GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 38. etapa: Talaixá-Albanyà
Ibilbidearen luzerari begira, txango ertaina aurrean daukagula esan genezake. Jaitsi beharreko metroak nabarmenki nagusitzen dira bertan (-1348m) eta garaieran 1000mko sabaia soilik behin gaindituko dugu. Zolen azpian mendi-bide, bide eta pistak izanen ditugu gehienbat, hala ere, bidearen bukaerako herena “zoru gogorretatik” ematen dira, batik bat zolatutako pista eta Albanyà inguruko errepideetatik.
Talaixà eta Sant Aniol arteko bideak baditu aipagarriak diren gune batzuk. Malkar batean zintzilikatutako terraza estu batetik ibiltzeko aukera izango dugu eta bailara aldera ikuspegi garbi eta apartaz gozatu ere. Begietarako opari paregabea, zalantza izpirik gabe. Sant Aniol ondoko esekitako zubitik ere igaro beharko dugu, amaierarik gabeko basoen arteko txango honetan.
Albanyà herrira jaisteko, GR11 bideak zolatutako pistari jarraitzen dio uneoro La Muga errekaren bazterrera iritsi arte. Hala ere, badira bide ofizialetik at dauden lasterbide batzuk pistaren maila desberdinak lotzen dituen mendi-bideak. Hauek hartu ditugu eta ondorioz, txangoari ia kilometro bete kendu diogu hormigoizko pistatik.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
SANT ANIOL INGURUKO TERRAZATAN
Talaixà-Albanyà ibilbidea lepoan bertan hasten dugu, aterpe libretik metro gutxira eta IE norabidea aurrean dugula. Basoan barneratzen gara, Coll de Balmeta azpiko zirkuaren arrorantz iparrera jotzen dugun heinean.
Ubidearen beste aldera egin eta bideak ekialderantz jotzen du. Mendi-bidea terraza batetik igarotzen da, ezker aldean Balmeta aldeko hegala eta eskuin aldetik basoa amiltzen delarik. Jarraian, La Querako hondakinak eskuin aldean utzita, arrastoen beste aldeko bidea hartzen dugu.
Lehenengo bidebanatzean, ezker aldera eginez bide nagusitik jarraitzen dugu eta bigarren bidebanatzean aldiz, eskuineko bideari jarraitzen diogu beherako joeran. Jaitsi ahala, harri eta harkaitzak nabarmentzen hasten dira eta hauekin batera terraza txiki batzuk ere. Seinale tantaia duen bidegurutzean, norabidea aldatu gabe zuzen jarraitzen dugu, ekialderantz.
Iparrera jo eta terraza estu batean sartzen gara, bertikaltasun handiko horma baten erditik esekita gora egiten duena. Pasarteak badu estugune bat, kable bidezko eskudela duena babeserako eta horrelakoetan ohikoa den moduan, ikuspegi paregabea ere.
Aurrera egin eta bi hartxingadi txiki zeharkatu ondoren IM aldera bira egin eta esekitako beste terraza batetik igarotzen gara. Honakoan, aurrekoan ez bezala, eroriaren aldea zuhaitz ilara baten “babespean” egiten dugu.
Basotik maila berean tarte bat egin ondoren, IE aldera bira egin eta Sant Aniol aldera jaisten hasten gara. Laura iritsi eta bidegurutzean eskuin aldera egiten dugu, aterpea eta baselizaren arteko bideari jarraituz, esekitako zubira iritsi arte.
COLL ROIG LEPORA IGOTZEN
Zubiaren beste aldean, eskuin aldera bira egin eta Riera de Sant Aniol errekaren ondotik hegoalderantz doan bidea jarraitzen dugu. Collet de clarioles lepoa kokatzen den muinoaren oina hegoaldetik inguratu eta errekak HM aldera egiten duenean bidebanatze bat topatzen dugu. Ubidearen ondotik doan eskuin aldeko bidea hartu eta berehala beste bidebanatze batera iristen gara. Seinale tantaiari erreparatu eta ezker aldetik doan bidea hautatzen dugu.
Ubidearen beste aldera egin eta bideak ekialdeko norabidea hartzen du basoan barrena gora eginez. Martanyà mendiaren ipar hegalean gora egiten dugun heinean, malda areagotuz doa. Behin hegalaren gandorrera iritsi eta beste aldera igarotzean, Coll Roig lepoan goialdea duen zirkuan sartzen gara. Hartxingadia zeharkatu eta arrora iristean, metro gutxi batzuk IM aldera egiten ditugu. Diagonal bat EHE norabidean burutu ostean, lepora iristen gara.
LEPOTIK LEPORA
Bidearen eskuin aldean dagoen lepoaren lau txikian atseden egin eta IE norabideari ekiten diogu ageriko bide zabal eta erosotik, Serra de Banyadors mendilerrora sarbidea ematen duen hegala moztu eta bertatik gora eta behera eginez. 450m lineal burutu ostean kamera berrabiatu (zuzenekoen kontua) eta hegalaren ubideak sortutako sakonunerantz jarraitzen dugu. Sakonunearen aurkako gandorrean dagoen Can Principi eraikinaren ondotik igaro eta IE aldera jarraitzen dugu Clot de Turmany ubiderantz.
Bidebanatze batera iritsi eta eskuin aldeko bideari jarraitzen diogu ubidera iristeko. Arroilaren beste aldera egin (guztiz lehor, grabaketaren egunean) eta HHE alderantz igotzen hasten gara, zirkua iparretik ixten duen gandorrera iritsi arte.
Gandorra atzean utzi eta soilgunean ekialdera jotzen dugu berehala gandorrera itzuliz apur bat gorago. Mendi bideak bat batean ekialdera jotzen du berriro eta gandorraren goialdetik metro batzuk beherago eramaten gaitu, mendi-bidea bat-batean pistan irteten den arte. Pistan HHE aldera jo eta 350m lineal burutu ondoren, Coll Principi lepora iristen gara.
Pistak eskuin aldera bira egin eta jaitsiera hasi eta gutxira banatu egiten da. Ezker aldeko bidea hartu eta ekialderantz emeki jaisten gara Coll de Bassegoda leporantz. Lepora iritsi aurretik beste bidebanatze batekin egiten dugu topo. HHE norabidean jarraitu eta lepora iritsi ondoren, bertako seinale tantaiari jarraituz, hegoalderantz egiten dugu, eskuin aldean Puig de Bassegoda mendia dugularik.
CAN NOU BIDEAN BEHERA
HM norabidera bira egin eta ezkerrera doan bihurgunearen ondoren, pista uzten dugu ezker aldetik abiatzen den mendi-bidetik. Hasiera batean, bidea ekialderantz jaisten hasten da, baina gutxira HE aldera bira egin eta baso harritsuan behera hasten da nabarmenki, alde batera eta bestera eginez Refugi de Bassegoda aterpearen aurrean bukatu arte.
Aterpea atzean uzten dugu IE aldera doan bidetik eta hegalaren arrora iristerakoan HE norabideari begira jartzen gara. Can Nou ondora iristen gara eraikin nagusia hegoaldetik inguratzen duen pistarekin bat eginez. Pistan gaudela, ezker aldera jotzen dugu hurrengo bidegurutzera iritsi arte. Bi eraikinen artean igarotzen den bidean sartzen gara, eraikin nagusia ezker aldean utziz.
ZORU GOGORRA MEDIO
Pista nagusiak ekialderantz bira egiten du Puig Escaleró mendiaren hegoaldeko kontrahormaren oina inguratuz, Collada de Can Nou lepoaren gainetik. Jarraian, lepotik datorren zolatutako pistarekin bat egiten du.
Hormigoizko pistak Puig eta Coll de Daina lepoaren arteko zirkuaren hegala alde batetik bestera zeharkatzen du eta jarraian mendilerroaren orografiari jarraitzen dio modu berean, Sant Joan de Bossols baselizaren kokalekuaren bertikala atzean utzi arte. Collet de Teiara iristen gara Can Noutik 3 kilometro ibili ostean. Lepotxoan, bideak erabateko bira egiten du eskuin aldera bertako bidegurutzearen ezker aldean dagoen seinale tantaiaren ondotik. Beste bi kilometro luze egiten ditugu oinen azpian hormigoia dugula, pistak beherako bidean ekialderanzko joerari eutsiz, sigi-saga hasi aurretik. Bertan, bidearen maila desberdinak zuzenean lotzen dituen mendi-bide bat bada, GR11 ibilbidetik at.
ALBANYÀ INGURUKO LASTERBIDEAK
Sigi-saga hasten den bihurgunean lehenengo lasterbidea hartu eta honen azpian kokatzen gara zuzenean. Ekialderantz jarraitzen dugu pistatik eta ezker aldera bihurgune itxi batera iristean, bigarren lasterbidea dugu zain. Lasterbidea ezkutatuta dago bihurgunearen kanpoaldean eta hurrengo mailara arte jaisten gaitu landarediaren artean. Berriro pistara irten eta metro gutxiren buruan hurrengo lasterbidea hartzen dugu, eskuin aldera doan bihurgunearen tangentetik.
Pistara bueltatu eta bertatik 250m lineal inguru ibiltzen ditugu, bideak bihurgune itxi bat ezker aldera egiten duen arte. Bertan dagoen lasterbideari jarraitu eta beste maila bat jaisten dugu. Hemen ere, ezker aldera doan hurrengo bihurgune itxiaren ondoan hartzen dugu azkeneko lasterbidea.
Guztira, bide ofizialari ia kilometro bete kendu diogu hormigoizko zorutik eta nahiz eta jasan beharreko malda handiagoa izan, oinek lur biguna zapaltzea eskertu dute.
Zolatutako pistan behera jarraitzen dugu, La Mugaren ubidea aurrean dugun arte. Eskuin aldera bira egin eta honen ondotik jarraitzen dugu, erreka ezker aldean dugula. Bisitariek inguruan dauden errekako putzuetan eguna eman dezaten, ahalbidetutako aparkaleku batzuen ondotik igarotzen gara Riera d’en Parada errekaren beste aldera doan zubira iritsi aurretik.
Zubiaren beste aldeko kanpina errepidetik inguratu eta ekialderantz jarraitzen dugu, La Muga errekaren gainetik doan zubira iritsi arte. Beste aldean, errepideari jarraitzen diogu Albanyà herrira iritsi arte. Norabiderik ez dugu aldatzen, elizaren dorrearen ondoko kalea ikusten dugun arte. Kalean sartu eta etapa bukatutzat ematen dugu.
TALAIXÀ-ALBANYÀ 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakSant Aniol bidean dauden terrazatan, adi lurra bustita bada
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakSant Aniol bideko terraza batean kable bidezko eskudel bat dago