ipar aldera doan arku batekin hasten dugu, HE-ko gandorrera iritsi eta haren gainean zeta handi bat burutuz. Jarraian, ekialdeko mazela maila berean zeharkatu eta azkenik IM aldera bira egiten dugu soilgune handi batean dagoen Collada de la Trilla lepora iristeko.
RIMALÓ ALDERAKO JAITSIERA
Soilgunean bideak IM-tik IE-ra bira egiten du, La Trillako hondakinen ondotik igaroz. Metro gutxiren buruan bidea banatu eta basoalderantz jotzen dugu, IE aldera hegala moztuz jaisten den mendi-bidetik.
Hegaleko lehenengo kanaleko sakonunera iritsi aurretik, mapetan ikusi ez dugun pista bat zeharkatu eta aurkako aldetik jarraitzen dugu norabideari eutsiz. Jarraian, hurrengo kanala igaro eta ekialderantz bira egiten dugu Puig de Rovirós mendiaren gailurra kokatzen den bizkarraren gainean kokatzeko.
Mendiaren orografiari jarraituz, mendi-bideak iparrera egiten du Mare de Déu del Fau baseliza kokatzen den muinotik emeki jaisten den gandorraren azpialdetik jarraitzeko. Gandorraren azpira iritsi eta ekialdera jo bezain laster, bidebanatzean ezker aldeko mendi-bidetik jarraituz, gandorrera iristen gara.
Aurkako isurialdean iparrera jo eta ekialderantz jaisten gara hegaleko kanalaren gandorra eta sakonunearen artetik. Behin kanaletik at, bideak zabalera handitu eta baso itxia atzean uzten du Rimaló inguruan. Hondakinen ondotik igaro eta bideak trinkotutako lurrezko pista batekin bat egiten du. Ipar aldera jo eta lehenengo bidebanatzean IE aldera egiten dugu.
OLIVEDAREKIN BAT EGINEZ
Pistak bihurgune bikoitz bat burutzen du, lehenengoak ekialderantz jotzen du eta jarraian IM aldera egiten duen bihurgune itxi bat dator, Corral d’en Puig eraikinaren hondakinak dauden muinoa inguratzen duen arkuaren aurretik. Arkua hasi eta berehala, pistatik irteten gara ezker aldeko mendi-bidetik eta kanalaren sakonunerantz gidatzen ditugu hurrengo urratsak. Hondoan, bideak zeta bat egiten du eta ubidearen aurkako ertzetik metroak galtzen jarraitzen du, Clot del Cau ubidearen ingurura iristen den arte.
IE aldera jo eta 200m lineal burutzen ditugu errekaren ezker aldetik. Jarraian berriro igotzen hasten gara, gora igo ahala, pista estu baten zabalera hartzen duen bidetik. Bideak ekialderantz egiten duen guneko bidegurutzean, ipar alderantz bira bat burutzen duen goranzko mendi-bidea hartzen dugu. Arrapala igo eta mazela mozten duen pista batera iristen gara.
Pista ipar alderantz jarraitzen dugu eta bertatik kilometro erdi egin dugunean, Coll d’Oliveda lepora ekialdetik doan pistarekin egiten dugu topo.
Lepora iritsi eta bidebanatzean, zuzen jarraitzen duen bidean murgiltzen gara, IE aldera beheranzko bira bat burutuz. Bidebanatzean IE aldera jo eta Sant Andreu d’Olivedatik datorren pistarekin bat egiten dugu. Pista berrian iparrera jo eta pare bat bihurgune igaro ostean, lurra atzean utzi eta asfaltoan sartzen gara herriaren atarian.
PISTA ETA BASOEN ARTEAN
Oliveda atzean uzten dugu errepideari jarraituz eta eskuin aldetik abiatzen den lehenengo pistatik norabidea aldatzen dugu, ekialderantz eginez bailararen bukaera arte. Bideak iparrera bira egin eta errekaren mailara arte jaisten da, jarraian zubia igaro eta Molí d’en Robert jatetxearen ondora eginez.
Aparkalekura igo eta igerilekua eskuin aldean dugula, aurrean dagoen bidegurutzean eskuin aldera jotzen dugu. Ondoko eraikina igaro bezain laster, pista utzi eta IE aldera basoan sartzen den mendi-bidean sartzen gara. Goialdean, basotik irten eta zuhaiztiaren lehenengo ilararen ondotik aurrera egiten dugu pista batean bukatu arte.
Pistak metro gutxi batzuk ipar norabidean burutzen ditu bidebanatze batera iritsi aurretik. IE aldera egiten dugu, Puig de la Guardia mendiaren gailurra ezker aldean utziz eta kilometro baten buruan Pla de la Vinyosa lauan dagoen bidegurutzera iristen gara. Norabidea aldatu gabe, zuzen jarraitzen dugu errepidera iristen garen arte. Bertan, mendebaldera jo eta Carrer del Viver kalean sartzen gara, Maçanet herriko futbol zelaiaren atzetik.
Kalean behera egiten dugu, IM norabidean errepide nagusia aurrean dugun arte. Errepidearen beste aldera egin eta ekialderantz bira egiten dugu zubiaren aurrean kokatuz.
ARTELATZAREN MUNDU HARRIGARRIA
Errepidearen ezker bazterretik zubia igaro eta zuzengunearen bukaerako bihurgunera iritsi arte bertatik jarraitzen dugu. Bertan, ezker aldetik lurrezko pista bat abiatzen da, askaldegiaren ondotik. Basoan sartu eta eraikin bat inguratzen dugu ekialderantz bira bat burutuz. Jarraian, pistak iparrera jotzen du, baina GR11 bideak bihurgunean zuzen jarraitzen du IE aldera doan bidetik.
Artelatzen artean aurrera egiten dugu, pista eta seinaleztatutako mendiko-bizikletetarako prestatutako bideak alde batera zein bestera ikusiz. Ohiko margo txuri eta gorriei jarraituz, berriro ere errepidera irteten gara, Puig del Solà de Sant Pere mendiaren tontorraren bertikalean, gutxi gorabehera.
Asfaltotik 100 bat metro burutzen ditugu EIE norabidean eta eskuin aldetik abiatzen den lehenengo bidean sartzen gara. Berriro ere baso mistoan sartu eta berehala arreta artelatzen enbor gorrietara joaten zaigu. Bideak Bac del Can Sunyer gaina hegoalderantz zeharkatzen du eta jarraian bi diagonal lotzen ditu Clot de Mossen Roure aldera, ekialderantz. Bidegurutzean ezker aldera guztiz bira egin eta ubidearen beste aldera egiten dugu IIE norabidean.
Ubidea atzean utzi eta 200mtara bideak ekialderanzko joera hartzen du. IE aldera bira egin ostean, pista batean sartzen da eta bertatik jarraitzen dugu HE norabideari eutsiz, errepide nagusiarekin topo egin arte. Ekialderantz zubia igaro eta metro gutxiren buruan asfaltotik urruntzen gara ezker aldetik erabateko bira egiten duen pistatik. Bideak, Puig de la Creu mendiaren HM hegaleko lehenengo kontrahormaren hegalean gora egiten du.
PUIG DE LA CREU INGURATZEN
Mendebaldeko gandorrera iritsi eta HE aldera bira egiten dugu, kontrahormaren bizkarraren azpialdean kokatzen gaituen diagonal luze bat burutuz. Jarraian, bideak IIE aldera bira egin eta bizkarraren muinoa atzean utzi ondoren, bidegurutzean eskuin aldera eginez, Puig de la Creu mendiaren orografiari hegalaren erdialdetik jarraitzen dion pistara bideratzen gaitu.
Bi kanal zeharkatzen ditugu, Mina d’en Negrín meatzeak kokatzen diren Les Avalls inguruko eraikinetara iritsi aurretik. Eraikin nagusia atzean utzi eta bidebanatzean, eskuin aldetik IE aldera doan pistan murgiltzen gara, errepidera iren arte.
Behin errepidean, HE aldera jarraitzen dugu, Puig de la Creu mendiaren inguratzeari amaiera emanez. Errepideak iparrera egiten du Camí del Cementiri bidearen ondoan eta berriro ekialderantz jotzen du La Vajol herriko lehenengo hiru eraikinak atzean utzi dituenean.
Eskuin aldean udala utzi eta herria iparretik inguratzen duen errepidetik metro gutxi batzuk jarraitzen ditugu, txangoari amaiera eman aurretik.
ALBANYÀ-LA VAJOL 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
Bidean dauden herrietan hornitzeko aukerak daude
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude