Errege Bardeak edota soilik Bardeak, Nafarroako HEan kokatzen den erdibasamortu bat da, Aragoiko eremu txiki batetan ere sartzen dena.
Unesco-k 2000. urtean Biosferako Erreserba izendatutako Natura-Parke bat dugu honakoa. Igeltsu, hareharri eta buztinez konposaturiko lurzoruak harrigarri eta bide batez adierazgarri diren hainbat forma hartu ditu, mendeetan zehar urak eta ziertzoak eragindako higaduraren ondorioz. Bertan hainbat muino bakarti (cabezo), goi-lautada, erreka-zulo bihurgunetsu eta lautada zabal aurkitu daitezke.
Oinez, mendiko bizikletarako seinaleztatutako bideetan zehar edota baimendutako lekuetan autoz ere ibili gaitezke alde batera eta bestera.
Bertan aurkezten dugun ibilbideak, parkearen erdian kokatzen den Tiro Poligonoa inguratzen du. Ulertezina da gaur egun, horrelako leku babestu, eder eta berezi baten erdian horrelakorik izatea. Ibilgailuentzako gehienezko abiadura mugatua dago eta nahiko leku dago segurtasunez ibili ahal izateko. Hala ere, desplazamendurako gailu eta modu guztiak kontuan hartu beharko dira denon arteko elkarbizitza bermatzeko.
Oinez soilik bisitatu daitezkeen formazio ezagunen ondotik ibiliko gara. Gainera bide nagusi honetatik beste hainbat seinaleztatutako bide gehiago hartu ahal izango dira, eguna bizikletaren gainean luzatu nahi badugu. Zailtasun teknikoen ezak gomendagarria den bidea bihurtzen du honakoa, Bardeak eta bere basamortuarekin lehendabiziko kontaktua egiteko, bai lagun artean edota familiarekin ere.
Estatu batuetako western pelikulen antzerako paisaiak, Bardea Zuriko ilargiak dituenaren tankerakoak edota “Juego de Tronos” telebistarako serie ospetsuak erabilitako agertokiak ikusgai daude, Poligonoari Buelta (edo itzulia) izendaturiko Mendiko Bizikletarako 3.ibilbide honenetatik gertu.
Zer gehiago behar dugu?
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
ERREPIDETIK HASI
Errege Bardeak duen Informazio Gunetik abiatzen gara, bertan jasotako mapan eman dizkiguten gomendio guztiak apuntatu ondoren. Errepidea hartzen dugu eta IE norabidean gora hasten gara 300 bat metro egin arte. Errepideak E-rantz jotzen du aldapan behera, eta 600mtara Camino de Las Cortinas bidearen sarbidea topatzen dugu ezkerretara.
Errepidea utzi eta ondo zapaldutako pista zabal batean sartzen gara. Bizikletaren gainean ibiltzeko erraza dugu honakoa, nahiz eta hasierako tartean hartxintxar gehiegi egon, batez ere bide bazterretan.
2,5 Km egiten ditugu IIE norabidean eta gure eskuinean kokatzen den Cabaña de Pancho etxola atzean utziz. Aurrez aurre dagoen Castildetierra erreferentzia bezala hartuko dugu bertara iritsi ahal izateko ia Km baten buruan. Minutu gutxitan iristen gara, sarbidea HE-tik eginez, eskuin aldean aparkalekua dugularik.
ULERTEZINAREN BIDEAN
Castildetierraren parean gaudenean, HHE-rantz jotzen dugu, planoan adierazi diguten bezala. Arduradunen esanetan, bidea modu honetan egiteak, trafikoaren segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen du, beraz, jaramon egiten dugu.
Balsa de Las Cortinas putzua inguratu eta HHE norabidea mantentzen dugu, Corral de Los Hermanos etxolak atzean eta gure ezkerraldean utzi arte. Bertatik kilometro erdira, H-ra egiten duen bihurgune baten ondoren Tiro Poligonoaren sarrerako atera iristen gara.
SAKANA TXIKIAK
Poligonora eramaten duen errepidea zeharkatzen dugu bidean jarraitzeko. Pistak Barranco de Los Hermanos sakanaren ondotik igarotzen da, E-ranzko bihurgune baten ondoren. Hurrengo kilometro eta erdia norabidea aldatu gabe egiten dugu. Aireportu Militarra ezkutatzen duen muinoaren ondoan berriro ere HE norabidea hartzen dugu.
Barranco de Los Cambrones eta ondoren datorren Barranco de Zapata sakanak atzean uzten ditugu, eskuin aldean kokatzen den Villa Zapata etxolaraino. Hemendik gertu, bideak berriro ere HHE-rantz egiten du, azkenik Corral de Zapata eskortara iristeko.
NORABIDE ALDAKETAK
Eskortatik kilometro erdira bideak IErantz egiten du eta kilometro batzuk betetzen ditugu norabide berdinean, oinpekoei eragiten. Urrutira, gure eskuin aldean, Nasa Alta eta Nasa Baja muinoak ikusten ditugu.
La Cruceta gunea atzean uzten dugu, gure aurrean eta ezkerretara kokatzen den La Raya ikuskatzen dugun heinean. Eremua igaro ondoren iparrerantz egiten dugu eta orain bai, La Raya eta El Rallón aurrez aurre dauzkagu.
IM norabidean sarbidea duen bihurgunea hasten den puntuan, Plana de La Raya eta Rayón aldera eramaten duen bide nagusia hasten da. Leku hauek oso berezkoak dira eta ezagutzeak merezi du. Esan beharra dago eremu babestua dela, eta hortaz, bizikletak utzi eta oinez egin beharko ditugu bertako bideak.
ILARGIA BAILITZAN
Ibilbidearen atalik ederrenean gaude orain, Bardea Zuriaren muino eta sakana nagusien ondotik igaroko baikara.
Bidegurutzeri uko egin eta bidetik jarraitzen dugu, Sanchicorrotako muinoa erreferentzia bezala hartuz. Bere oinean Corral de Mendigacha eskorta aurkitzen da eta honen ondoren, bideak M-rantz egiten du. Juan Gurria eskorta eta bide ondoan kokatzen den presagainaren ondoan, ibilbidearen norabide nagusia berreskuratzen dugu.
Ibilbideak IM norabidea jarraitzen du, eskuinaldean Rayón goragunearen higatutako hormak agerian izanik. Bertara jotzen duen mendi-bide bat hasten da metro batzuetara. Bidea hartu eta sakanean barneratzeak merezi du, Plana del Rayón eta Paso de Los Ciervos pasarte ezagun eta harrigarrira eramango gaitu eta. Nahi izan ezkero, goi-ordokian zehar, Piskerraraino ibili daiteke, baldin eta ordularia begiratzeko premiarik ez dugun.
Nolanahi ere, bideak pista nagusian barrena jarraitzen du, Piskerraren oina alde batetara utzi eta Corral de la Junta ingurura iritsi arte, norabidea mantenduz.
CASTILDETIERRARA BUELTATUZ
Eskortaren inguruneetan bideak HM norabiderantz bira egiten du, betiere Tiro Poliginoaren muga ezkerretara izanik. Eskuinaldean, Barranco Grande sakanako mendi bidea gero eta gertuago daukagu, militarren gunearen barnean dagoen Barranco de Las Cortinas sakanara gerturatzen garen heinean.
Oinpekoei lasai eragiten diogu helmuga bistan dugularik, Cabezo de Las Cortinas muinoa bere oinaren mendebaldetik inguratzen dugun bitartean, Chimenea de Las Hadas edo ezagunagoa den Castildetierrara iritsi arte.
Bertatik abiatuta, hasieran hona iristeko erabili dugun pista berdina hartuzen dugu errepidera iritsi arte. Errepidean, eskuin aldera egingo dugu hasiera puntua markatzen duen aparkalekura iritsi arte.
BARDEAK NATURA-PARKEKO POLIGONOARI BIRA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakEz daude
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakInguruko herrietan lo egiteko aukerak daude
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakEz daude
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakBardeak Natura-Parkean dagoen tiro-poligonora sartzea debekatuta dago. Balizatutako pistetatik kanpo ibiltzeko, Informazio Gunera jo
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude