GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 29. etapa: Baiau-Arinsal
Baiau-Arinsal etapa honetan Andorrara iristen gara GR11 bidean dagoen lepo nagusi eta gogorrenetako bat igo eta Comapedrosako bidetik jaitsi ondoren.
Goialdeetako hartxingadi lehorretatik, 2000m azpitik hedatzen diren baso zabaletara igaroko gara txangoan ibili beharreko 8,7 Km-tan. Guztira ia 400m-ko desnibela igo eta 1300m baino gehiago jaitsi ere, Arinsal herrira iritsi arte.
Jatorrizko etapa Arans herrian bukatzen da, baina grabaketa egiterako orduan segurtasuna bermatu nahian laburtzea erabaki genuen. Izan ere, iragarri gabeko ekaitzak Estany Negre lakuetatik beherako bidea grabatzen harrapatu gintuen bete-betean (ibilbide birtualean ikusgai).
Arans herrira joatekotan, aipatutako bideari 6 Km inguru gehitu beharko zaizkio, 600m desnibel positiboan eta 750m inguru negatibo.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
GOI-MENDIEN XARMA BUELTAN DA
Txangoa Refugi de Baiau aterpearen atarian hasten dugu ekialdera begira, hain zuzen Roca Entravessada eta Agulla de Baiau mendien artean dagoen lepora. Aterpearen eskuin aldetik igaro eta Estany de Baiau lakura jaisten gara bi harkaitz-zerrenden arteko belarreko kanal txiki batetik.
Lakua iparretik inguratu eta honen ekialderantz jotzen dugu, hartxingadiak uretara jaisten den gunera. Hartxingadia lakuaren ertzetik zeharkatu eta ubidera iritsi aurretik ekialderantz jotzen dugu, esekitako lau txiki batera doan belardun kanal batetik gora.
Lauaren hondora iritsi aurretik, eskuineko hegal malkartsura sarbidea ematen duen arrapala baliatzen dugu, bertara igo eta aurrera jarraitzeko. Berehala, bira itxi bat burutu eta HHM norabidean, 50m-tan luzatzen den korridorea zeharkatzen dugu.
GRko margo eta zedarriak jarraitzen ditugu HHE norabidean dagoen hartxingadirantz. Oineko bloke handien artean alde batera eta bestera egiten dugu, ibiltzeko erosoagoa den eremura iritsi arte. Noski, hartxingadien erosotasun maila erlatiboan…
Goranzko diagonal bat burutzen dugu, Port de Baiau gainaren mendebaldeko horma gainditu eta HE norabidean igotzen den Portella de Baiau lepora ematen duen kanalaren aurrean kokatu arte. Bideak malda bortitzean sigi-saga egiten du eta nekez egiten dugu gora, leundutako zoruak eta harri askeek trakzioa etengabe galdu arazi eta irrist egitera eramaten gaituelako. Kanalaren azkeneko zatia, maldarik gogorrena duena, eskuin aldeko hormaren ondotik igotzen dugu, bertan akaso helduleku irmo bat dugulakoan.
Andorrako goi-ataria
Lepotik, Comapedrosa mendiaren mendebaldeko hegala ikusgai dugu aurrez aurre eta gailurretik hegoalderantz begiratuta, Estany Negre lakuaren atzealdera jaisten den gandorra. Hegoaldera bira egiten dugu ageriko biderik gabe, baina galtzeko arriskurik gabeko eremuan, harri eta belarren artean sakabanatuta dauden margo eta zedarriak jarraituz.
Bailararen sakonunetik gertu dagoen seinale tantaira iritsi eta hortik aurrera bidearen arrasto garbia ageri da. Bertatik, Estany Negre lakura zuzen jaisten gara HHM norabideari eutsiz. Lakua ekialdetik inguratu eta aurreko norabidea mantenduz, Estanys de Comapedrosa (uraren maila altua denean, laku bakar baten moduan agertzen da) lakuetara hartxingaditik jaisten gara.
Aurrekoarekin lez, ekialdeko ertzetik inguratu eta hegoaldeko hustugunearen ondotik jarraitzen dugu beherako bidea egiten HM norabidean. Arrapalaren beheko zatian malda areagotu egiten da eta bideak sigi-saga egiten du zirkuaren erdialdera iritsi eta ekialderantz jo aurretik.
Ekialderantz begira, ubidearen beste aldera egin eta eskuin aldetik jarraitzen dugu bailaran behera bide erosotik, zirkuaren atarian dagoen muinora iritsi arte. HHE aldera bira egin eta aldapa igotzen dugu, muinoaren gainean dago eta Collet de Comapedrosa lepoa.
COMAPEDROSAKO BIDEA
Lepotik bi aukera dauzkagu, maldan gora metro gutxi batzuk burutu, Refugi de Comapedrosa aterpera joateko edo zuzen jarraitu Arinsal aldera.
Seinale tantaiaren ondotik aurrera egin eta lepoaren beste aldeko aldapa jaisten dugu, Estany de les Truites lakutik datorren ubidea aurrean topatuz. Beste aldera gurutzatu eta basoan behera sigi-saga hasten gara aldapa handiko bidetik, ezker aldean Riu de Comapedrosa erreka dugun arte.
Pic dels Aspres mendiaren iparreko hegala zeharkatzen dugu, ubidetik urrundu eta ekialderantz eginez. Ubideaz gain sakanetik urrunduta, penditzak ere lasaitu bat ematen digu. Hegalaren gandorrera iritsi eta HE norabiderantz jotzen dugu beste aldetik. Jarraian, bideak IIE aldera jo eta aldapan behera amiltzen da zuhaitzen artean alde batera eta bestera eginez, berriro ere errekarekin topo egin arte.
Zurezko zubia baliatuz beste aldera egin eta HE norabiderantz bira bat egiten dugu, beste zubi batetik igaro arte. Jarraian, mendi-bideak herritik datorren pistarekin bat egiten du, honek egiten duen bihurgune baten erpinean. Kanadar pasabide bat igaro eta txangoaren bukaerako atalean sartuz. Pistan sartu eta 600m inguru ibili ditugunean, Prat Sobirans izeneko urbanizaziora iritsi eta kalean behera jarraitzen dugu HM norabidean, errepidea aurrean dugun arte.
Ezker aldera jo eta tunela igaro eta Arinsal herriaren goialdeko aparkalekura iristen gara, etapa bertan bukatuz.
BAIAU-ARINSAL 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEstany de Baiau lakuaren ipar ertzean eta Portella de Baiau lepoa zeharkatu ondoren
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakEtaparen hasieran: Refugi de Baiau aterpe librea
Comapedrosa bidean: Refugi de Comapedrosa
Etaparen bukaeran lo egiteko aukerak daude
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean errekak daude. Hornitzea ez dago bermatua.
Iturria Refugi de Comapedrosa aterpean
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakPortella de Baiauko kanalean harriak erortzeko arriskua
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude