GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 13. etapa: Sallent-Respomuso
Sallent-Respomuso ibilbideak Refugio de Respomuso aterpera doan bide arrunta baliatzen du, La Sarratik abiatuta. Igoeran, Barranco de Aguas Limpias sakana ezagutu ahal izango dugu, baso, malda anitzetako hegal eta hormen artetik doan bidetik. Etapa laburra bada ere, ia mila metroko desnibel positiboa gainditu beharko dugu helmugara iristeko. Hala ere, bidea ibiltzeko oso erosoa da eta elurrik ezean, ez dauka inolako zailtasun teknikorik amaierara iristeko. Behin helmugan, urtegiaren inguruko ikuspegi apartak eta Llena Cantal mendiari begirako egunsenti ederrak, egindako esfortzuaren truke, merezitakoa baino opari arras handiagoa ematen digu…ibilitakoa bikoitza balitz ere.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
URTEGIEN ARTETIK
Calle Francia kalean hasiera ematen diogu ibilbideari, hain zuzen, aurreko egunean utzitako puntu berean, botikatik haratago. Kaleak ekialderantz bira egiten du eta udaletxearen ondotik igarotzen da, gure ezkerretara utziz.
Hurrengo bidegurutzean, norabideari eusten diogu aparkalekuaren ezkerraldetik joanda. Kaleak berriro ere IIE norabidera egiten du, erdialdeko gunetik aldenduz. Errekaren bidea jarraitu eta herriaren azkeneko zubira iritsi aurretik, errekaren eskuin aldetik doan pista hartzen dugu.
Pistak IIM norabidean egiten du, Peña Foratata mendira gerturatuz ubidetik aldentzen den heinean. Metro gutxitan, pistaren ezker aldetik mendi-bide bat irteten da, goiko pistarekin konektatzen duena. Bi pistek leku berera eramaten dute, beraz, nahiz eta GR11 bideak zuzen jarraitu, guk mendi-bidea aukeratzen dugu metro batzuk azkar irabazteko.
IIE norabidea berreskuratzen dugunean, eskuin aldera jotzen duen bihurgune batean, ezker aldetik doan mendi-bidea hartzen dugu basoan murgilduz. Gutxira, linea elektrikoari jarraituz, Embalse de La Sarra urtegira doan errepidearekin egiten dugu topo.
Errepidean aurrera egiten dugu ipar alderantz. Urtegiaren hormara iritsi aurretik, errepidea uzten dugu ezker aldeko arrapala hartuz. Bertako bideak, aparkaleku moduan erabiltzen den zabalgune batera ematen du eta honen bukaeran, hartu behar dugun mendi-bidea hastan da. Bideak, IIM norabideari jarraituz, urtegiaren beste aldean dagoen aparkalekuaren ondoko zubiraino eramaten gaitu.
BARRANCO DE AGUAS LIMPIAS SAKANA
Zubiaren ondoko bidegurutzean, aurrera jarraitzen dugu norabidean aldaketarik egin gabe, ubidea gure eskuin aldean dugula. Bidea zabala da, ongi seinaleztatuta dago eta ibiltzeko erosoa da. Erreferentzia gisa, gure begien aurrean, Punta de Moncalbós mendia daukagu, eta bere eskuinean, Arriel. Malda lausoa da eta arin egiten dugu gorako bidea.
Las Tornalizas lauaren inguruan, malda areagotu egiten da eta lurra harriz betetzen da. Arrapala gainditu eta bidea berriro ere bere onera bueltatzen da. Hemendik erraz antzematen da sakanaren hasiera non ematen den eta bideak zer nolako ibilbidea egin behar duen uraren jauziak gainditu ahal izateko.
Sakaneko maldan gora, Barranco de Balsaroleta sakanatik jaisten den uraz baliatu egiten gara, kantinplorei trago luze bat eman ondoren berriro ere ura hartzeko. Nahiz eta ura harrien artean indarrarekin jaitsi, badaezpada ere, ura edangarri egiten duten pilulak erabiltzea komeni. Bideak IIE alderantz bira egin eta zuhaitzen artean gorantz jarraitzen du.
Iparrera bira labur bat egin ondoren eta berriro ere IIE norabidera itzulita, Arriel eta beste mendi batzuetara doan bidegurutzera iristen gara. Bide nagusitik jarraitzen dugu, Arriel mendiaren oina hegoaldetik inguratuz.
Barranco de Aguas Limpias sakana estutu egiten da eta horrekin batera bidearen ertzetako eremua. Paso del Onso deritzon pasabidearen aurrean gaude. Pasarteak, errekarantz amiltzen den ia bertikala den magala zeharkatzen du, beste inora joateko aukerarik eman gabe. Ibilbide birtualean ongi ikus daiteke bertan instalatutako babeserako eskudelean elur-jausiek eragindako txikizioa.
Pasabidearen ondoren, bidea eta estuguneak babesteko segurtasunerako instalazioak bere onera bueltatzen dira.
Estuguneak igaro eta Plano Cheto laura iristen gara.
MENDI HANDIEN ATARIAN
Arriel mendiaren oina ekialderantz inguratzen jarraitzen dugu, Plano Cheto eskuin aldean utzita, zuhaitz eta soilune artean goranzko bideari jarraituz.
Bideak lurra alde batera utzi eta harria agerian uzten du, zenbat eta gorago joan, orduan eta harritsuago. Barranco de Arriel sakanetik jaisten den ubidea zeharkatu ondoren, malda areagotu egiten da, bailararen lehenengo maila ixten duen magalari, Frondellas mendiari eusten dion kontrahormaren hegaletik HE norabidean aurre egiteko.
Bira bukatu aurretik, Ibones de Arriel lakuetara doan bidegurutzera iristen gara. Orain arte bezala, bide nagusia ez denari so egin eta gurean jarraitzen dugu. Errekaren albora bueltatzen gara, posizio altuago batetik paraleloki ubidea jarraitzeko.
Maila gainditu eta ekialderantz jotzen dugu malda ertainean, urtegiaren aurretik dagoen bigarren mailara gerturatzeko.
Bloke eremu bat zeharkatu eta urtegiaren horma ikusgai dugu, Llana Cantal mendiaren piramidearen azpian. Bigarren bloke eremu bat zeharkatzen dugu, aurrekoan bezala, aurrera egiteko inolako eragozpenik ez duena ematen eta gutxira, urtegiari eusten dion laura iristen gara.
Bidegurutzean, ezker aldeko bidea hartzen dugu, hormaren ezker aldetik maila gainditu ahal izateko. Gora iritsi aurretik, ezker aldetik, Ibones de Arriel lakuetatik datorren, Majada de Frondellako bidea agertzen da.
Goialdera iristen gara, bi bideak bat egiten duten lekuan. Hemendik Refugio de Respomuso aterpea ikusten da, urtegiaren ezkerretara. Bide nagusitik aldendu gabe aurrera jarraitzen dugu egunaren azkeneko goranzko aldapari ekiteko. Beheranzko bidean, ia aterpearen maila berean, bidegurutzean eskuineko bidea hartzen dugu Refugio de Respomuso aterpera iristeko.
SALLENT-RESPOMUSO 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakAterpearen inguruan badira babestutako haibat gune
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakEtaparen bukaeran, Refugio de Respomuso aterpea
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean zehar errekak daude, eta aterpean iturria
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude, baldin eta elurrik ez bada
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakPaso del Onso eta sakaneko estuguneetan eskudelak instalatuta