GR 11 Transpirenaika ibilbidearen 6. etapa: Hiriberri-Otxagabia.
Berrendiko mendilerroaren kareharrian finkatutako basoetatik, Abodiko goialde liruragarrira. Orotariko bide motak zeharkatzen dituen jardunaldia dugu honakoa, mendi-bide, pista, bide eta larreen artean. Egindako bidea agerian geratzen da, atzera begiratu ondoren, lehenengo bimilakoa ondoan dugunean ohartzen garenean… sentsazioa areagotu egiten da, goi mendien atarian izanik, oraindik aurretik dugunaren zati txiki bat urrunean ikusten dugunean. Aparteko zirrara sortarazten duen etapa, zalantza izpirik gabe.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
BERRENDI EZAGUTZEN
Herriaren IEan kokatzen gara, inguruko eraikinen gainetik dagoen harresi biribildua duen etxearen ondoan. Harresia eta bere oinean dagoen aska ezkerraldean dugula, aipatutako etxea inguratzen dugu bidetik gora metro batzuk eginez, bidegurutzera arte.
Pista ezkerretik uzten dugu, iparralderantz igotzen den bide zabala hartuz. Bideak, zuzenean hesi baten ondotik, IE norabidean gorantz egiten du ekialderantz bira eginez, aska baten aurrean kokatu arte. Aska eskuin aldetik igaro eta aurrera jarraitzen dugu norabidea galdu gabe, lurzorutik eroso.
Berrendiren bertikala gainditu ondoren, bideak IE norabiderantz bira bat egin, eta magalaren erdialdean kokatzen gaitu, berriro ekialderantz modu lauan eginez. Malda utzi dugunetik 300 bat metro egin ditugula, iturri baten ondotik igarotzen gara eta beste 250 metroren buruan, bidegurutze batetara iristen gara.
Ezkerretara egiten dugu, maldan gora egiten duen mendi-bidean barrena, IE norabidean, basorantz. Basoan gaudela, bideak IM norabidean diagonal bat egiten du, Berrendi eta Martxate tontorren arteko lepora iristeko, malda ertain batean.
Lepoaren beste aldera gurutzatu bezain laster, kareharriaren eremuan, bidegurutzean eskuin aldera egiten dugu, Martxate mendiaren gandorra bilatu nahian. Izan ere, mapa askok, GR11 bidea gandorra alderik alde zeharkarazten dute, gailurraren ondotik. Bertako aztarnek, ordea, gailurra ingurarazten dute 60mko garaiera galdu eta ohiko bidea berriro aurrerago hartuz, basotik at, ekialderantz.
Basoa atzean dugula, belarretatik jarraitzen dugu Arburuako lepora iritsi arte. Bertan, pista dugu bidelagun.
ABODITIK GERTU
Lepoan gaudela, ekialderantz begiratu eta hurrengo erreferentzia gure aurrean, ezker aldean ikusten dugu. Bata bestearen ondoan dauden gailurra eta muinoa dira, Goñiburu eta Bizkarrandi, alegia. Bigarrenaren ondotik igarotzen da GR11 bidea.
Pistan EIE norabidean metro gutxi batzuk egin eta ur putzu baten ondoan dagoen bidegurutzean, pistatik irteten gara, norabidea aldatu gabe, errei-bidetik jarraituz, aldapan gora EHE norabiderantz. Muinoaren goialdera iritsi eta hesia ataritik igaro ostean, EIE norabidea hartzen dugu berriro, Bizkarrandiko gainaren aurretiko leporantz jaisten garen bitartean, bertako pista hartzeko asmotan.
Pista hartu eta gora egiten dugu berriro ere, gailurra hegoaldetik inguratuz, eta norabidea aldatu gabe, Taplara jaisten gara.
LEHENENGO BIMILAKOAREN ONDOTIK
Errepidea gurutzatu eta Idorrokia mendira igotzen den bidea hartzen dugu, IE norabidean. Hasieran, malda zuzen igotzen dugu, bideak iparralderantz diagonal bat egin arte. Diagonal honek, mendiaren hego mazela zeharkatzen du, gailurraren bertikala igaro arte, aldapa areagotuz. Hurrengo diagonala, norabidea aldarazi eta gailurraren ekialdean uzten gaitu, ia gandorrean.
Goialdera iritsi eta ikuspegia sekulakoa dugu. Gure aurrean, Abodiko mendilerroaren gandor belartsua. Atzealdean, Nafarroako Pirinioetako gailur gorenak… eta gugandik gertuen, ondoko mendilerroan, ezkerraldean, lehenengo bi milakoa: Orhi
Gandorretik kilometro bat bete dugunean, Abodi Gibel gailurra eskuin aldean uzten dugu eta hurrengo lepora jaisten hasten gara EHE norabidean. Minutu gutxitan, Paso de las Alforjas lepora iristen gara.
MUSKILDAKO BIDEAK
Lepora iritsi aurretik, eskuin aldean kokatzen den seinale tantairantz jotzen dugu, lepoaren hegoalderantz. Bertatik, eskuin aldera jarraitu eta Dukea mendiaren magaletik behera hasten dugu jaitsiera, belarditik HE norabidean.
Basoaren goiko mugara iritsi eta ekialderantz inguratzen dugu. Inguratutako basoa eta ekialdeko zuhaiztiaren arteko eremu hutsetik, hegoalderantz zuzenean amiltzen den mendi-bidean behera egiten dugu.
Mendi-bidea pista batera jotzen du zuzenean. Bertan gaudela, ezker alderantz jotzen dugu, IE norabidean jaisten den errei-bidetik. Gutxira, errei-bidea mendi-bide bilakatu eta zuhaiztian sartzen gara. Bideak mendiaren orografiari jarraitzen dio, bizkarren artean hainbat norabide aldaketa eginez, baina beti ekialderako joera mantenduz.
Hegoalderantz bira bat burutu ondoren, Muskildatik datorren mendi-bidearekin egiten dugu topo eta bertatik jarraitzen dugu hegoalderantz. Basotik irten eta Botin borda eskuin aldean dugula, aurrera jarraitzen dugu, hesi baten ondoren pistan sartuz.
Hurrengo zuhaiztira iritsi aurretik, Xubriren bordaren ondotik igarotzen gara. Bidegurutzeari so egin eta pista nagusian jarraitzen dugu, basoan emeki gora eginez, Muskildako bidean.
Errepidearekin topo egin eta beste aldeko mendi bidetik gora jarraitzen dugu. HM norabide aldera bira egin eta ohartu gabe, gailurraren ondotik pasatzen gara.
Tontorra atzean utzi eta jaisten hasten gara errepidea berriro bilatu arte. Beste aldera gurutzatu, eta santutegira iritsi aurretik, eskuin aldera desbideratzen den adarrean murgiltzen gara, eraikuntza mendebaldetik inguratzeko.
Tenplua atzean utzi eta ageriko bidean jarraitzen dugu HM norabidean metroak galtzen bidearen azken zatiko sigi-saga burutu arte. Otxagabiara iristen gara IM norabidetik.
Behin herrian, elizarantz jotzen dugu, iritsi aurretiko ezkerreko kalea hartuz (E). Kaleak IE norabidea hartu eta supermerkatuaren ondotik igarotzen gara, norabidea aldatu gabe, errepide nagusia topatu arte, zubi ondoan. Ezkerretara egiten dugu eta hurrengo zubiraino iparretik goaz, errekaren ondotik. Bigarren zubi hau gurutzatu egiten dugu etapa bukatutzat emateko.
HIRIBERRI-OTXAGABIA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz dago bikaka egiteko gune bereizturik
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakPaso de las Alforjas ondoan aterpea. Otxagabian lo egiteko aukerak
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakHiriberritik minutu gutxira iturri bat
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude