GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 24. etapa: Prat Pierró-Guingueta d’Aneu
Prat Pierró-Guingueta d’Aneu etapa lasaitzat jo dezakegu, batik bat, kilometro gutxiko txango honen atalik nagusiena bide erraz eta erosoetatik egiten den jaitsierakoa delako. Bidean, Goi-mendietako eremua atzean utzi eta hurrengo bailarara iritsi bitartean, hain adierazgarri den Kataluniako Pirinioko arkitektura duten zenbait herri ezagutzeko aukera izango dugu.
Hauetara iritsi ahal izateko baso eta larreak zeharkatuko ditugu, baita zenbait bide, pista, errepide tarte eta zeharo ezagutzea merezi duen xarma handiko mendi-bideren bat ere.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
MENDI ERTAINERA IRAGATEA
Prat Pierró-Guingueta d’Aneu etaparen hasiera, Prat Pierró aparkalekura doan bidea eta GR11 ibilbideak bat egiten duten bidegurutzean hasten dugu. EIE norabidean emeki gorantz egiten duen ageriko bidean ematen ditugu lehen urratsak.
Basora iritsi bezain laster, bidea estutu eta EHE norabidean jaisten hasten da. Gutxira bidegurutze batekin egiten dugu topo eta aurreko norabideari eutsiz, eskuin aldeko mendi-bidea hartuta, beherako bidea egiten jarraitzen dugu.
Soilgune bat zeharkatu ondoren, HE norabidean bira egin eta zuhaitz eta eremu irekien artetik jaisten jarraitzen dugu, bideak hegoalderantz jo eta bi harresien artetik egurrezko zubi bateraino eramaten gaituen arte. Aurkako aldera egin eta ekialderantz biratu ondoren, kanpaleku baten inguruan, errepidean sartzen gara.
Bide bazterretik hurrengo zubiraino jarraitzen dugu eta bertan errekaren beste aldean kokatzen gara, errepide nagusitik at kalean behera jarraituz. Hurrengo zubian, errekaren eskuin aldera egin eta Espot herriaren hirigunean sartzen gara, Carrer de la Molina kalean hain zuzen.
KATALUNIAKO PIRINIOKO HERRIEN XARMA
Kalean behera jarraitzen dugu, azken zubiaren ondoko supermerkatuaren parera iritsi arte. Bertan, zubia igaro gabe, kalearen bukaerara iritsi eta herritik aldentzen gaituen zubi bat topatzen dugu, pista batean bukatzen duena.
Ezker aldera biratu eta pista jarraitzen dugu, bidebanatze batekin topo egiten dugun arte. Pista nagusitik irteten gara, basoan sartzen den ezker aldeko mendi-bidetik, ekialderantz. Aurrerago, basoko bideak beste mendi-bide batekin bat egiten du eta haien arteko seinale-tantaidun bidegurutzean, ezker aldera bira osoa egiten dugu. Bideak errekaraino eramaten gaitu eta zubia medio, aurkako aldera igarotzen gara ipar norabidean, bertatik, aldapa gora txiki bat gainditu eta errepidera irteten gara kanpin baten parean.
Errepidea gurutzatu eta beste aldean dagoen arrapalan gora egiten dugu ageriko bidetik, Jou eta Espot herriak lotzen dituen errepidean sartuz. Metro gutxiren buruan, errepidetik irteten gara ezker aldean dagoen mendi-bide belartsutik. Lasterbide honek errepidean hartutako norabidearen aurkako diagonal bat marrazten du, mendebalderantz.
Elektrizitate zurtoin baten ondoan kokatzen den etxola baten aurrealdera iristen gara eta lineari jarraituz, IIE norabidean biratzen dugu malda ertainetik. Goialdean elektrizitate zurtoin bat duen muino bat igo eta ipar aldera jotzen dugu, mendi-bidetik irten eta Estaís herrira hegoaldetik gerturatzen den pista hartuz.
GOZATZEKO MENDI-BIDEA
Estaís herrira iritsi bezain laster, ezker aldean seinale tantaia duen bidegurutze batekin egiten dugu topo. Zuzen jarraitu eta ekialdera begira duen terrazadun etxea inguratuz, ezker aldera egiten dugu haren atzealdeko kalean. Kalean barrena jarraitzen dugu hondora iritsi eta eskuin aldera (I) bira egitera behartzen gaituen arte. Herriaren goialdera iristeko, aurrean ezkerretara dagoen kale estuan sartu eta beste aldera egiten dugu. Herriaren goialdean dagoen eskuin aldeko azken etxea inguratu eta atzeko kaletik EIE norabidean jarraitzen dugu, herriaren goialdeko errepidera iritsiz.
Herria atzean utzi eta errepideak honen azpialdera iristeko burutzen duen bihurgune itxiraino jarraitzen dugu. Erpinetik gertu dagoen seinale tantaiaren ondoan, hasieran bide tankerako mendi-bide bat abiatzen da IE norabidean.
Garaiera galdu gabe, hegala alde batetik bestera zeharkatzen dugu Pic de Boliera mendiaren ekialdeko bizkar harritsua inguratzea ahalbidetzen duen terrazara iritsi arte. Iparrera egin eta aurkako isurialdean hasten dugu zuhaitzen arteko jaitsiera bat. Bizkarrari bira osoa ematen diogu IIM norabidean errepidean bukatzen dugunean.
Bizkarretik datorren mendi-bidea eta errepidea lotzen dituen bihurgunetik 250 bat metrotara, ezkerrera doan bihurgune baten ondoren, bidearen ezker aldean dagoen iturri bat probesten dugu egarria asetzeko. Bi kilometro aurrerago, Jou herrira iristen gara.
JOUTIK BEHERA
Herriaren irteeran, elektrizitate zurtoinaren ondoan, zurezko eskudela duen beheranzko arrapalan hasten den mendi-bidea hartzen dugu, ekialderantz. Riu de Jou erreka ondoan dugula, gure bidearen mailatik metro batzuk beherago, garaiera azkar eta modu jarraian galtzen dugu. Basoaren goialdeko mugaren gainetik HE norabidean biratzen dugu eta malda areagotu egiten da ibili ahala. Zuhaiztitik urrundu eta bideak alde batetik bestera egiten du jaitsiera ahalik eta modu erosoan burutu nahian, aldapa gutxitu eta behatokira doan bidegurutzearekin bat egiten duen arte.
Hegoalderantz bira egin eta Guingueta d’Aneu herriko lehenengo etxebizitzen ondotik igarotzen gara, kalearen bukaerako bidegurutzeraino. Ezkerrera jo eta ekialderantz jarraitzen dugu, ubidearen ondotik aparkalekura iritsi arte
PRAT PIERRÓ-GUINGUETA D’ANEU 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakSan Maurici ondoan: Refugi Mallafré
Etaparen bukaeran lo egiteko aukerak daude
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakHerrietan ura hartzeko aukera dago. Estaís herrian eta Joura iritsi aurretik iturriak daude
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude