GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 33. etapa: Puigcerdá-Planoles
Etapa luze eta orekatu honetan, bai goranzko bidean zein beherakoan 1100m desnibel inguru metatzen dira Puigcerdá eta Planoles herrian dagoen kanpinaren artean dauden 28 Km-etan. Behin herrien arteko errepideak atzean utzi ditugunean, mendi-pistak gailentzen dira nabarmenki, bide eta mendi-bideekin alderatuta.
Etapa honek zailtasun teknikorik ez duen arren eta bertan erritmo azkarrak mantentzea erraza beharko lukeen, badu abiadura baldintzatu dezakeen elementu bat. Nahiz eta aurkako norabidean zetozen mendizale orok adierazita, jakinaren gainean ginela ere, ezin sinetsi topatutako seinaleztapenaren egoera (grabaketa egin genuen epean, 2020 eta 2021 urteetan).
Okerreko norabideetara begira dauden seinale tantaiak, pasarte luzeetan margo-seinaleztapenik ez, GR margoak botatako zuhaitzetan, seinalerik gabeko bidegurutzeak eta mantentze-lanik gabeko mendi-bideak. Guzti hauen ondorioz, okerreko bideren bat hartzea bada, beraz tentuz ibili behar da egoera bere horretan dirauen bitartean.
Hori bai, behar bezala markatuta, bideak baditu osagai nahiko gozamenerako. Basoen arteko ibilaldi luzeak, eremu ireki anitz eta La Molina aldera ikuspegi aparta duten goi-larreak.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
HERRIEN ARTEAN AURRERA EGINEZ
Puigcerdá herriaren mendebaldean kokatzen den Pont de Sant Martí zubiaren ondotik abiatzen gara, kalean gora HE norabideari eutsiz biribilgune batera iritsi arte. Ekialdeko irteera hartu eta trenbidearen gainetik doan zubia igaro ondoren, eskuin aldera jotzen dugu errailen ondotik HE norabidea jarraituz. Gasolindegiaren albora iritsi eta ezker aldera egiten dugu, Avinguda de Catalunya etorbidean. Hurrengo kalean eskuin aldera jo (Avinguda dels Pirineus) eta bertatik jarraitzen dugu errepide nagusia aurrean dugun arte, hirigunearen hegoaldean.
Herria atzean utzi eta errepidearen beste aldera egiten dugu, Camí de Age bidean aurrera eginez, ezker aldean azken etxebizitzak ditugula eta aurrean industria gunea. Etxebizitzak bukatzen diren lekuan dagoen bidegurutzean, ezker aldeko bidea hartzen dugu eta hurrengo kilometro eta erdia bertatik egin ere HE norabidean, Age herrira iritsi arte.
Herriaren atariko bidegurutzean, seinaleztapen falta dela eta, ezker aldeko bidea hartzen dugu, herria zeharkatuz. Bideak ordea, eskuin aldeko errepidetik jarraitzen du. Edozein kasutan, bi bideek Vilallovent herrira doan errepidearekin egiten dute bat, hegoalderantz doan lehenengoa izanik.
Herritik irten eta errekaren beste aldera zubitik iritsi ondoren, errepideak HHM aldera jotzen du, Vilallovent herrirantz zuzenean. Beste behin ere, seinaleztapen ezak herritik ibilbide turistikoa burutzera gonbidatzen gaitu, hala ere, ibilbide birtualean ez dugu sartu. Beraz, herriaren atariko bidegurutzean, zuzen hegoalderantz jarraituz, aurkako aldean kokatzen den azken urbanizazioaren ezker aldera iristen gara.
PISTEN ARTEAN, SEINALEEN BILA
Urbanizazioaren goialdera iristen gara. Bideak hormigoia atzean utzi eta mendi-pista bilakatzen da hemen. Gorago dagoen etxe txuri batera iritsi aurretik, bidegurutze bat dago non elektrizitate zurtoin batek bi bideak banatzen dituen.
Ezker aldetik doan bidean sartu eta berehala hastan gara garaiera nabarmenki irabazten, pista nagusiari metroak kentzen dizkiogun bitartean. Pista nagusian berriro sartu eta EHE aldera metro batzuk burutu ostean, eskuin aldeko lasterbidea hartzen dugu pistak eskuin aldera bira egin aurretik. Egia esateko, lasterbide honek soilik 40m kentzen dizkio pista nagusiari, beraz, desbideratzeak ez du ez abantailarik ezta zentzu handirik ere.
Lasterbidearen ondoren, hegoaldera begira gaudela, pista nagusitik jarraitzen dugu, bertatik adartzen diren bestelako pista edota mendi-biderik hartu gabe hurrengo 2 Km-tan. Puntu horretatik aurrera, pistaren malda areagotzen da eta eskuin aldeko ubidea gertuago dugula sumatuko dugu. Pistak ekialderantz jo aurretik, eskuin aldeko bazterra zabaltzen da eta bertatik ubiderantz doan mendi-bide bat abiatu ere. Mendi-bidean sartu eta ubiderantz jaisten gara, haren ondotik gorantz jarraituz.
TORRENT DE MONTAGUT UBIDEAREN ONDOTIK
Pasarte honetan, mendi-bidea ubidearen ondotik doa uneoro, betiere zuhaiztiaren lehen ilararen parean, alde batetik zein bestetik. Goialdera iristerakoan, zuhaiztitik irteten gara eta ageriko biderik gabe aurrera jarraitzen dugu. Ubidea Hetik datorrela ikusten dugunean, aurrean dugun maldan hegoalderantz igo eta aurrera jarraitzen dugu goialdetik Coll de Marcer leporantz doan pista topatu arte.
Gainera iritsi eta aurrean dugun lehenengo pista zeharkatzen dugu, bigarrenean sartu eta HE aldera bira eginez, seinale tantaiaren ondoan. Pistatik jarraitzen dugu bertatik 3 Km pasatxo EHE norabidean ibili eta pistak mendebalderantz guztiz bira egiten duen arte. Bihurgunearen erpinean, ezker aldetik datorren ubidearen ondotik, pistatik aldentzen gara eta HE norabidean igotzen jarraitzen dugu.
Ubidea hasten den lekutik gorago, eskuin aldera bira txiki bat egin eta mazela diagonalean igotzen dugu hormigoizko zedarri baten bila. Bertatik, goialdeko zuhaiztiaren ondoan dagoen seinale tantaia ikus daiteke. Zedarria bilatuta, HE norabideari eusten diogu goialdeko zuhaitz eta aipatutako seinale tantairantz zuzen. Tantaian, hegoalderantz urruntzen diren gurpil-arrastoei jarraitzen diogu, lepoa hegoaldetik inguratu eta bertatik datorren pistan sartuz, EHE norabidean.
MUGEN ARTEKO BIDETIK
Mugatik doan pistan HE norabideari eusten diogu, Torrent de Saltèguet errekaren parera iritsi arte, B-501-VI zedarriaren parean. Pistak gora eta beherako batzuk burutzen ditu erreken artean eta horietako bat probesten dugu urontziak bete eta jasotakoa edateko ur bihurtzeko, jakin ere badakigu, Dòrria herrira iritsi arte ez dago eta hornitzea bermatuta.
Zedarriaren ondoren, bideak goranzko arku luze bat burutzen du hegoaldetik abiatura HE aldera eta bitartean, Coll de la Creu de Meians lepora dauden ia 100m-ko garaiera nabarmenki gainditzen ditu.
Lepora iristeko falta diren azkeneko metroak belazetik burutzen dira, gurpil-arrastoei jarraituz mendiaren bi isurialdeak banatzen dituen hesira iritsi arte. B-502 zedarriaren ondoan, langaren beste aldera zeharkatzeko ataka eta seinale tantaia kokatzen dira.
Eskuin aldean, lepoari izena ematen dion gurutzea ikusgai.
SEINALEEK KALE EGITEN DUTENEAN
Hesiaren beste aldera egin eta ekialderantz jarraitzen dugu mendi-bidearen bila. Zuhaiztira iritsi baino lehen berriro ageri da bidea. Zuhaixkak hasten diren eremuan bidegurutze bat dago. Bertan hegoalderantz jaisten den bidea hartzen dugu eta basorantz zuzen jaisten gara. Gogoan izan behar da norabidea aldatu gabe zuhaiztiaren beste aldera iritsi behar dela, horretarako, basoko mendi-bidetik irten eta aurreko belazean biderik ez bada ere, bertan sartu behar da.
Bertan dagoen ageriko bide bakarra, basoko mendi-bidea da eta HE norabiderantz bira egin eta metro batzuk aurrerago, zuhaixken artean desagertzen da guztiz. Bestetik, basoa utzi eta belazean sartu behar dela adierazten duen GR aztarnarik ez dago (grabazioa burutu zen urteetan, 2020 eta 2021). Aldi berean, ageriko arrastorik ez dago belazean, eta ikusgai dagoen aztarna bakarra, lurrean botatako zuhaitz batetan dago, basora jaisten den bidearen ardatzetik eskuin aldera, 30 bat metrotara. Baldin eta bilatu behar dena oso argi duzun eta begirada nora luzatu, edo logikari jarraituz, mendi-bidea jarraitu eta bidea galtzeko aukera asko daude. Gainera, adar baxuko eta zuhaixkaz betetako baso itxia izanik, behin bidea galduta aurrera egin edota lursailaren irakurketa bat burutzea oso neketsua da.
Zuhaiztia hegoalderantz zeharkatu eta hurrengo belazean, ubidea eskuin aldean dugula, jaisten jarraitzen dugu, lepotik abiatuta itzulinguru bat eginez datorren pista topatu arte.
AGERIKO BIDETIK
Pistan murgilduta, IE aldera luzatzen den bira burutu eta Torrent de Sant Salvador errekaren ondoko zeta tankerako bihurgune bikoitzera iristen gara. Lehenengo bihurguneak hegoaldera begira jartzen gaitu eta bigarren bihurgunearen erpinean dagoen bidegurutzeari jaramonik egin gabe, berriro ere IE aldera bira egiten dugu. Bihurgunea eman eta berehala pistatik aldentzen den eskuin aldeko mendi-bidean sartzen gara.
Bideak, pistaren azpitik paraleloan aurrera egiten du, tarteka mendi-bidea desagertzen da eta denboraren aldetik ere ez du abantaila handirik eskaintzen. 400m burutu ostean, bi bideak lotzen dituen arrapala hartu eta berriro ere pistan gara.
Mapa askok GR bidea pistaren azpitik paraleloan doan mendi-bidean kokatzen dute, baina bide hori landarediak estaltzen dituen hamaika zuloz josita dago. Zuloak ezin ikustearen ondorioz, denbora nahiko galtzen da aurrera egiteko orduan eta bihurdura baten ondorioz mina hartzeko aukerak areagotu ere. Batez ere, zeharkaldia zamarekin egiten bada.
Berriro pistan, ekialderanzko joera mantenduz, 5 bat Km egiten ditugu Dòrria herrira iristeko. Herrira iritsi baino 2 Km lehenago, pistak sigi-saga txiki bat egiten du. Sigi-saga horiek osatzen dituzten bihurguneen artean badira markatutako lasterbide batzuk, baina guztira 130m inguru aurrezten dira soilik.
BOSC DE BERNAT BASOAREN AZPITIK
Herriaren atarian dagoen bidegurutzean, ezker aldeko bidetik jarraitzen dugu. Bideak, Dòrria inguratu eta behealdera eramaten gaitu, etxeen artean sartu eta bertako biztanleriaren ohiko bakea aztoratu gabe.
Errepidera irten eta metro gutxi batzuen ondoren, ezker aldetik iparrera doan pista bat ikusten dugu, seinale tantaia baten ondoan. Bidean sartu eta lehenengo bidebanatzean, eskuin alderantz jotzen dugu, aurrera eginez Torrent Petit errekara iritsi arte.
Errekaren beste aldera egin eta EHE alderantz aztarnak jarraitzen ditugu, ezker aldean harresi bat duen mendi-bidetik. Bitxikeria moduan, ibilbidean agertzen diren hasierako 200m-ak ez datoz bat 2020 urtean egin genuen bidearekin, antza, 2021 urtean kirol-froga baten ondorioz bide-aldaketa bat egin dute eta. Ez dakiguna da ea aldaketa hori behin-behinekoa izan den edo ez.
Edozein modutara, pasartearen ondoren, bideak berriro bere ohiko mendi-bidea hartzen du. Torrent Gros errekaren beste aldera egin eta gora eta behera eginez, bideak HHE norabidean aurrera egiten du, baso eta soilgune artean. Puig de Dòrria mendiaren oina hegoaldetik inguratzen dugu, EHE norabidean emeki metroak galtzen ditugun bitartean.
HERRITIK AT DAGOEN ETAPA BUKAERA
Mendi-bidea gero eta gehiago zabaltzen da, gurpil-arrastoak agertu eta pista baten antza hartuz. Bertatik jarraitzen dugu lurra atzean utzi eta hormigoia agertzen den arte. Bertan, bidegurutze bat dago, eskuin aldean seinale tantaia duena. Ezker aldetik gora egiten duen arrapalan murgildu eta IIE aldera egiten duen bira burutzen dugu Riu de Planes errekaren aldera.
Bideak guztiz bira egin eta hegoaldera begira jartzen gaitu, HE aldera okertzen den goranzko arku baten aurrean. Goialdean dagoen tantaidun bidebanatzean, eskuin aldeko bidea hartu eta minutu gutxitan Planoles herrian dagoen kanpinera iristen gara, etapari amaiera emanez.
PUIGCERDÁ-PLANOLES 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakErrekak badira bidean zehar, baina edangarritasuna eta hornitzea bera ez daude bermatuta
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakSeinaleztapena dela eta, bidea ez galtzeko arretaz ibili behar diren zenbait puntu badira
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude