Hecho/Echo eta Aragüés haranen artean kokatua, Bisaurín, ziur asko, inguruko mendien artean nabarmenetarikoa dugu, Pirinioetako mendiak 2000 metrotatik gora egin eta 3000 metrotako garaiera lortu arteko eremu horretan agertzen den lehenengo mendi handia dugulako, salbuespenen bat tartean izanik.
2000 metrotik gora, gutxi gorabehera, landaredia gutxitzen doala antzematen bada, harkaitzen mesedetan, garaiera hauetan harria bera konstante bat izatera pasatzen da, eta mendian hasten den edonor, lur irregular hauen artean arin ibiltzen ikasi beharko du baldin eta igoeran erritmoa moteldu nahi ez badu edota, jaitsierak azkar eta seguru egin nahi baditu.
Ohiko ibilbidean, Lizarako aterpetik abiatu eta Lo Foratón-eko lepotik hego-hego-mendebaldeko hegalean gora eginez, zailtasun teknikorik gabeko ibilbide bat aurkitzen dugu. Teknikoki eskuragarriak diren gailurren barruan, maila handiagoa duten mendietara igaro aurretik, beharrezkoa den ikaskuntza-puntu bat, bai udan zein neguan, eskaintzen duen gaina dugu honakoa.
Hori dela eta, noiz baino noiz, goi mendizale orok, Bisaurín mendigunearekin ezinbesteko hitzordua du, goi mendiko eskolan derrigorrezko geldialdia bailitzan.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
FETÁS-EKO HORMETARANTZ
Lizarako aterpetik abiatzen gara, ipar-ekialderantz gora egiten duen lurrezko pista zabal batetik. Bidea behar bezala hartzeko, aterpearen sarrera nagusiaren parean, ezkerretara egin behar dugu. Hasierako bide hau ondo zapalduta dago, oso agerikoa eta artzainen ibilgailuak bertatik sartzeko zabalera adina dauka.
Ibilbidearen luzera osoan zehar, hemen hartu dezakegunaz gain, ez dugu bestelako itzalik izango, hortaz, uda betean bertara gerturatzeko asmotan bazabiltza, honakoa kontuan izan beharko duzu.
Norabideari eusten diogu Bernera aldera doan bidegurutze batekin topo egin arte. Bidezidorrari jaramonik ez diogu egiten, eta IM norabidean jarraitzen duen pista zabaletik jarraitzen dugu. Metro gutxira, aldapa areagotu eta zeta handi bat egiten dugu pista estutzen den heinean. Pasartea IM norabidean bukatzen da, Fetás gainaren oinarria ixten duen harresiaren azpian kokatzen garenean, hain zuzen ere, Lo Foratón leporantz hedatzen den lautadaren atarian.
Lautada hasi eta metro gutxira, bidearen ezkerraldean dagoen aska itxurako Fuenfría iturria topatzen dugu. Nahiz eta berez, ia ziurtatuta dagoen ur-hornidurarako gune bat den, aterpetik gertu dagoela ikusirik, badaezpada, urontziak beteta eramatea komenigarria da.
IGOERARI HASIERA EMANEZ
Ageriko pistatik aurrera jarraitzen dugu, bideak mendebalderantz egiten duen heinean. Gure ezkerretara dagoen harresi baten ondotik igaro, eta bat-batean, orain arteko lurrezko pista zabala desagertu eta zuzenean belardian sartzen gara, gurpil arrastoa jarraituz.
Fetas gaina babesten duen horma zabala eta Barranco de la Cueva del Oso sakanaren artean zintzilik dagoen erlaitz zabalak osatzen duen laua iragan eta gure azpian kokatzen den sakanaren goialdeko mugara iristen gara ia konturatu gabe.
Lautada hasten den puntu honetan, ibilgailuek utzitako arrastoa ezkerretara egiten du, gure bideak berriz, orain bidezidor bihurtuta, zuzen jarraitzen du.
Bidean aurrera egiten dugu GR mendi-bidearen marra gorri eta zuri bereizgarriekin markatutako bidezidorretik, harrizko bloke bat topatu arte. Bloke hori erreferentzia gisa erabiltzen dugu, Fetás inguruko harresi eta Lo Foratón lepoan bukatzen den mazelek osatzen duten ubidea, haren atzetik zeharkatzeko.
Behin haranaren hondora iritsi eta lepoaren bertikalaren azpian kokatuta gaudenean, benetako igoera hasten da.
Bidearen maldak gora egiten du zeta luze bat marraztuz, Fetás-eko belardi eta bertan kokatzen den izen bereko aterpeari sarbidea ematen dion harri-banda gainditu nahian.
Lehen diagonal handia ekialderantz gainditutakoan, biratu egiten dugu, aterpea begi bistan gure azpitik metro batzuk beherago dugularik, Lo Foratón leporaino iritsi arteko beste diagonal luze bat egin ostean.
BISAURÍN MENDIAREN HHM MAGAL IKARAGARRIA
Datu bitxia dirudi, baina Bisaurín mendiaren igoeran, lepoa aterpearen eta gailurraren artean dagoela esan daiteke, erdi bidean, gainditu beharreko maldari erreparatuz. Igo beharreko metro sorta hori nola aurkezten zaigun bestelako kontu bat da, eta aipatu beharra dago, benetako mamia hemen dagoela.
Behin lepora iritsi garenean, eskuin aldera bira egiten badugu, IE norabideari begira, orduan konturatzen gara zertan datzan gakoa. Begien aurrean, igo beharreko Bisaurín mendiaren hego-hego-mendebaldeko magal erraldoia agertzen zaigu. Aurkezpen gutxi behar ditu honek, 600mko etenik gabeko garaiera duen malda gogor bat da honakoa, 35 eta 50 graduen arteko inklinazioa duen aldapez osatua.
Mendi honek zailtasun teknikorik ez duela adierazi dugun arren, horrek ez du esan nahi gailurrera iristea dohain atera behar zaigunik, are gehiago, indarrak behar bezala zaintzen ez baditugu, gorriak ikusiko ditugu honakoa gainditzeko. Gutxi balitz, gogoan izan ez itzal ezta urez hornitzeko aukerarik ez dagoela.
Guzti hau aintzat hartuta, berriro aurrera egiten dugu lepotik gora doan alanbre-hesiaren ondotik, belarrik gabeko harri-banda batetara iritsi arte. Hemendik aurrera, bideak iparrera egingo du, ertzaren aurretik dagoen bizkarrera eramango gaituen harkaitzen arteko kanal estu bat bilatu nahian.
Malda gogorra den arren, harri eta lurrezko zoruaren egonkortasunak irristatzea gaitzesten du, baldin eta indar gehiegirik ez badugu egiten.
Kanalera iritsi aurretik, harkaitz-mihi bat gainditzen dugu alde batetara egiten duen sigi-sagako bidetik. Maldak berriro gora egiten du zoru ez egonkor batetik, hala ere, ibiltzeko zailtasun handirik ez dugu topatuko kanalera iritsi arte. Bertan topatzen dugu Bisaurín mendiaren aldats pikorik handiena.
BUKAERAKO SARI NAGUSIA
Pasartea igaro eta bideak berriro zabalera hartzen du, ipar norabideari jarraituz sigi-saga eginez. Emeki, zorua berriro egonkortzen hasten da landaredia bueltatzen den heinean, bizkarrera iritsi arte.
Bertatik Hecho/Echo bailara eta bere mendien hain bereizgarria den kolore sorta liluragarria ikus daiteke. Aitzakia ezin hobea geldialditxo bat egin eta arnasa hartzeko.
Atalik gogorrena atzean utzi dugula jakinik, gora egiten dugu apur bat lausotutako harmaila desberdinez osatutako bidean zehar, harri eta lurrezko zoruetatik. Metro gutxiren buruan, mendiaren goialdean nagusi den kareharrian sartzen gara.
Bat-batean ertzean sartzen gara eta gailurretik aldentzen gaituen metro gutxi horiek irribarrea jantzita dugularik egiten ditugu. Guk ez beste, pasarte hau zeharkatzen duen ororen amankomuneko keinua dugu, eta ez da kasualitate hutsa, Biraurín mendiak eskaini dezakeen oparirik preziatuena baita.
BISAURÍN MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakSeinaleztatutako bibak gunerik ez dago.
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakRefugio de Lizara aterpea. Iristeko asfaltatutako errepidea eta aparkalekua, 75 lagunentzako tokia eta taberna (jatetxea)
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakAterpean eta aterpearen inguruan iturri bat dago. Bidean, gertu, Fuenfría iturria.
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude