GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 15. etapa: Panticosa-Bujaruelo
Panticosa-Bujaruelo ibilbidearen hasierako atalean atzera begira joateko aitzakia bat baino gehiago izanen dugu, Embalse de Brazato urtegirantz gora egin ahala, Garmo Negro mendiaren inguruko ikuspegia Arnales aldera hedatzen da eta, sekulako ikuspegi ederra eskainiz. Igoera maldatsua izan arren, urrutira gero eta gehiago ikusi nahiak, eragindako nekea bigarren maila batean uzten du. Atsotitzak dion moduan: gustuko tokian, aldaparik ez.
Puerto Viejo lepora iristeak ere badu xarmarik. Ibilbidearen puntu gorena izanik, hemendik aurrerakoa beheranzko bidea delako baino, Vignemale mendiguneko mendebaldeko isurialdea aurrean dugulako. Cerbillona mendiaren kanal nagusiaren ikuspegia eta isurialde horrek dauzkan mila metrotik gorako desnibela bere osotasunean ikustea eragindako zirrarak, irribarrea sortzen duenetakoa dugu.
Jaitsiera oso luzea da, erosoa eta bakartia, Refugio de Pastores del Vado aterpera iritsi arte, bertan da eta, Refugio de Bujaruelo aterperaino doan pistaren abiapuntua.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
BRAZATOKO MALDAK
Casa de Piedra aterpearen aurrealdetik abiatuz, HHM norabidean hasten dugu ibilaldia, aparkalekuaren ondotik. Lehenengo bidegurutzean, ezker aldera jotzen dugu, kalearen bukaerara iritsi arte, errekaren ondotik. Eskilaretatik gora egin, eta konplexutik aldentzen gaituen bidean sartzen gara. Bidean, ezker aldera bira egiten dugu igoerari hasiera emanez.
Brazatoko bidea zabala da, ondo seinaleztatuta dago eta zuhaitzen artetik sigi-saga eginez, garaiera nahiko azkar irabazten du. Pasarte batzuetan bide harritsua izan arren, ez dago inolako arazorik urrats bakoitzaren neurria hautatzeko, hortaz, erritmoa mantentzeko bide aproposa dugu.
Garaieran, lehenengo 250m egin eta basotik irteten gara gune harritsu batean sartzeko. Hasi eta berehala, Pic de Cara de Costa menditik amiltzen den bizkar belartsura iristeko, goranzko diagonal bat egiten dugu hegoalderantz. Belardian sartu eta zuzen egiten dugu gorako bidean, aldapa gogortuz doa, eta malda handieneko eremuan, bidea sigi-saga hasten da ia hormara iritsi arte. Gailurra inguratzen dugu, ekialderantz jotzen duen bira bat eginez eta Ibones de Brazato lakuei eusten dien mazelari mendebaldetik ekiten diogu, malda gogor eta harritsua medio.
Hegalari eusten dion kontrahormaren garaierara iritsi eta honen gainean kokatzen gara HHE norabiderantz diagonal luze bat eginez. Lakura iritsi, eta jarraian ezker aldera egiten dugu Punta del Puerto mendiaren oinean, gailurraren azpian kokatzeko IEtik EHE norabidera zabaltzen den bira bat eginez. Ura eskuin aldean dugula, magalaren erdialdean eta gailurraren ardatzaren azpian gaudela, bideak iparrera egiten du gogor, Collado de Brazato lepora iritsi arte.
Behin lepoan, EIE norabidea jarraitzen dugu, Ibones de Brazato lakuen gainetik, Punta del Puerto mendiaren mendebaldeko hegi harritsua moztuz. Hartxingadia zeharkatu bezain laster, Puerto Viejo lepora iristen gara norabidea aldatu gabe.
KOLOSOAREN OINEAN
Lepora iristeko erabili dugun norabideari eutsiz, jaitsiera hasten dugu, Vignemaleko mendigunea aurrean dugula, Diente de los Batanes menditik, Ibones de Batanes lakuetara doan gandorra eta Pico Bacías mendiaren iparreko kontrahormaren artean zabaltzen den bailaratik.
Hiru laku txiki atzean uzten ditugu ezkerraldetik eta jarraian ubidea gurutzatzen dugu harrien eremutik aldentzeko. Ekialderantz jaitsi ahala, harkaitzak ere gutxituz doaz. Lau txiki batean, erreka berriro zeharkatu eta bidea adartu egiten da. Bi adarrek leku berera ematen dute eta nahiz eta bide ofizialak eskuin aldekoa hartu, gu zuzen jarraitzen dugu, bidea erosoagoa delakoan. 300m egin eta errekaren beste aldera egiten dugu, adar biak berriro ere bat egiten duten gunean. Beste 200m jaitsi eta berriro ere ubidea gurutzatu behar dugu, Ara erreka eta bere ibaiadar bat zeharkatzeko, emaria handitzen den lekutik haratago. Beste aldean, Cerbillonar bidea zain dugu.
Mendi bidean barneratu eta eskuin aldera (hegoalderantz) jaisten jarraitzen dugu errekaren bideari jarraituz, Vignemale mendigunearen oina inguratuz. Nahiz eta pasarte batzuetan bidea belardian galdu, galtzeko arriskurik ez dago, bidea beti ubidearen ezker aldetik doalako, beste inora alde egiteko aukerarik gabe eta bidearen beste aldean Pic de Cerbillona mendiaren hegala dugula. Aurrean, Pico Calcilé mendia dugu, erreferentzia gisa.
HE norabidean bira luze bat egin ondoren, Pic de Cerbillona eta Pic de Milieu mendien artetik jaisten den Barranco de Labaza sakanaren azpian kokatzen laura iristen gara, bertan, Cabaña de Cerbillonar etxola kokatzen da.
BAKARTASUNETIK JENDETZARA BIDEAN
EHE norabidean jarraitzen dugu, errekaren sakonunearen gainetik doan terraza belartsu batetik. Malda gutxidun mazela igo eta Pic de Lourdes mendiaren kontrahormarantz emeki jaisten hasten gara, hain zuzen ere, basoa hasten den gunera.
Zuhaitzen eremua hegoalderantz gurutzatzen dugu, estugunearen gainetik, irteeran kokatzen den erlaitz harritsuraino maila mantenduz. Erlaitza zuhaitzetatik at kokatzen da eta kable bidezko baranda instalatuta dauka babes moduan.
Estugunea atzean utzi eta Barranco Cardal sakanetik datorren ubidea gurutzatzen dugu, berehala hegoalderantz eginez, Pic de Cabrère mendiaren oina inguratzeko asmoarekin. Mendiaren eta errekara amiltzen den muinoaren arteko lepoaren mailara emeki igo eta beste aldetik jaisten gara. Minutu gutxitan, Refugio de Pastores del Vado aterpera iristen gara, eta honekin batera, pistara.
Hurrengo 3Kmak pistatik egiten ditugu, bideak eskuin aldera 180 gradutako bihurgune estu bat egiten duen arte. Bihurgunea burutu eta ezker aldetik jaiotzen den seinaleztaturiko mendi-bidea hartzen dugu. Bideak, orain arteko norabideari eusten dio, errekaren ezker aldean mantenduz, Refugio de Bujaruelo aterpearen aurretik dagoen zubira iritsi arte.
PANTICOSA-BUJARUELO 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakBidean badira aterpe eta etxola libreak. Erabilgarritasuna ezin da bermatu
Bujaruelon: Refugio de Bujaruelo aterpea
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean zehar errekak daude, eta iturria aterpean
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakPic de Lourdes oinaren estugunean eskudela instalatuta