Zalantza izpirik gabe, Anboto gure mendien artean ezagun eta maitatuenetakoa dugu. Urkiolako Natura-Parkean kokatua, sinbolismo, historia eta mitologia anitz duen mendia da. Tontorraren hego-ekialdean Mariren Koba dago, euskal mitologiako kristau aurreko jainkosaren bizileku nagusia, Anbotoko Dama edo Mari bezala ezagutzen duguna.
Arrazolako bailaratik 1000m gorago topatzen dugu gaina, eta bere hormetan 400m-rainoko eskalada bideak aurkitu ditzakegu, ertza, gandor eta ezproiez gain. Mendizale orok desira dezakeen guztia mendi bakar batean bildua.
Bide normalen artean ezagunenetakoa Urkiolako Santutegitik abiatzen dena dugu, lasterka joan gabe pare bat ordutan egin daitekeen ibilbide erraza izanik.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
URKIOLAGIRREKO BIDEAN
Anboto mendiaren igoera santutegiaren atzetik eta ezkerretara dagoen aparkalekuaren ondotik abiatzen da. Bertara iristsi aurretik, aurrez aurre Asuntzaraino doazen bi ibilbide desberdinen abiapuntuak ikus daitezke. Agerikoenak pista itxura hartzen du eta Urkiolagirre inguratzen du hegoalderantz zabaltzen den basoan barrena. Guk proposatutako bidea Urkiolagirreko belarditik zuzen abiatzen da, pista bidearen ezkerretara. Bertara iristeko, aparkalekuaren aurrean dagoen hesia atakatik igarotzen dugu.
Belardiak HE norabidean gora egiten du, etenik gabeko baina ibiltzeko oso erosoa den aldapatik. Norabidea mantenduz, zuhaizti batetara zuzen eramaten gaitu, suebakitik zeharkatzeko. Pinudia igaro ondoren, ageriko bideak nahiz eta Hrantz egin, guk gure norabidea jarraituko dugu, aldapan gora zuzen.
Ezkerretara, Atxarte eta Alluitz ikusten ditugun heinean, gorantz jarraitzen dugu eta ia konturatu gabe Urkiolagirreko gainara iristen gara. Bertan erpin geodesiko, informazio mahai eta mendiko postontzi bat ikusiko ditugu. Hemendik, besteak beste, Gorbeia inguruko eta Anboto mendiaren gandorrarekiko aparteko ikuspegia dugu.
ASUNTZARA JAISTEN
Urkiolagirreko gainatik E norabidea hartzen dugu belardian behera egiteko. Bideak basoaren goiko muga jarraitzen du eta nahiz eta malda handikoa, ibiltzeko erosoa da erabat.
Beti norabidea mantenduz, jaitsieran dagoen atal lau bakarraren ondoren, Asuntzara (Asuntze) eramaten gaituen sigi-sagatik jaisten gara. Alanbre-hesia atakatik igaro eta Urkiolatik datorren pista hartzen dugu.
Nahi izanez gero, pistaren beste aldera gurutzatuz eta errekaren ondotik gora eginez, HE norabidean, Polpol metal-ura duen iturri famatua ikusi dezakegu.
HARRIZKO BASOA
Hartxintxarrezko pistan bailararen bukaera arte jarraitzen dugu, IE norabidea ia maldarik gainditu gabe mantenduz. Bideak HErantz egiten du eta berehala hasten dugu Pagozelaibururanzko igoera.
Aterpearen ondotik igaro eta Zabalandiko bidegurutzeraino iristen gara. Bide nagusiak Hrantz behera egiten du, baina zuzen jarraitzen dugu Pagozelaiburuko lepora doan pistatik.
Lepoan gaudela, Anboto mendirantz doan basoko bidea hartu dezakegu. Bestela, lepora iritsi baino lehen, harrobi zaharraren ondoan, basoan sartzen den pasabidea bilatu dezakegu. Behin basoan, IE norabidea jarraitzen dugu, aztarna zuri-gorriei kasu eginez.
Aldez aurretik esan beharra dago Anboto mendiaren ertzara iristeko hainbat bide daudela, seinaleztatutakoaz gain. Hortaz, lurzoruaren egoeraren arabera bide bat edo beste jarraitu dezakegu, ahalik eta erosoen igo ahal izateko. Harriak erabat leunduta daude, eta bustirik edo umel egonez gero, labaintzea ez da zaila izango.
Horrelakoetan soilguneak bilatu ditzakegu, ea eguzkiak bertako harriak lehortu dituen. Beste aukera bat ageriko bideetatik at ibiltzea da, basoaren goiko muga bilatuz. Hemen biderik ez dagoenez, harriak ez daude leunduta eta horren ondorioz, mendiko botek hobeto eusten dute nahiz eta harkaitza bustita egon. Gogoan izan bidetik at joatean adi ibili beharko dugula, bai orientazioarekin eta baita inguruan daukagunarekin.
Behin basoa gaindituta, Anboto mendiaren ertzera iristen gara.
TALAIA PAREGABEA
Ohituta dagoenarentzat Anboto mendiaren ertzak ez dauka inolako zailtasun mailarik, baina horrek ez du esan nahi bertatik lasai asko igaro daitekeenik. Badira pasarte labur batzuk zeinetan tentuz ibili beharko dugun baldin eta lurzorua bustita badago.
Lehendabiziko pasartzea, Hrantz eroria duen maila desberdin eta alderik aldeko arrakalak dituen plaka batetik doa. Ibilbidea grabatzerako orduan, lurra oraindik bustirik dagoela ikusita, pasartea ertzaren goiko puntutik igarotzea erabaki dugu, mailak diagonalean gora igoz eta harriaren irregulartasunetaz probestuz urrats bakoitza emateko. Jaitsieran arrakala baten barnetik egingo dugu. Badaezpada ere, pasartean eskuak erabiltzea komenigarria da.
Lehenengo plaka gainditu dugunean, balkoi txiki batera iristen gara. Lurrean duen harrizko plakak ebakiranzko malda dauka, beraz, ezkerreko hormari helduta igarotzen gara, beste behin ere eskuak erabilita, batez ere jaitsiera egiteko.
Adi ibili beharreko azken pasarteak ertzean dagoen erlaitz txiki baten forma dauka. Nahi izanez gero, gainetik igarotzea posible da, bukaerako maila jaitsiz, berriro ere bidea hartzeko.
Azkenik Anboto mendiaren gailurrera iristen gara. Inguruan bertako erpinaz gain, Club Deportivo Bilbaok duela ehun urte baino gehiago jarritako mendiko postontzia topatuko dugu, euskal mendietan jarritakoen artean lehendabizikoa alegia.
ANBOTO MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakNatura-Parkearen araudia aztertu
ATERPEA
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakAsuntzeko aterpea. Gaur egun itxita dagoela dirudi
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakSantutegiaren inguruan: Santutxuko iturria, hegoalderantz, ondoko pistan
Asuntzako belardian: Pol-Pol, metal-ura duen iturria
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakErtzaren azken tarteak kareharria oso leuna du, eta ura edo hezetasuna dagoenean oso labainkorra da.
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz dauzka