GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 12. etapa: Candanchú-Sallent
Candanchú-Sallent ibilbideak Ibones de Anayet lakuen ingurua ezagutzeko aukera ematen digu, Pirinioetan nahitaez bisitatu beharreko tokietako bat. La Rinconadatik sartuko gara, zirkuluerdi-formako haran luze bat ixten duen planotik. Itxuraz zeharkaezina den haranaren azkeneko paretak, udan arroka eskalatzaile eta neguan, alpinisten erromesleku den Anayet itzalitako sumendiaren horma bertikaletara hurbiltzen gaitu.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
ZIRKULUERDIAREN BAILARA
Pepe Garcés aterpearen alde batetik abiatuta, HE norabidean aldapa behera hasten dugu eguna. Pistak zapaltzeko erabiltzen diren makinen gordelekura iritsi aurretik, ezkerretara egiten dugu, teleaulkiaren kableen azpitik, kalerako bidean.
Kalean sartu eta berehala eskuin aldera bira egiten dugu, ekialderantz jarraitzeko. Kalearen bukaeran dagoen zubia igaro eta Candanchútik datorren errepidea hegoalderantz bira egiten bilatzen dugu. Behin bidean, eskuin aldetik jarraitzen dugu errepide nagusira iritsi arte.
Errepide nagusian, gorantz egiten dugu (ezker aldera), bidearen beste aldetik abiatzen den hormigoizko adarra hartzeko asmotan. Bidearen hasieran, GR11 eta Santiago Bidearen seinaleak ikusgai daude. Bidean aurrera egiten dugu antenak dauden lekuraino eta bertan, zuzen eta beherantz jarraitzen dugu bidean dauden gezi horiak gidatuta, A Raca mendiaren oinaren mendebaldeko magala inguratuz.
Ekialderantz bira egin eta linea elektrikoari jarraituz, isurialdez aldatzen dugu. Gutxira, bidea eskuin aldetik datorren Canal Royako pistarekin bat egiten du. Pistak ageriko bide eroso zabal baten moduan inguratzen du A Raca mendiaren hego mazela zuhaitz artean. Bertatik aurrera egiten dugu basoa atzean utzi eta A Racaren tontorraren bertikala gainditu arte. Inguru horretan, seinale-tantaia baten ondotik, eskuinera, errekarantz jaisten den mendi bidea hartzen dugu.
Errekaren mailara iristean, zubia igaro eta EIE norabidean jarraitzen dugu, ubidearen ondotik metroak irabaziz. Ekialderantz bira bat burutu ondoren, Refugio Canal Roya aterpera iristen gara. Momentuz, eskuin aldeko atea zutik dirau.
Sakanaren estugunea eskuin aldeko malda igoaz gainditzen dugu eta Pico Canal Roya mendiaren azpian berriro ere uraren maila berean kokatzen gara. Hemen hasten da HHE norabidean egin beharreko bira luzea La Rinconadara iristeko. Bitartean, Anayet mendiaren ipar horma gutxinaka agertzen ikusten dugu eskuin aldetik. Ezker aldetik ordea, A Racatik Espelunciecha mendira arte, bailararen zirkuluerdi tankera ematen dion 400mko garaieran amildu eta guztira 10km burutzen duen magal-sorta dugu.
AMESLEKUA DEN GUNEAN
Plano de La Rinconada laua igaro ondoren, bideak gora egiten du Anayet mendiaren IE hegaletik, bloke artean. Harriak atzean utzi eta goitik jaisten diren bi ubideen artean kokatzen den harkaitz-zerrendara gerturatzen gara.
Azpialdeko zerrendaren ezker aldetik abiatuta, maldan sigi-saga eginez gora egiten dugu, hurrengo zerrendaren azpialdean kokatzeko. Bertan, diagonal bat egiten dugu gainditu berri dugun harkaitzen gainean kokatu, eta bide batez, hurrengo maila eskuin aldetik inguratzeko, Anayet mendira gerturatu ahala.
Oraingoan, bira hegoalderantz egiten dugu oztopoa inguratzeko eta inguraketa bukatutakoan, ekialderantz jotzen dugu azken arrapalari ekiteko, goialdetik oso gertu. Malda erabat lausotzen da Ibon de Anayet lakura iritsi aurretik.
Aragoiko Pirinioetako eremu berezienetakoan gaude, eta nola ez, geldialdi bat egiteko une aproposa. Inguruan, lakuaren urdinekin batera, belazeen kolore berde, Vértice de Anayet hain adierazgarri egiten duen lur gorri eta aspaldi itzalitako sumendia den Anayet mendiaren itxura ilunikaragarriak ikusgai dauzkagu. Gutxi balitz, ondoko bailara koroatuz, anai duen Midi d’Ossau mendia harro ageri da lakuaren uraren gainetik eta Culivillas bailararen ateetatik begiratuz gero, lehenengo hirumilakoak gertu ikusten dira. Aitzakia baten faltan, hona hemen hiru kronoa une batez geldiarazteko.
Lakua eta urak hartu dezakeen eremua inguratzen dugu, hegoalderantz barneratzen den bidea baliatuz eta EHE norabiderantz egiten dugu, Espelunciecha eta Arroyetas mendien arteko gunera, Barranco de Culivillas sakanaren jaitsiera burutzeko asmotan.
Azkeneko begirada atzealdera eta jende artean beheranzko bideari ekiten diogu. Gutxira bada bide nagusitik adartuz, Espelunciecha mendia inguratzen duen mendi bide bat. So egin eta beherantz jarraitzen dugu ubideari jarraituz. Erreka igaro eta gure ezker aldean, La Glera ingurutik altxatzen den Punta de la Garganta mendiaren ondoko pasalekurantz jarraitzen dugu. Honen atzetik, ezker aldetik Balaïtous eta Frondellas mendiak ikusgai ditugu, eskuin aldetik berriz, Picos del Infierno.
Punta de la Garganta ezker aldean utzi eta ekialderantz jaisten jarraitzen dugu, ubidearen ondotik. Sakana ipar alderantz uzten dugu errekaren eskuin ibarretik eta Formigal (Anayet) eski estazioaren instalazioetara iristen gara.
BUNKERREN BIDETIK
Anayet teleaulkiaren ondotik EIE norabidean aurrera egiten dugu, aparkalekurantz, eraikin nagusia eskuin aldean utzita. Hurrengo 2,5 kilometroak errepidetik egin beharko ditugu, eski estazioaren eremutik irten arte.
Estazioaren eremua errepide nagusira iritsi aurretik uzten dugu, Corral de las Mulas eraikina eta ondoan duen aparkalekuaren arteko ataria igarotzean. Errepide nagusia ezker aldera gurutzatzen dugu eta ezpondaren beheragunean jaiotzen den mendi-bidean sartzen gara, seinale-tantaiaren ondotik.
Hegoalderantz jotzen dugu errepidearen iparretik, paraleloki. Pasartea ahal dugun moduan zeharkatzen dugu, hegoalderantz, bidetik zein bidetik at, uraren ondorioz sortutako lokatz putzuak ekidin eta belazean bazkatzen ari diren animaliak lasai utziz.
Ekialderantz bira egin ondoren, mendi-bideak zabalera hartu eta lehenengo erreiak agertzen dira, metro gutxitan pista agerian utziz. Pistak, mendiaren orografiari jarraituz, emeki beheranzko joera hartzen du. Hurrengo bidegurutzean, hegoalderantz egiten dugu, elektrizitate-zurtoinera iritsi arte. Honen albotik sortzen den mendi-bidea hartzen dugu, linea elektrikoari jarraitu eta pistatik urrunduz, ekialderantz.
Barranco de Arrigal sakanetik jaisten den errekaren beste aldera igarotzen gara, zubia medio, eta magala inguratzen duen bidetik jarraitu beharrean, zuzen agertzen zaigun malda igo behar dugu beste aldetik jaitsi eta utzitako bidearekin berriro topo egiteko (bunkerren bidea).
Metro gutxi batzuk egin eta errepidea gurutzatu behar dugu Sextas aparkalekuaren inguruan, hurrengo biribilguneraino errepidearen ondotik egiteko, aparkalekuaren bidetik.
Biribilgunean, bigarren irteera hartzen dugu Formigal herrirantz. Hurrengo errotondan, berriz, zuzen jarraitzen dugu herriko hego-mugan kokatzen den aparkalekurantz.
LEHENENGO HIRUMILAKOAK AURREZ AURRE
Eliza ezker aldean dugula, aparkalekuaren bukaera arte goaz norabideari eutsiz. Aparkalekuaren ondoren dagoen bihurgune batetan, eskuin aldetik adartzen den pista bat hartzen dugu. Pistak, hasieran zeta handi bat marrazten du herritik aldendu eta ekialderantz jarraitzeko.
Bidegurutzean, zuzen jarraitzen dugu eta aurrean Picos del Infierno eta ezker aldean Peña Foratata erreferentzia gisa ditugula, jaisten hasten gara.
Sallent eta Formigal herriak lotzen dituen errepidera iristen gara, hain zuzen ere sigi-saga dabilen eremu bakarrean. Errepidean sartu gabe, eskuin aldetik jarraitzen dugu hurrengo bihurgunera arte.
Oraingoan bai, errepidea gurutzatzen dugu bihurguneen arteko lasterbidea hartuz eta berriro gurutzatzen dugu errepidearen eskuin aldetik doan pistatik jarraitzeko, Bideak errepidea atzean utzi eta zuzen jaisten da Formigal herrirantz HHE norabidean. Bertatik Lanuzako uren gertutasuna nabari dugu.
Minutu gutxitan, Sallent herriko lehenengo eraikinetara iristen gara, eta honekin batera, aurreko errepidera. Beste aldera egiten dugu pistaren azkeneko aldapa jaisteko. Pista kalean bertan bukatzen da. Iparrera bira egin eta kalean behera egiten dugu.
Kaleak ekialderantz bira egiten du eta Calle Francia kalera iristen gara. Botikaren ondotik igaro eta etapa bukatutzat ematen dugu.
CANDANCHÚ-SALLENT 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz dago
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakLa Rinconada aurretik, aterpe libre bat. Sallenten bada lotarako aukerarik
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakBidean zehar errekak daude, baina ez dago uraren bermerik
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude