GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 30. etapa: Arinsal-Encamp
Arinsal-Encamp etapa gogorrak Andorrako baso liluragarriak zeharkatzen ditu nagusiki. 21 Km-tako txango honetan 2000m-ko garaiera gainditu ez arren, ibilbidea bukatu orduko ia 1600m igo behar izan ditugu eta 1800m jaitsi.
Lurrezko mendi-bide erosoak nagusi dira gaurkoan, hala ere, etengabe gora eta behera ibiltzeak energiaren dosifikazioa ongi neurtzea eskatzen du eta horrekin batera oin-zoletako tenperatura eta hezetasun maila ere, batez ere bero denean.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
BASO GIROA
Arinsal herriaren irteeran dagoen tunelaren ekialdeko ahoan hasten dugu gaurko txangoa. Hasi bezain laster, errekaren beste aldera egiten dugu zubia medio eta kalean behera hasten gara ekialderantz.
Supermerkatuaren ondoren dagoen biribilgunean, Les Feixes urbanizaziora doan ezker aldeko adar-bidean sartu eta errepidean gora hasten gara goialdeko etxeen parera iritsi arte. Kaleak egiten duen azken bihurgunera iritsi baino lehen, ezker aldeko zirkuaren azpialdetik basorantz doan mendi-bidean sartzen gara.
Gogor hasten da bidea, GR ibilbideko ohiko margo arrasto eta puntu horiekin markatutako zuhaitzen artetik. Bidean gora egin ahala malda areagotuz doa, hala ere, lurrezko bidea erosoa suertatzen zaigu eta ez du inolako trabarik egiten aurrera jarraitzeko. IIM aldera diagonal bat burutu ondoren, bideak IE aldera o eta laster batean Coll des Cases lepoa dagoen soilgunera iristen gara.
Seinale tantaiak IIE aldera bideratuta bailararen hondorantz hasten dugu jaitsiera. Arrora iritsi aurretik, bideak ekialderantz 150m-ko desnibela jaisten dituen diagonal luze bat egiten du, zuhaitzen artetik hara eta hona, hegalaren maldari aurre egiteko. IIE aldera bira egin eta berriro ere arroan kokatzen gara.
Emeki, bideak kanalaren ipar-hegalerantz eramaten gaitu, aurkako aldean baita basoaren irteera Arans herritik gertu. Errepidera ageriko bidetik jaitsi eta eskuinera eginez, kalean behera jarraitzen dugu. Bi bihurgune egin eta ezkerretara dagoen kale estu batek errepide nagusira iristeko lasterbidea eskaintzen digu, ekialderantz.
ETENGABEKO GORA-BEHERAK
Errepide nagusia ekialderantz zeharkatu eta zubia igaro bezain laster, etxearen aurrean hegoalderantz jotzen dugu. Ruta del Ferro deritzon bidea jarraitzen dugu errekaren ondotik hurrengo zubira iritsi arte. Zubitik beste ertzera joan eta kalean behera jarraitzen dugu espaloitik.
La Cortinadako biribilgunera iritsi aurretik, ezker aldean dagoen zubia zeharkatu eta berehala eskuineko kaletik jarraitzen dugu (Carrer del Solà), alde batean Centre Nature naturgunea dugula eta bestean golf zelaia. Mendi-bide batek jarraitzen dio kalearen amaierari eta metro gutxitan maldan gora hasten da Bosc del Tosquer basoan zehar, mapa batzuetan Collet de Les Planes moduan izendatutako soilgune batera iritsi arte.
Isurialdea aldatu eta maila berean jarraitzen dugu EIE norabidean kanalaren arrora iristen garen arte. Aurkako hegalean sartu eta bideak hegoalderanzko joera hartuz, gora eta behera egiten du Ordino herriaren iparrean dagoen hegalera iritsi arte. Hegala basotik zeharkatzen dugu beherantz emeki, mendi-bideak Riu de Casamanya errekaren ondotik doan bidearekin bat egiten duen arte. Seinale tantaiak adierazi bezala, bidegurutzean eskuin aldera egin eta pistan behera jarraitzen dugu, eskuin aldera bihurgune estu bat egin eta bideak ubidearekin topo egiten duen arte. Jarraian, pistak ubidearen meandroari jarraituz eskuin aldera bira egiten du Ordinora iritsi aurretik. Bihurgune horrek marrazten duen arkua bete aurretik, ezker aldean seinale tantaidun bidegurutze batek ubidetik urrundu eta Riu de Les Aubes errekaren ondotik gorantz hasten gara ekialderantz.
Ordino eta lepoaren artean
Ubidearen beste aldera egiten dugu zurezko zubi bat medio eta altimetroari metroak gehitzen jarraitzen diogu hurrengo soilgunera iritsi arte norabideari eutsiz. Hesi baten bidez itxitako pista eskuin aldean utzi eta honen ondotik jarraitzen dugu berriro ubidea aurrean dugun arte. Ubidearen beste aldean kokatzen gara lursailaren hesia ezkerrean dugula eta IE aldera bideari jarraitzen diogu.
Lloc del Repós de Redort gunean norabidea aldatu eta bertara iristen den pistatik metro batzuk egiten ditugu mendebalderantz. Gutxira, ezker aldetik abiatzen den mendi-bide batek aurreko norabidera bueltatzen gaitu berriro ere goranzkoan. HE aldera begira uzten gaituen zeta bat burutu ondoren, eskuin aldean errepidearen ondoan dagoen iturridun askaldegi bat topatzen dugu.
Bidean jarraituz, gutxira seinale tantaia duen bidegurutze batekin egiten dugu topo eta IE norabidean jarraitzen dugu Coll d’Ordino lepoan dagoen errepidean bukatu arte.
HERRIRA JAISTEN
Errepidearen beste aldera egin eta metro gutxi batzuk HE aldera ibili ondoren, lepoaren lauan dagoen orientazio-mahaia eta seinale tantaiaren ondora iristen gara. Bertan ekialdera begira jarri eta zuzen jaisten hasten gara arrotik basorantz. Metroak galdu ahala, bidea ageriagoa egiten da eta arazorik gabe jarraitzen dugu hurrengo soilgunera iritsi arte, azken hau maila berean HE norabideari eutsiz zeharkatuz.
Basoan sartu eta Bony des Neres mendiaren ekialdeko hegala goranzko aldapa txikian inguratzen hasten gara, hegoalderantz bira luze bat egiten dugun heinean, hego isurialdean sartzen garen arte. Bideak nabarmenki egiten du beherantz basoan alde batera eta bestera eginez, betiere HHM norabiderantz joera duela. Gandorraren mailatik 150m beherago dagoen bidegurutzean ezker aldera egiten dugu basoaren hegoaldeko mugaren bila, kilometro erdi aurrerago.
Basotik at, mendi-bidea hegoalderantz bortizki jaisten hasten da zuhaizti eta soilguneen artean, Encamp herria bistan dugula. Lehenengo etxeak Torre dels Moros dorrearen oinaren ondotik HM norabidean jarraituz topatzen ditugu.
Galtzada-zola atzean utzi eta kalean sartu eta ezker aldean dauden eskilaratatik jaitsi daiteke bideari jarraitzeko edo aurrean dugun etxea errepidetik inguratu, nahi bezala. Edozein kasutan, HE norabidean, kalean behera jarraitzen dugu Riu Valira d’Orient erreka zeharkatzen duen zubira iritsi arte. Zubiaren beste aldera egin eta HM norabideari eusten diogu Av. De Rouillac hiribidetik Riu Aixec erreka zeharkatzen duen zubira iritsi arte.
ARINSAL-ENCAMP 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakEtaparen hasieran zein bukaeran lo egiteko aukerak daude
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean errekak daude. Hornitzea ez dago bermatua.
Herrietan ura hartu daiteke
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude