Irumugarrieta (Hirumugarrieta) bezala ezagutzen dugun mendia, Intzako Dorrea edo Soilarbizkaigaina du bere izena, eta Aralarko mendirik altuena dugu. Bere gailurrean ez dago Erregenea, Gaintza eta Intzaren arteko mugarik, nahiz eta bere izenak aipatzen duen erreferentzia toponimikoa hori bera adierazi. Aipatutako muga metro batzuk beherago eta hegoalderantz kokatzen baita.
Gailurra, Araitz bailararen gainetik 1000mtara dago, eta Malloak deritzogun tontorrek osatzen duten harresi ikusgarria koroatzen du, Albortatik Balerdiraino.
Guardetxetik hasten den ibilbidea, bestetik, modu errazean egin daiteke, familia zein lagunekin egiteko desnibel gutxidun bide aparta dugu honakoa. Zalantza izpirik gabe, Aralarko altxor txiki batzuekin gozatzeko irteera bat da.
INFORMAZIO BALIOGARRIA
ZAILTASUNA ETA ARRISKU MAILA
Método de Información de Excursiones (MIDE)
MIDE metodoa, mendiko ibilbideen zailtasun- eta arrisku-maila baloratzeko metodo bat da, eta Federación de Deportes de Montaña y Escalada-k (FEDME) gomendatutakoa dugu honakoa, beste federazio batzuen artean. Istripuen prebentzioa du helburu, ibilbideen eskakizun tekniko eta fisikoaren irizpideak bateratuz. Horrela, horien sailkapen objektiboagoa lortzen da.
Informazio-koadro bakoitzak bi zutabe ditu: ezkerrekoak ibilbidearen erreferentziazko informazioa du, hala nola ordutegia, desnibelak, distantzia, etab. Bestalde, eskuineko zutabean ibilbidearen zailtasunaren hainbat alderdiri buruzko informazioa agertzen da. Balioespen-eskala 1etik 5era neurtzen da (txikienetik handienera).
Metodo horrek oinarrizko informazioa ematen du ingurune aldakor batean; beraz, kontuan izan behar dugu lurraren baldintzak nabarmen alda daitezkeela. Horregatik, abiatu aurretik ibilbidearen egoera kontsultatzea gomendatzen da beti.
IBILBIDEAREN DIAGRAMA
IBILBIDEAREN TRACK-A AZTERTU EZAZU
- Diagrama track-arekin sinkronizatzen da, desnibelek ibilbidean zehar izan duten bilakaera aztertzeko.
- Aukeratu track-eko edozein puntu mapan, eta diagraman proiektatuta ikusi ahal izango duzu.
- Egin klik erreferentzia-puntuen gainean, horiek ezagutzeko eta kanpoko mapa batean kokatzeko.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
PAGADIAREN BIDETIK
Irumugarrieta mendiaren hasiera Guardetxeko aparkalekuan ematen da, M norabidean doan pista hartuz. Ibiltzeko erosoa dugu, eta sarritan mendizale, korrikalari eta txirrindulariak ikusi daitezke bertatik. Tarteka ibilgailuren bat topatuko dugu, artzain, egurketari eta basozainak esaterako, baimendutako besteren artean. Gainontzeko ibilgailuek sarrera galerazita dute, hortaz, segurtasun osoz joan gaitezke bertatik.
Aralar kareharrizko mendilerro karstikoa da, eta, gainera, gizakiaren bizileku izan da historiaurretik. Honen ondorioz, trikuharri, leize eta koba asko daude inguruan, baita bidearen ondoan ere.
Aubiako Trikuharrien ondotik igarotzen gara, M norabidean eta aparkalekutik gertu, pagadiko bidetik jarraituz. Eskubira egiten duen bihurgune baten ondoren I norabidea hartuta, Beingo Leizea gure eskuinaldean uzten dugu. Ezagutzeko erraza dugu, sarrera inguratzen duen harresi bat baitauka, balizko erorketak saihesteko.
IM norantzan pistatik jarraitzen dugu, Beingo Leizetik 600m-tara kokatzen den Otsotesareko Trikuharria gure ezkerretara utziz. Eulatz mendiaren oina bere HM norabidean inguratzen dugu, IEra doan bihurgunea hartu eta sasiordeka batean sartuz. Berriro ere IM norabidea hartuko dugu ezkerrera egiten duen bihurgune baten ondoren, eta jarraian gure eskuinera dagoen Pago Marira iritsiko gara.
KARSTA GURUTZATZEN
Hartxintxarrezko pista bertan behera uzten dugu, IIE noranbidea jarraitzen duen, Desamalkor eta Pago Mariko leizeen artean kokatzen den mendi-bidea hartuz.
180m ibili ondoren, bide hau utzi eta zuzen doan mendi-bidetik jarraitzen dugu, margo gorridun aztarnei kasu eginez. Tarte honetan, karstaren zati bat agerian geratzen da, horregatik tentuz ibiliko gara oina zuloren batetan sartu, edota abere zein pertsonen iragatearen ondorioz leundutako harriekin ez labaintzeko.
Nahiz eta pasartea seinaleztatua egon eta igaro-puntuak argiak izan, bidea galdu eta beste mendi-bide bat hartzea erraza da. Kontutan izan beharko dugu Intzazelaiko mendebaldera dagoen lautada txikira heltzeko, hartu beharreko norabidea IIM dela.
Lautada txikira ailegatuta, M-ra kokatzen den erlaitz zabal batetik gora egingo dugu, Desaoko etxola gorriaren ondoan dagoen zuhaitz multzo bakartirantz, IM norabidea jarraituz. Txabola gainditu arte, ez dugu Irumugarrieta mendiko tontorra ikusiko.
DESAMENDI INGURATZEN
Desaotik abiatuz, Desamendi Txikiaren bizkarra inguratzen dugu, Desaoko iturriaren ondotik igaroz. Mapetan nahiz eta iturri bat bezala agertu, gogoan izan behar dugu larratzeak izaten direla bertan, hortaz, uraren edangarritasuna bermaturik ez dagoela. Puntu horretatik, argi eta garbi ikus dezakegu zenbat geratzen zaigun Irumugarrieta mendiaren tontorreraino igotzeko.
Desamendirantz jotzen dugu, metro batzuk irabazi eta bere ekialdetik inguratzen duen bidea hartzeko. Bide hau ez da agerikoa, tarteka landarediaren artean desagertzen baita, eta gutxi balitz, ez dauzka bestelako seinalerik. Erreferentzi bezala, iparraldera jo beharko dugu. Behin Desamendi atzean utzita, pixka bat jaitsi beharko dugu Unagako Ubidea gurutzatzeko, IM norabidea jarraituz. Behin ubidea igarota, IEra joko dugu berriro ere metroak berreskuratu eta gure gainetik dagoen GR12 bidea bilatzeko.
Pista IM norabidean topatu eta gurutzatzen dugun bezain laster, Trikuarrira iritsiko gara.
GAILURRERAKO BIDEAN
Trikuarritik abiatuta, orain bai, Irumugarrieta mendiaren gailurreraino jarraituko ditugun aztarna gorriak berriz topatzen ditugu. Hasiera batean nabarmena den IIE norabidea jarraitzen duen bidea, tarteka desagertu eta hamaika adar-bide dituen mendi-bide batetan bihurtzen da.
Norabidea mantentzen dugu, harrietan dauden aztarna gorriak eta tarteka dauden mugarriei jarraituz. Hauek orientazio lanetan oso lagungarriak dira, eremu honen irregulartasun handia kontuan hartzen badugu. Bide nagusia alde batera utziz gero, berriro ere norabide egokia hartzeko arazo handirik ez da izango, baldin eta eguraldiak gure alde egiten duen. Behe-lainoa sartuz gero, egoera oso bestelakoa izan daiteke.
Otseleize ingurura iristen gara, 1310m.tara eta Gipuzkoako jabetzan sartuta jada. Aurrean daukagun zulogunea saihesteko IM norabidea hartzen dugu eta bide batez, Usalde azpiraino igoko gara, ia mendi-bizkarrean. Gorago, Elekomuts gainean (1390m) dagoen ataka bilatu eta alanbre-hesia gurutzatzen dugu.
Behin hesia atakatik igarota, IIE norabidean jarraitzen dugu, Irumugarrieta mendiaren gailurreraino doan azken malda lasaiarekin gozatuz.
IRUMUGARRIETA MENDIAREN IGOERA 360º ETA EB-N
- Norabide-geziak pantailan
- Mapa interaktiboa albo batean
- Ibilbidea ataletan zatikatua, goiko menua erabiliz
BIBAKA
Gaua emateko babestutako guneakNatura-Parkearen araudia aztertu
ATERPEA
Jateko eta lo egiteko gaitutako eraikinakEtxola guztiak pribatuak dira
URA
Edateko urez hornitzeko lekuakEdateko ura ez dago bermatuta. Etxetik ura eramatea gomendatzen da.
ARRETA
Arrisku objektiboengatiko arreta bereziko eremuakEz daude (Soilik lainopean)
SEGURTASUNA
Errailak, ainguraketak eta gainerako segurtasun-elementuakEz daude