GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 37. etapa: Molló-Talaixá
Jaitsiera nagusi den luzera ertaineko txangoa dugu Molló-Talaixà. Ibili beharreko 23 kilometroetan 800m metatzen dira goranzko bidean eta aldiz, 1200 baino gehiago jaitsieran.
Ibilbidean zehar mota askotariko zoruak zapalduko ditugu: errepideak, zolatutako pistak, mendi-pistak, bideak eta mendi-bide estuak besteak beste.
Ikuspegiari dagokionez mendi eta orratz gutxi gaurkoan, bidearen zati gehiena baso itxian ematen da eta. Hala ere, bada ingurura begirada bat emateko aukera eskaintzen duen soilgunerik. Bidearen seinaleztapen maila, oro har, ona dela esan dezakegu eta egunean zehar arazo handirik ez da basoko bideei jarraitu ahal izateko, betiere, ohiko arreta mantenduz. Gainera, landarediak bideetatik at ibiltzeko oztopo nahiko jartzen ditu, zolen azpiko zoruari begiratu gabe eta horrek norabide egokian mantentzea errazten du guztiz.
Txangoaren interes gune nagusienetako bat naturaren eremutik at dugu, izan ere Beget herrian aurkitzen dugun harrizko arkitekturan topatzen dugu zer mirestu. Hala ere, oparietan opari Talaixàk ematen duena. Mahai baten bueltan familiarekin afaria, iturria ondoan dugula, gertuko mendiak udako iluntzeko kolore gorrien argipean eta bestelako gizasemerik gabe inguruan.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
LA BOIXEDA INGURUKO BELAZEAK
Molló herriaren enparantza nagusian hasten dugu ibilbidea, eliza aldera doan kalean behera, IE norabidean. Errepidera iritsi eta ezker aldean dagoen biribilgunera gerturatzen gara. Lehenengo irteera hartu eta errepidetik jarraitzen dugu elizaren kalearen azpian kokatu arte. Pasarte hau, kale bien arteko eskilarak baliatuta laburtu daiteke guztiz.
Eskilarak atzean utzi eta errepidetik irteten gara ezker aldetik erreka aldera jaisten den zolatutako bidetik. Errekaren aurrean dagoen bidegurutzean, hegoalderantz jo eta HM norabidean bira bat burutuz, etxe batzuetara iristen gara. Ubideari jarraitzen diogu eta bihurgune itxi baten erpinetik zuzen abiatzen duen bideari jarraitzen diogu. Errekaren beste aldera egin eta goranzkoak hasten dira. Azken eraikinak atzean utzi eta bideak HE-tik H-ra luzatzen den arku bat marrazten du orografiari jarraituz.
Gandor txiki batera iristen gara. Bertan dagoen seinaleztatutako bidegurutzean zuzen jarraitzen dugu eta HE norabidean belazea zeharkatzen dugu hurrengo ubidera iritsi arte. Elektrizitate linearen azpitik igaro eta norabideari eutsiz, beste belaze handi bat zeharkatzen dugu. Bukaeran seinale tantaia duen bidegurutze batera iristen gara. Pistaren beste aldeko belazearen ataria atetik igaro eta aurrean ikusten dugun zuhaitz bakartiaren ondotik igarotzen gara, ekialderantz. Sailaren azpialdera iritsi eta ubidearen beste aldera egin ondoren, HE norabidea hartu eta basoan sartzen gara. Bideak pista belartsu batekin bat egiten du aurrerago, eta norabideari eusten diogu pistan behera, Coll de la Boixeda lepoko errepidera iritsi arte. Bertan, aparkalekuaren ondoko informazio panelera gerturatzen gara.
MENDI-BIDE ETA PISTEN ARTETIK
Panelaren aurreko bidearen eskuin aldetik basora jaisten den mendi-bidean sartzen gara IE norabidean. Basoko bideak errepideari jarraitzen dio, baina modu nabarmenagoan jaisten da. Basoa itxia den arren eta landaredi anitz duen, bideari jarraitzeko arazo handirik ez dago, hala ere, zuhaitzetako margoei eta lurrari adi ibiltzea komeni.
Can Pujol etxearen ondotik igaro eta E norabideari eutsiz, pistan gora jarraitzen dugu bideak ezker aldera doan bihurgune batean, seinale tantaia duen bidegurutze bat topatu arte. Zuzen jarraitu eta aurrean dugun Comanegra mendia erreferentzia gisa hartzen dugu, inguruko gainontzeko mendien artean adierazgarriena izanik. Bidearen zabalera handiagotzen doa, basora gerturatu ahala eta iritsi orduko pista dugu zolen azpian.
Iparrera bira egin eta beste pista batekin egiten dugu topo, bien arteko bidegurutzean H norabidea hartuz. Soilgune batean kokatzen den Can Planes eraikinaren ondotik igaro eta E aldera 200m inguru egiten ditugu bidegurutze batera iritsi arte. Bihurgunearen ondoan, hegoalderantz lasterbide gisa egiten duen mendi-bidea hartu eta berriro pistarekin bat egiten dugu. Eraikina hegoaldetik inguratu eta errekaren ondotik jarraitzen dugu, gutxira aurkako bazterrera igarotzeko.
Aurrerago, bidea banatu egiten da eta M norabidean jaisten den bidean sartzen gara eta Castell de Rocabruna mendiaren oina hegoaldetik inguratu ere. Inguraketa amaitu eta IE norabideari begira gaudenean, errepidera irten eta bertatik 100m burutzen ditugu ekialderantz. Errepidea eskuin aldetik uzten dugu, bi bazter-babesen artetik abiatzen den seinaleztatutako mendi-bidetik. Basoan berriz, errekaren beste aldera egiten dugu zubia baliatuz eta eskuin aldean dugun ubideari jarraitzen diogu HE norabidean.
XARMA HANDIKO HERRIA
Ertza aldatu eta ageriko bideak berriro errepidera bueltatzen gaitu. Hala ere, ubidearen ondotik seinaleztatuta dagoen beste mendi-bide bat ere bada. Errepidetik 50m burutu eta bideak berriro basora jaitsi arazten gaitu, aurretik aipatutako mendi-bidearekin bat eginez. Aurrerago mendi bideak beste behin ere, errepidera ateratzen gaitu. Beste aldera zeharkatu eta errepidearen gainetik paraleloan jarraitzen duen bidetik jarraitzen dugu.
Errepidera azken aldiz jaitsi eta 100m aurrerago, ezker aldera basotik jaisten gara, ia errekaren mailara jaitsiz. Bideak Beget herriaren aparkalekura eramaten gaitu eta errepideraino gerturatzen gara berriro. Bidegurutzean, ekialderantz doazen hiru bideen artean, erdian kokatzen dena hautatu eta Beget herrian sartzen gara elizaren eskuin aldetik. Riera de Beget erreka zeharkatzen duen zubiaren beste aldera jo eta HE norabidean jarraitzen dugu.
RIERA DE BEGET ONDOTIK
Kalearen bukaeran, Torrent dels Trulls errekaren gainetik doan zubia kokatzen da. Beste aldera jo eta berehala eskuin aldetik jarraitzen dugu, ubidearen ondo bideari jarraituz errepide nagusian bukatu arte.
Errepidean HE norabidean tarte bat egin ondoren, errekaren beste aldera doan zubi baten aurretik dagoen bidegurutzean, ezker aldera abiatu eta ubidea eskuin aldean duen bidean sartzen gara. Bideak ekialderantz bira egin eta kilometro eta erdi eskas bertatik ibili ditugunean, bidebanatze bat ageri da aurrean. Eskuin aldeko adarretik jo eta errekaren aurrean kokatzen gara. Bertan zubirik ez da eta aurkako ertzera iristeko, harriz harri ibili behar dugu. Beste aldean bidegurutze bat dugu zain. Ezker aldetik doan bidea hautatu eta La Fargaren aurrealdera iristen gara. Pistatik irten eta lursailaren itxituraren ondotik HM aldera doan mendi-bidean sartzen gara
Basora iritsi eta berehala bidea garaiera irabazten hasten da, Puig de Bestraçà mendiaren mazela HE norabidean mozten duen heinean. Bideak gandorrean hegoalderantz bira egiten du, Coll dels Mulls izeneko lepoan eta aurkako isurialdean sartzen gara maila berean mendebalderantz joanez. Aurrerago, Les Feixanesen hondakinen inguruan jarraian dauden bi bidegurutzeetan, ezker aldera joan behar dugu HE aldera bira egiten dugun bitartean. Bidea pistatik jarraitu eta beheranzko joera hartzen du berriro.
Kilometro erdiren buruan, bideak hegala mozteari utzi eta zuzen jaisten du sigi-saga eginez, basotik irten eta soilgune batean dagoen Coll Joel lepora iritsi arte.
LEPOEN ARTEAN
Soilgunean bira egin eta lepoaren punturik gorenera doan arrapalaren ondotik, HE norabidean jaisten hasten gara ageriko bidetik, zuhaitzen artean.
Bideak IE aldera egin eta pista ixten duen atea zeharkatu ondoren, errekaren beste aldean kokatzen den Sant Miquel d’Hortmoier eliza erromanikora doan bidea ikusten dugu. Erreka ezker aldean dugula, aurrera jarraitzen dugu El Ferran eta Cresta del Gall ertzaren arteko pasabiderantz, HE norabidean.
Pasartera iritsi aurretik, ezker aldera soilgune bat zabaltzen den gunean, seinaleztatutako bidegurutze batera iristen gara. Pistatik irten eta ezker aldera jotzen dugu, zubia baliatuz, errekaren beste aldera egin eta Talaixà lepora doan bidea hartzeko. Mendi-bidean mantentzen gara IM norabidean bidebanatzeei jaramonik egin gabe, pistan sartu arte.
TALAIXÀKO IGOERA
Pistatik metro gutxi batzuk IE aldera ibili eta eskuin aldeko mendoitzean dagoen seinaleztatutako irekigunetik irteten gara. Arrakalaren aurrean, GR ibilbideak erabiltzen dituen ohiko koloreekin margotutako zurtoin bat dago, bidearen bihurgunea adierazten. Mendi-bideak, pistaren ondotik jarraitzen du hegala moztu ahala, baina mendebaldeko gandorrera iristerakoan, ekialderantz bira egin eta zuzen igotzen da berriro pista topatu arte.
Pistaren beste aldera jo eta honen albotik, IE norabidean gora egiten duen mendi-bideari ekiten diogu. Bailararen arroilara iritsi eta HE norabidera bira egiten dugu, bidea ixten duen ate baten aurrean kokatuz. Atearen beste aldetik segi eta pistaren mailaren gainetik igotzen jarraitzen dugu.
El Vaquer gaineko bidegurutzean, mendi-bideak ekialderantz bira egin eta azkeneko aldiz pistarekin egiten du topo. IE norabidean, etenik gabeko maldan gora egiten dugu beste arroila batera iritsi arte. Ubidearen aurkako aldetik HM norabidean metro gutxi batzuk burutu ondoren bidegurutze baten aurrean kokatzen gara. IE norabidean gora egiten duen bidea hartu eta minutu gutxitan, Coll de Talaixà lepora iristen gara.
MOLLÓ-TALAIXÀ 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude