GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 22. etapa: Llauset-Restanca.
Bi etapa ofizialen batuketaren ondorioz suertatutako etapa gogorra dugu gaurkoa, zeinetan Aragoiko Pirinioari agur esango diogun Angliós lakuen artetik beherakoa egin ostean eta katalunian Val d’Aran bailaratik sartuz.
Llauset-Restanca etapa honen 22,5 kilometroren buruan, 1200m igoko ditugu eta beherazkoan ere 1600m baino gehiago galdu. Laku liluragarriak ikusiko ditugu, harkaitz bloke handien artean ibili, eremu zabal zein baso itxiak zeharkatu eta mendi-bide, pista eta errepide tarte bat ere izango dugu zolen azpian. Fisikoki astindua ematen duen etapa bada ere, bai gora egiteko orduan zein jaitsieratan, ahaztuko ez den etapa horietakoa dela esan genezake ezbairik gabe.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
AZKEN TXANGOA ARAGOIKO LURRETAN
Cap de Llauset aterpearen ataritik HHE norabidean, aterpea inguratzen duen mendi-bidetik hasten dugu eguna, erreferentzia gisa, aurrean daukagun Pic de la Solana de Llauset mendia hartuz.
Aterpea inguratu eta seinale tantaiaren eskuin aldetik gorantz egiten duen mendi-bidetik jarraitzen dugu, ekialderantz, harkaitz blokeak alde batetik bestera saihestuz.
Estany de Cap de Llauset lakuaren hegoaldetik igaro eta Pic de la Solana de Llauset eta Tuca de Angliós mendien artean dagoen Collada de los Ibones lepoa gainditzen dugu. Lepoaren aurkako isurialdera egin eta blokeen artean jaisten gara, Estany Cap de Angliós lakuaren eskuin aldetik igaroz. Bokaletik haratago, harkaitzen eremutik urruntzen hasten gara, bideak erosotasuna irabaziz.
Estanys D’Angliós lakuen artetik igaro eta Refugi de Angliós aterpearen inguruan, IE aldera bira egiten dugu Baranco de Riueño sakanetik. Estany Grau, Aragoiko eremuan ikusten dugun garaieran kokatutako azkeneko lakuaren ondotik igarotzen gara, gure ezkerretara utziz, Baserca aldera jaitsi aurretik.
Baserca Urtegirantz
Estany Gau lakuaren bokalearen inguruan ekialderantz egiten dugu, errekaren eskuin aldetik dagoen bideari jarraituz. Lehenengo zuhaitz ilarara iritsi eta berehala bidea bailaran behera amiltzen dela ikusten dugu. Pasarte honetan, 750m jaitsi behar ditugu 4,4 kilometroren buruan, baina hasierako 600 metroak soilik 2,5 kilometrotan galtzen dira.
Lehen metro maldatsuak burutu ondoren, bideak iparrera jotzen du basoan sartuz. Oraingoan, bideak harriak tarteka azaleratzen ditu, errekak Barranco de les Ixalenques sakanetik jaisten den urekin bat egiten duen arte. Bertan, bideak EIE aldera egiten du eta nahiz eta lurzoru mistoa duen eremua izan, ibiltzerako orduan erosotasuna nabarmenagoa da erabat. Hemendik aurrera, Pagoa nagusi den basotik aurrera egiten dugu, errekaren ondotik ekialderantz bira luze bat eginez Pantá de Baserca urtegira iritsi arte, azkeneko metroak hegoalderantz burutuz.
KATALUNIARA SARTZEN
Basotik zuzenean errepidera irteten gara. Ezkerraldera egin eta bazterbidetik jarraitzen dugu urtegiaren burualdera iritsi arte. Bertan, eskuin aldera egiten duen lehenengo pistan barneratzen gara Noguera Ribagorçana errekaren beste aldera egin eta Katalunian sartzeko. Egia esateko, ez da Aragoiko Pirinioaren edertasuna eta Kataluniako Pirinioaren ikusgarritasunaren mailara dagoen igarobidea, hala ere, gure lekua mendietan dagoenaren oroigarri paregabea dugu, hormigoizko eraikinetatik at.
Kontuak kontu, mugaren beste aldera egin eta berehala ezkerrera bira egiten dugu, errekaren ondotik IIE norabidean, ageriko bidetik emeki gorantz eginez.
Barranc de Besiberri sakanaren urak zeharkatzeko pasabidera eramaten gaituen bira burutu ondoren, Refugi de Conangles aterpera doan pistarekin bat egiten dugu. Bertan atseden egin eta indarberritu ondoren, aurreko norabide bera jarraitzen duen mendi-bidetik berriro ere pista hartzen dugu.
Vall de Conangles bailara
Tunel de Vielha tunelaren hego-ahotik gertu, bideak mendebalderantz bira egiten du, seinale tantaia duen bidegurutze baterantz. Bidegurutzean eskuin aldera egiten dugu eta ipar norabidean goranzkoari ekiten diogu hurrengo seinaledun bidegurutzera iritsi arte. Ekialderantz jo eta Vall de Conangles bailaran gora hasten gara, mendi-bideak goialdetik doan pistarekin bat egiten duen arte.
Barranc der Espitau sakana igarotzeko zubiaren aurretik dagoen lau belartsuan, bidebanatzearen ezkerreko adarra hartzen dugu, metro gutxitan, ezkerretik datorren mendi-bidean barneratuz, IE norabidean. Gutxira, Estanh Redon lakutik jaisten den ubidea zeharkatzeko, ekialderantz egiten dugu eta bailararen orografiari jarraitzen diogu, Tuc dera Escaleta mendiaren bertikala atzean uzten dugun arte, Ribèra de Conangles errekaren ezkerretara mantenduz.
Errekaren ohantzearen beste aldera egin eta iparrera bira egiten dugu, malda handiko hegala sigi-saga bat medio metroak azkar irabaziz, zuhaitzen artetik. Zuhaitzetatik urruntzen gara IM norabidean diagonal bat burutuz eta Tuc dera Escaleta mendiaren lehenengo kontrahormaren gainetik bira egiten dugu, aurkako isurialdetik IM norabideari jarraituz, hegoaldeko pilarerantz.
Pilarean azpian dagoen bidegurutzean, eskuin aldetik jo eta IE norabideari eusten diogu, Tuc dera Escaleta mendiaren HE hegia kostata zeharkatuz, Port de Rius mendatera iritsi arte.
ESEKITAKO BAILAREN ARTETIK
Port de Rius mendatearen beste aldera egin eta IE norabidean beherantz hasten gara, Lac de Rius lakuaren goi-ibarrerantz. Lakua ipar ertzetik inguratzen dugu belardia zeharkatzen duen mendi-bidetik, blokeen artean alde batera eta bestera eginez, ekialdeko mugara iritsi arte.
Ekialderantz jaisten hasten gara Barranca de Rius sakanetik, ezker aldean dagoen Mahls de Rius eta Tuca dera Albeta mendiak lotzen dituen gailur-lerroaren ondotik. Bidea, Ribéra de Rius errekaren eskuin aldetik jaisten da, hain zuzen ere gailurreriaren oinean dauden blokeen eremutik at.
Jaisten ari garen bailaratik haratago dagoen Montardo mendia hartzen dugu erreferentzia gisa, aurrean eskuin aldera hedatzen den mendilerroan.
Tuc des Molassi gailurraren bertikalaren azpian, lau txiki batean, bailara eskuin aldera zabaldu egiten da Circ de Rius eta honen zelatari den Tossau de Mar mendiaren aldera. Zirkuaren hegalera gerturatu eta beheranzko bira bat burutzen dugu errekaren mailara arte jaitsiz, Cap dera Aubeta mendiaren oinetik gertu.
Bailararen sarbidera iritsi aurretik, seinale tantaia duen bidegurutze bat topatzen dugu. EHE norabidean emeki igotzen hasten gara ubidetik urrunduz, Tossau de Mar mendiaren aurre-gailurraren ipar-hegala zeharkatzen dugun heinean.
Bosc de Rius basoa
Garaiera irabazten goaz, Bosc de Rius basoaren goiko mugan kokatzen den harkaitz bloke eta landaredi itxia duen bizkarrera gerturatu ahala.
Lehenengo zuhaitzak atzean utzita, aterpera iristen den linea elektrikoaren azpian doan bidearekin bat nola egin behar dugun antzeman dezakegu. Hala ere, ohikoa baino arreta gehiago jarri behar dugu pasarte honetan, basoko bidea behar bezala hartzeko.
Basoko bidean, EHE norabidean jaisten jarraitzen dugu linea elektrikoaren zurtoina aurrean izan arte. Magala HE norabidean igotzen dugu malda gogorretik eta aurkako isurialdera jaisten gara, aterpera iristeko geratzen diren metro gutxi horiek urtegiaren hormaren gainetik eginez.
LLAUSET-RESTANCA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakURA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean zehar errekak daude
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude