Mendizaletasuna gurasoen eskutik txikitatik jaso dugun askok, Ernaz lepoaren ondoan kokatuta dagoen Arlas mendia sekula ahaztuko ez dugun gailurren artean dugu. Igo beharreko desnibelari erreparatuta mendi handia ez den arren, goi-mendien eremuan sartzeak sortzen zuen zirrarak eta gailurrera iritsi aurretiko aldaparen tentetasun mailak, gailur hau begirunez ikustera behartzen gintuen haurtzaroan.
Tontorrari dagokion errespeturik galdu gabe baina heldu baten ikuspuntutik, mendi erraz, labur eta irisgarri baten aurrean gaudela aipatu behar da, aproposa erabat goi-mendietan hastapenak egin eta nola ez, haurrei mendizaletasuna transmititzeko.
Neguan ere, kranpoi eta pioleta erabiltzen hasteko aproposa da oso, Pescamou lepora arte behintzat. Hortik gorako bidea, elurraren baldintzen arabera oso bestelakoa izan daiteke eta aipatutako erreminten erabilera ez bada ezagutzen, labainduz gero sustoren bat jaso ere, betiere, elurraren baldintzen arabera. Baldin eta gutxieneko ezagutzak izanez gero, hastapenetan bada ere, gozamenerako esparru zabala eskaintzen duen mendia dugu Arlas.
Bada Ernaz lepotik zuzenagoa den bide bat, ipar hegala hartzen duena, baina Arlas mendiaren ekialdera dagoen ikuspegia aitzakia nahiko bada hego-magaletik doan bidea ezagutzeko.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
MUGEN ARTEKO BIDEETAN
Ernaz lepoan dagoen San Martin aparkalekuan, 262 mugarriaren ondotik ibilbidea hasten dugu. Ohiko bidea, aparkalekuaren hegoaldean dagoen aterpe librearen atzealdetik badoa ere, muinoa inguratu eta gandorretik doan bidea hautatu dugu gaurko egunean.
Elurra gogortuta topatu dugunez, hasieratik kranpoiak jantzita ibiliko gara. Hegoaldera begira, zuzen eta ezker aldean dugun muinoa inguratu eta ekialderantz goranzko bira bat eginez gandorrean kokatzen gara eta bertatik IE norabidean jarraitzen dugu, lehenengo lepotxoak ekialdera bira arazi eta Arlas aurrean ikusten dugun arte.
Gandorra utzi, eta norabidea aldatu gabe, erliebeari jarraitzen diogu beheranzko aldapa batek ohiko bidera bueltatzen gaituen arte. Bertan, orain arte bezala orografiari jarraitzen diogu, IE norabidean. Bailara txikia ixten duen aldapa eskuin aldetik igo eta ekialderantz jarraitzen dugu.
Bide erdian isolatutako bi zuhaitzen eskuin aldetik igaro eta berehala eskuin aldera bira egiten dugu arrapala zuzen igotzeko, hegoalderantz. Goialdeko muinoa eskuin aldetik inguratzen dugu eta ekialderanzko joera berreskuratzen dugu, orain bai, ageriko bidetik, galtzeko arriskurik gabe, Arlas mendiaren tontorra aurrean dugula.
Arlas mendira gerturatu ahala, aldapa baretu egiten da eta Monbiela mendiaren gainaren eskuin aldetik ia guztiz lau igarotzen gara. Mendi-bidearen punturik gorenean, bidebanatzean, eskuin aldetik jarraitzen dugu Arlas mendiaren hego-mazela zeharkatzeko. Elur karga handiarekin, elauso arriskua dela eta zeharkaldi hau saihesteko, Kontiendatik abiatzea komeni edo bestela, iparreko bidea uztartu.
Itzuli osoa egin eta HE norabidean, Pescamou lepora iristen gara, seinale tantaiaren ondora.
GOI-MENDIETARAKO SARBIDE
Seinale tantaian ezker aldera egin eta muinoa inguratuz, itzuli osoa burutzen dugu, ipar aldera begira jarri eta Arlas aurrean ikusi arte.
Bertan agerikoa da hegoaldeko bidea hautatzearen zergatia. Larra-Belagua gune karstiko harrigarria azaleratzen hasten da, gure begien aurrean oraindik bere osotasunean agertu gabe eta gunerik garaienean, irmo, Auñamendi.
Ipar aldera emeki jarraitzen dugu bidea estutzen doan heinean, azkeneko aldaparen oinean kokatu arte. Malda zeharo gogortu egiten da eta ertza osatzen duen harrien ondotik, elur-korridore estua probestuz, arazorik gabe gailurrera arte igotzen gara.
Gailurretik ikuspegia ederra da, mendebalderantz begiratuta, gertuko Kartxela eta Orhi ingurua ederki ikus daiteke. Hegoaldetik Linza eta Zuriza inguruko mendiak, hego-ekialdera berriz, Larra-Belagua Karst gunea eta nola ez, Auñamendirekin batera, Soumcuy, Countende, Castetné eta Añelarra osatzen duten bi tontorrak, besteak beste. Laino ezean oraindik ere urrutirago begiratu daiteke, gure kostaldetik oso gertuko mendiak ere ikusiz, ikusmena fin zorrozten badugu.
HAUTAZKO JAITSIERA
Jaitsiera iparretik jarraituta egin daiteke, hegalaren aldaparik gogorrena jaitsi arte. Bertan, eski pisten gainetik ezker aldera eginez, IM hegala zeharkatu daiteke beheranzko diagonal bat osatuz, mendi-bizikletan ibiltzeko seinaleztatutako bidetik (elurrez estalia ez bada), Col d’Arlas leporaino.
Lepotik ezker aldera eginez gero, igoeran aipatutako bidebanatzera bueltatuko ginateke, baina bidera jaisten galdutako metroak berriro ez igotzearren, Monbielako gaina atzean utzita, berriro ere hartu daiteke igoerako bidea, ezker aldera sartzen den adarretako bat baliatuz.
ARLAS MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
Pantaila osoa aktibatu ezazu kontrol-panela erabiliz
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
Ikuspuntua aldatzeko, saguaren ezkerreko botoia sakatuta aldeetara edo gora zein behera mugitu ezazu
Hurrengo edo aurreko argazkira joateko nabigazio duala: norabide-gezien edo aurreko eta hurrengo irudi-markatzaile mugikorren bidez
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakSeinaleztatutako bibak gunerik ez dago
ATERPEAK
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakAparkalekuaren hegoaldean, aterpe librea, sei lagunentzako tokiarekin
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakArlas mendiaren hego-mazelan: Kontiendako iturria
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakHego-mazela, baldin eta elur pilatu ugari bada.
Azken arrapala, elur oso gogortua edo izotza bada.
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude